Juanje Soria eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu dira gaur, Espainiako Auzitegi Nazionala presoak gizarteratzeko ibilbideetan jartzen ari den oztopoei buruzko txosten monografiko bat emateko, bereziki fiskaltzan izaten dituzten traben ingurukoa. Bileran, Nafarroako presoen gizarteratze prozesuak blokea ditzaketen oztopoen berri eman dio Foro Sozialak Hualderi. Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean ere eskatu du agerraldia foroak, eta Nafarroako Arartekoarekin bilera bat eskatzea aurreikusi du.
Soriak adierazi duenez, Nafarroan 30 pertsona daude preso motibazio politikoko delituengatik: «Horietako 25 bigarren graduan sailkatuta daude, bi 100.2 artikuluarekin, eta bat hirugarren graduan». Zortzik, gainera, zigorraren hiru laurdenak bete dituzte dagoeneko. Soriaren arabera, «presoak berriz integratzeko ibilbide bat zehazteko auzia, dagozkien gradu eta baimenen bilakaerarekin, espetxe politikaren aldaketan sakontzeko funtsezko gai bihurtu da».
Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko Behatokiko kideak adierazi duenez, espetxe zaintzako Epaitegi Zentralean, Zigor Arloko Salako Lehen Atalean eta Fiskaltzan izan dituzte oztopoak: «Espetxe legeria arruntaren arabera, dagoeneko eska ditzakete eta izan ditzakete baimenak, hirugarren gradurainoko aurrerapenak, baldintzapeko askatasunak eta abar, baina beren ibilbideetan ustekabeko oztopoekin egiten dute topo, bai Tratamendu Batzarretan, bai espetxe arloan erabakigarriak diren Auzitegi Nazionaleko esparruetan».
Txostena osatzen duten autoetan «jarrera inboluzionistak» agertzen direla azaldu du Todak, eta gaineratu du kasu batzuetan «agerikoa» dela «zuzenbidearen aurkakoak diren arau juridikoen interpretazio jakin batzuetan oinarritzen direla».