Presoak hautagai

Kataluniako politikagintzan berria bada ere, Euskal Herrikoan ohikoa izan da presoak hauteskunde zerrendetan agertzea. Karlos Ioldi eta Anjel Alkalderen kasuek zeresan handia eman zuten.

Anjel Alkalde. Ihesean zebilela, Herri Batasunak Anoetako kiroldegian egindako hauteskunde ekitaldi batean agertu zen, 1991n. BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Abenduaren 21ean hauteskundeak izango dira Katalunian, eta Espainiako Auzitegi Gorenak baldintzapean askatzea erabakitzen ez badu—gaur du bilera horretaz eztabaidatzeko—, orain arte Kataluniako politikagintzan ohikoa izan ez den zerbait gertatuko da: preso politikoak egongo dira hauteskunde zerrendetan.

Ezohikoa Kataluniako politikagintzan, baina ez horrenbeste Euskal Herrikoan: urte askoan, presoak hautagai izan dira ezker abertzaleak aurkeztu dituen hauteskunde zerrendetan. Eta, zenbait kasutan, presoen kolektiboari egindako elkartasun keinua zenak esangura politiko handia hartu du, abaguneak hartaratuta. Hala izan zen 1987an, Herri Batasunak Karlos Ioldi presoa lehendakarigai aurkeztu zuenean, eta hala izan zen 1989an, HBko Josu Muguruza tiroz hil zutenean eta, horren ondorioz, zerrendan hurrengoa zena, Anjel Alkalde presoa, Espainiako Kongresuko diputatu izendatu zutenean.

Galindok atxilotua

Juan Karlos Ioldi (Ataun, Gipuzkoa, 1963) 1985eko ekainaren 21ean atxilotu zuten sarekada handi batean ETAko kidea izatea egotzita. «Gogoan dut bezperan Lazkaomendira joan ginela, hango elkarte batean afaltzera», azaldu du. «Xanpaina edaten eta musean aritu ginen, eta nahiko goiz erretiratu ginen. Etxera [Enrique Rodriguez] Galindo, Dorado Villalobos eta horiek guztiak etorri zitzaizkidan [Lasa eta Zabalaren hilketan parte hartutako guardia zibilak], eta, kasualitatea, Lazkaomendira eraman ninduten». Han eta Intxaurrondoko polizia etxean emandako tratua ez zen samurra izan: «Barrabilak estutu zizkidaten, buruan pistola jarri, plastikozko poltsa jarri buruan,eta ni hortzekin apurtzen saiatzen nintzen, eta abar».

Herrera de la Manchako kartzelan (Espainia) sartu zuten, atxiloaldiaren ostean. Eta han egin zioten Herri Batasunaren zerrendetan joateko proposamena Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Orduan Ioldik bazuen bestelako kezkarik: ihesa prestatzen ari ziren, eta horretarako zulo bat egiten ari ziren moduluan. «Itziar Aizpurua eta Jokin Gorostidi kartzelara etorri ziren, eta Iñaki Astigarraga gure kidearekin hitz egin zuten. Galdetu zioten ea nor izan zitekeen pertsona egokia zerrendetan joateko, eta hark nire izena eman zien. Ez zen lehenengo aldia, lehenago ere Iñaki Pikabea joan zelako [1980an legebiltzarkide hautatu zuten, kartzelan zegoela], baina zerbait sinbolikoa zen, eta, hortaz, ez nion aparteko garrantzirik eman».

Hauteskundeen ostean Alcala Mecoko kartzelara (Espainia) eraman zuten, epaiketa egin behar ziotelako. Han, Iñigo Iruin bere abokatuaren deia jaso zuen: legebiltzarkide izendatu zutela, agiriak jaso behar zituela eta, hori zela-eta, seguru asko epaiketa atzeratu eta Langraizko kartzelara eramango zutela.

Agiriak jaso ostean, Alcala Mecora bidali zuten berriro: «Han,Esteban Nieto zenak esan zidan irratian entzun zuela nik lehendakari izateko hautagai izan behar nuela. Harrituta gelditu nintzen. Handik gutxira, berriro izan nuen Iruinen deia: uste zuten juridikoki arrazoia zutela, ni atxiloaldi prebentiboan egonda eskubide guztien jabe nintzen eta aurrera egitea erabaki zutela. Nire erreakzioa izan zen galdetzea: 'Baina goikoek badakite?'».

Hurrengo egunak «tentsio handikoak» izan zirela gogoratzen du Ioldik: «Herrerara bidali ninduten berriro, eta han bakartuta egon nintzen, sei hilabete iraun zuen borroka batean sartuta geundelako. Sekulako tentsioa zen. Pentsa: 23 orduz ziegan sartuta eta irratiko albistegi guztietan nire izena baino ez zuten aipatzen. Oso urduri nengoen».

Espainiako Estatuko fiskal nagusi Javier Moscosok helegitea jarri zuen Ioldi lehendakarigai aurkezteko erabakiaren kontra, baina Iruñeko Auzitegi Probintzi- alak arrazoia eman zien HBko abokatuei, eta, ondorioz, Langraizko espetxera eraman zuten berriro, legebiltzarrean lehendakaria hautatzeko saioaren bezperetan. «Han, aurrez aurreko bisita izan nuen Iruin, Txomin Ziluaga, Iñaki Ruiz de Pinedo eta beste norbaitekin, hitzaldia prestatzeko. Gau osoa eman nuen hura irakurtzen, ziegan».

1987ko otsailaren 26an izan zen inbestidura saioa —azkenean, EAJren Jose Antonio Ardanza izendatu zuten lehendakari—. Erantzukizun handiko momentua izan zen hura Ioldirentzat, baina eutsi egin zion: «Egia da ni nahiko pertsona urduria naizela, baina unea iristen denean lasaitu egiten naiz. Egoera zailetan erantzun behar denean badakit erantzuten. Laino batean bezala joan zen hura, komunikabide guztiak inguruan, eta abar. Oso egoera berezia. Beste garai bat zen».

Bere hautagaitzaren aurkezpenean irakurritako hitzaldiaren mamia «haustura politikoaren beharra» aldarrikatzea izan zen, Ioldik dioenez. «Guk ez genituen onartzen [Gernikako] estatututik eratorritako instituzioak, besteak beste Nafarroa kanpoan uzten zutelako. Ez genuen logika horretan mugitu nahi. Baina, kritikaz harago, eraikuntza nazionalerako programa bat bagenuela adierazi nahi genuen, arloz arlo landua eta oso mamitsua».

Harrera «txundigarria» egin zioten kideek kartzelara itzuli zenean. Legebiltzarkidea izanik, haren auzia, eta harekin batera epaitu zituzten gainerako kideena, Bilbon izan zen, 1987ko ekainean. 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Espainiako hainbat kartzelatan egon zen 2000. urtean askatu zuten arte. Egun, Harrera elkartean dihardu lanean —abokatu ikasketak egin zituen kartzelan zegoela— espetxetik ateratzen diren preso ohiei babes juridikoa eta lana bilatzeko eta egoera berrira egokitzeko laguntza ematen.

Kartzelan elkarrekin ez

Anjel Alkalde (Portugalete, Bizkaia, 1943) 1988ko abuztuaren 2an atxilotu zuten, ETArekin kolaboratzeaz akusatuta, eta Carabanchel eta Alcalako kartzeletan egon zen Herrerara iritsi aurretik. Ordurako, Ioldi Herreratik Badajozera bidalia zuten, eta, hortaz, ez zuten barruan elkar ezagutzeko aukerarik izan. «Nik, noski, banuen Ioldiren auziaren berri», esan du Alkaldek, «baina ez nuen espero nirekin antzeko zerbait gertatuko zenik. Gauzak horrela suertatu ziren. Ekinbide guztiak bultzatu behar ziren, eta niri egokitu zitzaidan, beraz, aurrera».

Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kide batek egin zion Alkalderi Espainiako Kongresurako zerrendetan joateko proposamena. «Zuek jakingo duzue zer egiten duzuen», erantzun zion Alkaldek. 1989ko urriaren 29an izan ziren hauteskundeak. Alkalde laugarrena zen Bizkaiko zerrendan, eta herrialde horretan HBk bi diputatu lortu zituen, Jon Idigoras eta Josu Muguruza —Tasio Erkizia Muguruza baino aurrerago zegoen zerrendan, baina uko egin zion Muguruzaren mesedetan—; hortaz, Alkalde ez zen hautatua izan.

Azaroaren 20an, baina, diputatu agiriak jasotzeko Madrilen zeudela, pistoladun bik tiro egin zuten jatetxe batean afaltzen ari ziren HBko ordezkarien kontra. Josu Muguruza hilik suertatu zen, eta Iñaki Esnaola larri zauriturik.

Albistea kolpe latza izan zen espetxean zeudenentzat. «Oso gogorra izan zen», azaldu du Alkaldek. «Irratian entzun genuen albistea, eta gauzak ez zeuden argi. Josu hilik zegoela gauza ziurra zela ematen zuen, baina Esnaola bizirik ote zegoen ez genekien. Gainera, garai hura gogorra izan zen Herreran. Presoak suntsitzeko diseinaturiko espetxea zen, guardia zibilak han zeuden, eta ia egunero sartzen ziren modulura: jipoiak, mehatxuak, biluzi beharra... Ikaragarria zen».

Espero gabeko beste ondorio bat ekarri zuen hilketa hark: Alkalde, zerrendan hurrengoa izanik, diputatu bilakatzea. «Irratian etengabe aipatzen zuten nire izena», gogoratu du, «eta ni, jakina, urduri eta apur bat kezkatuta nengoen. Egoera ez zen samurra, Josurekin gertatutakoa ikusita».

Alkalderen kasuak izan zuen desberdintasun garrantzitsu bat Ioldirenarekin alderatuta: Espainiako diputatuak aforatuak direnez, Alkalde aske utzi behar izan zuten, Kongresuak berak hura epaitzeko baimena eman arte. Abenduaren 4an izan zen Espainiako presidentea hautatzekobilkura Kongresuan, eta hara joan ziren Alkalde, Jon Idigoras eta Itziar Aizpurua. Baina, lehenbizi, diputatuek zin egin behar zuten Espainiako konstituzioa errespetatuko zutela. Eta orduan sortu zen iskanbila.

«Guk ohiko formula erabili behar genuen, hau da, legeak behartuta zin egiten genuela, baina [Kongresuko presidente] Felix Ponsek ez zigun utzi, eta kanporatu gintuen. Idigoras saiatu zen zerbait esaten, baina Ponsek 'kanpora, kanpora' jarraitzen zuen eta bilkura bertan behera utzi zuen»

Kalerako bidean zihoala, gobernuko kideentzat gordetako eserlekuen aurrean paratu zen Alkalde, eta haiei so gelditu zen.Gobernuko zenbait kide, Alfonso Guerra esaterako, urduri mugitu ziren euren eserlekuetan, baina Gonzalezek ez zion irribarre egiteari utzi. Zenbait hedabidek argitaratu zuten Alkaldek «iraindu» egin zuela Gonzalez —gaur egun ere hala dakar Wikipediaren gaztelaniazko bertsioan—, baina Alkaldek ukatu egiten du: «Ez nion ezer esan, begira gelditu, besterik ez. Eta Kongresu osoa altxatu, eta denak oihuka hasi ziren, futbol partida batean bezala».

Egun batzuk geroago, Kongresuak Alkalde epaitzeko baimena eman zuen. Baina ordurako erbesterako bidea hartua zuen. 2003an Euskal Herrira itzuli zen arte sasian bizi izan zen Angel Alcalde, eta tarte horretan ere hainbat ekinbidetan parte hartu zuen—Bruselan eta Parisen egindako prentsaurrekoetan, esaterako— eta 1991n HBk Anoetan (Donostia) egindako ekitaldi batean agertu zen.

Hiru hamarkada geroago, badirudi presoak hautagai izan daitezkeela berriro, Katalunian oraingoan. «Garai hartan gertatu zena pentsaezina da orain gertatzea», esan du Ioldik. «Estatuak ere ikasi egiten du. Kataluniaren kasuan, suposatzen dut diru bermeren bat jarriko dietela edo neurriren bat hartu, baina kanpaina kaletik egiten utziko dietela, Estatuari ez zaiolako komeni kontrakoa, batez ere hautatuak izaten badira».

Interes handiz ikusten ditu Ioldik Katalunian gertatzen direnak, baina horretaz badu arrangura bat: «Niri mingarria egiten zait entzutea orain, Kataluniako auzia dela-eta, lehenengo aldiz preso politikoak daudela, Euskal Herrian 300 preso politiko inguru ditugunean. Ezjakintasun politikoa erakusten du horrek. Delituaren jatorria mota batekoa edo bestekoa izan daiteke, baina argi dut sustraia kasu guztietan arazo politikoa dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.