Gehiengo handiz, Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernua premiatu du «hala nahi duten presoei zigorrak gizarte eta familia loturak dituzten lekuetatik hurbil betetzeko modua emango dien espetxe politika bat aplika dezan». Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak mozio bat aurkeztu zuten elkarrekin, eta PSNk bat egin du. Inma Jurio sozialistak esan du «ETA existitzen zenean» auzitegiek urruntzea babestu zutela: «Gaur, ETA ez da existitzen, eta ordutik hasi ginen babesten espetxe politika aldatzen hasi behar dela, espetxe legediaren arabera. Hori babesten dugu: legea betetzea».
Mozioko testuaren arabera, espetxeei buruzko lege organikoak ezartzen du kondenatuen deserrotzea eragotzi behar dela, eta gizarteratzea bultzatu. Era berean, mozioak dio «arrazoizkoa» dela pandemiaren testuinguruan arrisku oro saihestea, eta horien artean dauden presoen senide eta senitartekoei kutsatzeko arriskua murriztu behar zaiela egiten dituzten joan-etorri luzeetan. Halaber, uneotan, Iruñeko espetxeak 300 preso inguru ditu, nahiz eta gehienez mila preso hartzeko ahalmena izan. «Gure ustez, beraz, teknikoki Iruñeko kartzelan egon litezke jatorria, ohiko bizilekua edo familia ingurunea Nafarroan duten berrehun preso inguru».
Batetik, Espainiako Gobernuari eskatzen diote presoen hurreratzeari bide eman diezaiola, lege organikoak ezarritako gizarteratze printzipioa eta egungo COVID-19aren testuingurua kontuan hartuta. Bestetik, plan bat prestatzeko ere eskatu diote, jatorria, bizitokia edo ingurunea Nafarroan duten preso guztiak Iruñeko espetxean hartu ahal izateko aukera guztiak aztertuta.
Alderdien argudioak
Gero Bairen esanetan, aintzat hartu behar da presoen senideek egiten duten «esfortzua», espetxeetara joateko ehunka kilometro egiten dituztelako, «euren osasuna arriskuan jarriz». Gainera, haren arabera, Parlamentuan onartutako antzeko ebazpenetan «ETAren presoak hartu dira aintzat», baina hori «modu positiboan» gainditu nahi da, Nafarroarekin erlazioa duen preso orori erreferentzia eginez. EH Bilduren ustez, mozioak planteatutakoa «sinplea bezain garrantzitsua» da, indarrean dagoen espetxe legedia betetzea baita: «Preso dagoen edonoren eskubidea betetzea, zigorrak bizitokitik gertu betetzea». Ahal Dugu-ren hitzetan, berriz, «mozio honetan eskatzen da salbuespenezko egoerak amaitzea eta presoen gizarteratzeko plan bat zehazteko beharra adieraztea». Ezkerrak uste du urruntzea «zigor gehigarria» dela familientzat. Navarra Suma bakarrik gelditu da, kontra eginda. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ere bat egin dute mozioarekin.
Presoak hurreratzearen alde egin du Nafarroako Parlamentuko gehiengoak
Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak aurkeztu dute mozioa, eta PSNk bat egin du. Espainiako Gobernuari bi eskaera egin dizkiote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu