Presoak etxeratzeko exijitzea zilegi dela defendatu dute milaka herritarrek Berriozarren, Ernaik deituta

Gaurtik, milaka gazte daude bilduta gazte topagunean, eta adierazpen askatasuna aldarrikatu dute martxa batean. Presoen aldeko saio bat egitekoak ziren, baina UPNk abiarazi eta Auzitegi Nazionalak bideratutako espedienteak «eragotzi» egin die.

Ernaik 'Oztopoen gainetik askatasunera' lelopean deitutako manifestazioa, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Ernaik 'Oztopoen gainetik askatasunera' lelopean deitutako manifestazioa, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Berriozar
2025eko apirilaren 17a
20:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere aldarrikapenak kaleetan barrena ozenduz ekin dio Ernaik Gazteon eskutik independentziara lelopean antolatutako topaguneari, baina ez nahi luketen bezala. Salaketa bat egiteko atera dira protestara; «kriminalizazio saiakera bat» salatzeko, zehazki. Topaketak Preso Politikoen Nazioarteko Egunean hasi dituztela baliaturik, Euskal Herriko eta atzerriko preso politikoei buruzko mahai inguru bat zuten antolatua gaurko, baina, «halabeharrez», bertan behera uztea erabaki zuten joan den astean. Zehazki, Auzitegi Nazionalaren ebazpen batek bultzatu ditu horretara. Eta ez dira ez konforme, ez isilik gelditzeko asmotan. Hori defendatu dute arratsaldean Berriozarko (Nafarroa) kaleetan barrena eginiko martxan.

3.000 lagun inguruk egin dute bat manifestazioarekin. 18:15 paseak zirela hasi dute, Nafarroako Odol Emaileak kalean, eta hau izan dute leloa: Oztopoen gainetik askatasunera. Hain zuzen ere, mezu horixe zabaldu du protestan gehien aditu diren oihu klaseetako batek. Dena dela, beste asko ere izan dira. Esaterako, ez da faltatu independentzia aldarrikatzeko oihurik, ez eta, hain zuzen, euskal presoak etxeratu ditzatela eskatzekorik eta faxismoaren kontrakorik ere. Ibilbidea egin bitartean, dozenaka ikurrin eta Nafarroako bandera haizatu dituzte gazteek; baita Palestinako, Kataluniako eta Galiziako besteren bat ere.

«Gu isiltzen eta debekatzen saiatu diren arren, gure aurkako operazioa martxan jarri duten arren, herri honetako gazteok pauso bat aurrera eman nahi dugu»

AMAIUR EGURROLAErnaiko bozeramailea

Ernaiko bozeramaile Amaiur Egurrolak nabarmendu duenez, batik bat «askatasuna eta adierazpen askatasuna» aldarrikatzeko hartu dituzte gaur Berriozarko kaleak. «Gu isiltzen eta debekatzen saiatu diren arren, gure aurkako operazioa martxan jarri duten arren, herri honetako gazteok pauso bat aurrera eman nahi dugu», argudiatu du eledunak, eta zehaztu arrazoi beragatik ari direla topagunea ere egiten, hain zuzen. Besteak beste, haiek —gazteak— «nazio askapen prozesuaren katebegia» direlakoan.

Zehazki, Askatasunaren bila preso politiko izanak izenburua zeukan solasaldiak ekarri du harrabotsa, eta eskuineko zenbait sektorek huraxe eragotzi nahiak aterarazi ditu protestara. Ernaik aurreratua zuenez, Euskal Herriko preso ohiek ez ezik kartzelan izandako Irlandako eta Kurdistango kide batzuek ere parte hartu behar zuten saio horretan. Eta, Ernairen esanetan, asmoa zen, batetik, hizlarietako bakoitzak bere esperientziari buruz hitz egitea eta besteena aditzea, eta, bestetik, elkarrekin gogoetatzea «presoen auziak gatazkaren konponbidean daukan garrantziaz eta gatazkaren muinaren arrazoi politikoei erreparatu beharraz».

Izatez, «memoria ariketa bat» egin asmo zutela nabarmendu du Egurrolak, eta, ondorioz, salatu du horri oztopoak jarri nahi dizkiotenak «kontakizun bat eta bakarra inposatzen» saiatzen ari direla, «elkarbizitzarako oztopoak jartzen».

Izan ere, solasaldia iragarri bezain pronto, errenkadan sortu ziren haren kontrako erreakzioak. Batik bat UPNk gidatu du kanpaina hori, eta, hizlarien soslaiez eta mintzagaiez harago ere, ekitaldiaren kokalekua izan da gogor kritikatu dituzten elementuetako bat. Mahai ingurua Berriozarko musika eskolan egitekoa zen, eta, gaur egun, zentro horrek Francisco Casanova du izen ofiziala —Espainiako armadako tenienteordea zen, eta ETAk hil zuen, 2000. urtean—. Alderdi horri erreparatu, eta euskal presoen aldeko ekitaldi bat bertan egitea umiliagarria dela argudiatu du UPNk asteotan, «biktima baten omenez izendatutako tokia delako».

Planto egiteko

Asteotan, bide hau egin du UPNren salaketak: Nafarroako Parlamentura eta Berriozarko Udalera eraman zuten kexa, eta, ondotik, Espainiako Auzitegi Nazionalean ere jarri zuten salaketa. Azken horrek bide eman zion salaketari, eta espediente administratibo bat ireki Berriozarko Udalari —2015etik, EH Bildu da agintean herrian—. Gainera, auzitegi horrek hala erabakita, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak solasaldia «zaintzeko» agindua jaso zuten.

Berez, Auzitegi Nazionalak ez du propio agindu solasaldia bertan behera gelditzea. Ordea, baldintza horietan aritzea «onartezina» zela nabarmendu du Egurrolak, eta ekitaldia «segurtasunez» egiten ahalko zelako «inongo bermerik» ez zegoela ere erantsi du. Azaldu duenez, batik bat horregatik erabaki dute solasaldia bertan behera utzi eta planto egitea. Hori bai: askoren harridurarako, Espainiako segurtasun indarretako agenterik apenas izan den protestaren ingurumarietan.

Aparteko tentsiorik ez da izan gazteek Eguzki plazara arteko ibilbidea egin bitartean. Hala eta guztiz, salbuespenik izan da: Berriozarko Gipuzkoa etorbidean zirela, etxe baten barrenetik arrautza bat bota diete manifestazioan zirenei.

Protestaren hondarrera iritsitakoan, jendaurreko hitzaldi bat egin du Egurrolak, manifestazioko aldarrikapenak ozentzeko. Ondotik, Burutik musika taldeko hiru kide oholtzaratu dira, eta Atzoko gai bera kantua interpretatu dute, aski hunkituta. Hain zuzen ere, preso baten eta senide baten arteko harremanaz mintzo da abestia, eta, hura bukatutakoan, zenbait lagunek gezi itxurako bi xafla eraman dituzte eszenatokiaren aurrera. Hala, grafikoki ere ozendu dute euskal presoak etxeratzeko eskea.

igandera arteko egitaraua

Gaurtik hasita, lau eguneko egitarau zabala prestatu du Ernai gazte antolakundeak. Nabarmendu dutenez, topaguneak aukera emango du «gazteak saretu, elkartu, galderei erantzunak bilatu eta aisialdi eskaintza askotarikoaz gozatzeko». Larunbat iluntzean eginen dute ekitaldi politiko nagusia, Bat eginez independentziara! lelopean, baina, aurrez, eta kontzertuez gainera, askotariko tailer eta solasaldiak izanen dira Berriozarren. Hitzaldietan, gai hauek landuko dituzte, besteak beste: euskal selekzioaren auzia, euskarak pantailetan daukan presentzia, eta oldarraldi erreakzionarioa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.