Presoak hurreratzearen alde egin du Nafarroako Parlamentuak

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztu dute mozioa, eta eskaera horrekin bat egin du PSNk; Navarra Sumak, berriz, kontra egin du

Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkide batzuk, gaur. NAFARROAKO PARLAMENTUA
2021eko urtarrilaren 21a
15:48
Entzun

Nafarroako Parlamentuak, gehiengo handiz, Espainiako Gobernua premiatu egin du «hala nahi duten presoei zigorrak gizarte eta familia loturak dituzten lekuetatik hurbil betetzeko modua emango dien espetxe politika bat aplika dezan». Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztu zuten batera mozioa, eta alderdiokin bat egin du PSNk. Inma Juriok aitortu du, «ETA existitzen zenean», urruntzea auzitegiek babestu zutela: «Gaur, jada, ETA ez da existitzen, eta ordutik hasi ginen babesten espetxe politika aldatzen hasi behar zela, espetxe legediaren arabera. Azkenean, hori babesten dugu, legea betetzea».

Mozioko testuak dioenez, espetxeei buruzko lege organikoak ezartzen du kondenatuen deserrotzea eragotzi egin behar dela, eta gizarteratzea bultzatu. Era berean, mozioan «arrazoizkotzat» jotzen da, pandemiaren testuinguruan, arrisku oro saihestu behar dela, eta horien artean daude presoen senide eta senitartekoei kutsatzeko arriskua murriztu behar zaiela egiten dituzten joan-etorri luzeetan. Halaber, uneotan, Iruñeko espetxeak 300 preso inguru ditu, nahiz eta gehienez mila preso hartzeko ahalmena izan. «Gure ustez, beraz, teknikoki Iruñeko espetxean egon litezke jatorria, ohiko bizilekua edo familia ingurunea Nafarroan duten berrehun inguru preso».

Batetik, Espainiako Gobernuari eskatzen diote presoak hurreratzeko modua eman dezala, lege organikoak ezarritako gizarteratze printzipioa eta egungo COVID-19aren testuingurua kontuan hartuz. Bestetik, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio plan bat prestatu dezala, jatorri, bizitoki edo ingurunea Nafarroan duten preso guztiak Iruñeko kartzelan hartu ahal izateko eskaintzen diren aukera guztiak azter ditzan.

Alderdien argudioak

Javi Arakama Geroa Baiko parlamentariaren esanetan, presoen senideek egin behar izaten duten esfortzua aintzat hartu behar da, eta kontuan izan urruneko espetxeetara joateko ehunka kilometro egin behar izaten dutela, «arriskuan jarriz euren osasuna, eta arrisku hori areagotu egiten da pandemiarekin». Arakamaren arabera, parlamentuan onartutako antzeko ebazpenetan «ETAren presoak hartu dira aintzat, baina hori modu positibo batean gainditu nahi da Nafarroarekin erlazioa duten preso orori erreferentzia eginez, edozein delarik espetxera eraman duen zigorraren arrazoia». Halaber, Geroa Baiko parlamentariaren esanetan, biktima orok egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea du, baina «mozio hau beteta ez da eskubide horietako bat bera desagertzen».

 EH Bilduko Bakartxo Ruizen esanetan, mozioak planteatutakoa «sinplea bezain garrantzitsua» da: «Indarrean dagoen espetxe legedia betetzea; preso dagoen edonoren eskubidea betetzea, zigorrak bizitikotik gertuen betetzeko eskubidea». Ruizen arabera, Iruñeko espetxea da tokirik egokiena Nafarroako presoek han bete dezaten zigorra, eta gogora ekarri du kartzela berriak ez duela inoiz gainditu okupazioaren %30. Ruizek gogora ekarri du, presoen eskubideez harago, senideen eta lagunen eskubidea dela. «Azken hilabeteetan urratsak egiten ari dira, aitortu behar da, baina urrats horiek azkartu egin behar dira, ahaztu gabe adineko presoak badirela eta zenbaitek gaixotasun larriak ere badituztela». Norabide horretan urrats gehiago egin behar dira. «Ezarri den espetxe politikak ez du zentzurik, eta orain, are gutxiago».

Ahal Dugu-ko AInhoa Aznarezen hitzetan, kultura demokratikoarentzat oinarrizko kontua da eskaera da hori. «Mozio honetan eskatzen da salbuespenezko egoera amaitzea eta presoen gizarteratzeko plan bat zehazteko beharra adieraztea». Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, urruntzea «zigor gehigarria da familientzat».

Gonbidatuen harmailetan, mozioarekin bat egin duten sindikatuetako ordezkariak egon dira: ELA, LAB, UGT eta CCOO. UGT eta CCOOko zuzendaritzek ohar bana kaleratu dute. UGTren arabera, bat egiten dute mozioak emandako arrazoiekin, bai juridikoki presoen deserrotzea eragozteko, bai osasun eta giza ikuspegi batetik. «Egitasmo honek lagundu du gure gizartean bake eta bizikidetza kultura bat sendotu dadin, etorkziunari aurre egiteko ezinbestekoa baita». 

CCOOk, berriz, presoak hurreratzeko eskatu du salbuespenezko espetxe legedia amai dadin. 

Navarra Suma, bakarrik

Navarra Sumak kontra bozkatu du, eta bakarrik geratu da. Javier Esparza «erabat atsekabetuta» azaldu da PSNrekin: «Guk beti erabateko errespetua izan diegu terrorismoaren biktimei». Esparzaren arabera, ez daude presoak hurreratzearen kontra, betiere legediaren barruan egiten bada. «Espetxe politika ez da negoziatzen: estatuak erabaki behar du une oro bere eskumenen arabera, eta ezin die presio politikoei erantzun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.