Etxahun Galparsoro (Donostia, 1980) historialaria da, eta liburu bat argitaratu zuen haren osaba Marcelino Bilbaok deportazioan pairatutakoen inguruan: Bilbao en Mauthausen. Memorias de supervivencia de un deportado vasco (Bilbao Mauthausenen. Euskal deportatu baten biziraupen oroitzapenak, 2019). Orain, Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundearen idazkaria ere bada.
Hego Euskal Herrian deportazioaren gaia «ahaztuta» egon dela nabarmendu duzue. Zure ustez, zergatik gertatu da hori?
Frankismoa bera da arrazoietako bat: deportatuek ez zuten etxera itzultzerik izan, eta haien bizitza erbestean berregin behar izan zuten hutsetik. Bizirik atera zirenen familiek jakin zuten zer gertatu zitzaien, baina transmisioan eten bat egon zen. Trantsizioak ere pisua izan zuen: trantsizio garaian ez zen komeni trapu zaharrak azaleratzea. Bestalde, frankismoak mito bat saldu nahi izan zuen: hemen Bigarren Mundu Gerrarik ez zela egon, Espainia Europatik aparte egon zela. Historia hori hein handi batean onartu dugu, eta ez gara jabetzen milaka euskal herritar Europan egon zirela. Ez bakarrik deportatuak: borrokan hildakoak daude, fusilatuak, desagertuak eta abar.
Nolakoa zen bizimodua kontzentrazio esparruetan?
Esparruak hango presoak hiltzeko pentsatuta zeuden. Presoek ez zekiten laster hilda egongo ote ziren. Kontzentrazio esparruak aipatzen ditugunean, gas ganberak dira burura etortzen zaigun lehenengo irudia, baina horiek 1942an jarri zituzten martxan, eta lehenengo euskalduna urte eta erdi lehenago sartu zuten esparru batean. Beraz, ez zuten gas ganberarik erabili presoak hiltzeko, ongi diseinatutako programa bat baizik. Hainbat osagai uztartzen zituzten: izugarrizko gosetea, hotzaren kontrako jantzi egokirik eza, lan nekagarriak eta jende pilaketak.
Gai horri dagokionez, ba al dago oraindik argitu gabeko atalik?
Europa mailan eta orokorrean hitz eginda, badakigu funtsezkoena kontzentrazio esparruez, baina xehetasunak falta dira, eta, euskal herritarrei dagokienez, hutsunea nabarmena da. Ni orain gai honi buruzko doktore tesia amaitzen ari naiz, eta datu berriak ematea eta errolda gaurkotzea espero dut.
Ikusi gehiago