Josu Ibargutxi. Frankismo garaiko presoa

«Presoak ez, frankismoa amnistiatzeko egin zen legea»

Maria Servini epaileak frankismoa auzipetzeko ikerketa bat hasi du, eta Ibargutxi harekin bildu da, Euskal Herriko errepresioaren berri emateko.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
1968tik 1977ra egon zen preso Josu Ibargutxi (Eibar, Gipuzkoa, 1950). Maria Servini epailearekin bildu da Argentinan, frankismoko krimenak auzipetzeko ikerketa bat zabaldu zuen epailearekin. La Comuna elkarteko bi kide eta Goldatu elkarteko Sabin Arana eta Ibargutxi bera joan dira, frankismoaren kontrako salaketak aurkeztera. «Harrera izugarria» egin dietela, eta pozik da Ibargutxi. Servini epailea ekainean edo irailean etortzekoa da Bilbora, eta ordurako lanean ari dira: «Orain guri dagokigu; guri, eta zigortu, torturatu eta hil zituztenen senideei dagokigu lan egitea, eta beldurrik gabe testigantzak prestatzea».

Nola hartu zaituztete Argentinan?

Harrera izugarria egin digute. Maiatzeko Plazako Amekin egon ginen, eta oso hunkigarria izan zen. Bazirudien gure amak ere bazirela. Gure amek ere, hemen, halakoak pasatu zituzten. Eta beste gauza hunkigarri eta garrantzitsua izan zen, guretzat, ESMAn egotea, Escuela de Mecanica de la Armadan. Diktaduran, Argentinan, izugarrizko tortura eta hilketa lekua izan zen; handik ateratzen ziren gero abioietatik itsasora botatzen zituzten milaka atxilotu eta desagertuak.

Bisitatzeko egokitu dute ESMA?

Memoria leku bat da. Bisita gidatua egin genuen han egondako preso batekin, zorionez akabatu ez zuten batekin. Kontatu zigun nolakoak pasatu zituen; izugarria zen. Guk pasatutakoak, bai, gogorrak izan ziren, baina han desagerrarazi egiten zituzten. Mutil hark kontatu zigun nola egon zen sei hilabetez buruan kapusai batekin, ez zezan jakin non zegoen, nortzuk ziren bere torturatzaileak... Gogorra izan zen bisita, baina beharrezkoa, ikusteko diktadurak zer-nolakoak diren. Hemen, Argentinan, Iraken... torturatzaileak torturatzaile dira; metodoak gorabehera, berdina da.

Maria Servini epailearekin hitz egiteko aukera izan duzue azkenean...

Oso emankorra izan da. Frankismo garaiko historia guztiari eskua sartzeko asmoa ikusi diogu. Madrilera joateko asmoa zuen, baina Sabinek eta biok esan genion Bilbora etorri behar zuela, Euskal Herriak pairatu zuelako tortura eta heriotza gehien.

Zein salaketa aurkeztu dizkiozue?

46 txosten eraman ditugu, gehienak Madrildik. Euskal Herritik eraman genituen German Rodriguezena, Andoni Arrizabalagarena, Burgosko prozesuko kide baten testigantza, eta gureak: Sabinena eta nirea. Imanol Lazpiurrena ere bai, 1961ean Meliton Manzanasek asko torturatu baitzuen. Gaur egun hila da, baina alargunaren testigantza eraman dugu.

Servini epailea Bilbora dator, beraz?

Ziurtatu digu Madrilera eta Bilbora, etorri, badatorrela. Zein da gure lana orain? Kristo guztia animatzea testigantza prestatzeko. Gure asmoa da bilera bat egitea Euskal Herrian memoria historikoaren inguruan lanean ari diren erakunde guztiekin, eta denon artean koordinatzea lan hau. Aranzadiko jendearekin ere egon nahi dugu, pare bat hobi komun epailearen aurrean lurpetik ateratzeko.

Zer testigantza ari zarete biltzen?

Epaileak nahi du 1936tik 1977ra arteko kasuak ematea, baina gure asmoa da ikusaraztea torturatzaileak eta tortura ez zirela desagertu Franco hil zenean. Joxe Arregirena ere eraman nahi dugu, adibidez, nahiz eta 1980koa izan. Uste dugu kasu guztiak eman behar dizkiogula; erabakiko du zeintzuk diren egokienak.

Eta nolako salaketak ari zarete aurkezten?

Gauzarik gogorrenak hor daude: heriotzak, torturak... Baina atxilotutakoak ere bai, nahiz eta kartzelan egon ez; ondasunak kendu zizkietenak... Zerbait esateko duenak, esan dezala. Nahi dugu ilarak egotea epailearen aurrean.

Zer espero liteke auzibidetik? Zer ondorio ekar ditzake?

Guk nahi dugu bi elementu betetzea: frankismoaren inpunitate guztia salatzea, trantsizioa egin zen modua salatzea, batetik. Eta trantsizioako buru nagusietako bat, erregea, Francoren oinordeko zuzena da; hori ere salatu nahi dugu. Bestetik, benetako justizia aldarrikatzea eta Amnistiaren Legea desagerraraztea, zeren lege hori egin baitzen frankismoa amnistiatzeko, ez presoak amnistiatzeko. Egia da gu kartzelatik atera gintuztela, baina ez ziguten amnistia eman; gure txosten guztiak han daude, Barne Ministerioan. Eta gu juzgatu gintuztenak hor daude oraindik, ohore domina handiagoekin.

Espero duzue, beraz, Servinik datu aski bilduko dituela eta epaiketa hasiko duela?

Hori pentsatzen dugu, hasiko dela auzia. Auzitarako, pertsonak behar dira, izen-abizenak, torturatzaileenak eta beste askorenak. Hor daude. Epailea etortzen bada eta kereilarekin jarraitzen badu, pizgarri handia izango da. Gero, ikusiko dugu hemengo ministerioek eta gobernuak nola funtzionatzen duten. Esan diogu arazoak izango dituela hanka Barajasen jarri orduko eta auzitegi gorenak trabak jarriko dituela; baina pentsatzen dugu hautsak harrotzea garrantzitsua dela, ikus dezaten historia ezin dela kontatu orain arte kontatu duten bezala. Badirudi hemen 40 urteko diktadurak ez zuela ezer egin. Zoritxarrez, milaka testigu daude bide bazterretan eta hobi komunetan, baina bagaude batzuk oraindik, nolakoak egin zituzten kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.