«Bidea egin egiten da; urratsez urrats, ibilian-ibilian». Hala uste du euskal presoen eskubideen aldeko Sare mugimenduak, eta horixe irudikatzeko manifestazioa egin dute gaur Gasteizen, «euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea» galdegiteko.
Manifestazioaren akaberan irakurritako oharrean nabarmendu dutenez, «etapa berri bati» eman diote hasiera: «Urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari». Euskal presoak Euskal Herriratzeko eta gradu progresioak ahalbidetzeko eskatu dute hurrengo urrats gisa, ohartarazita legez behar duela horrela: «Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari».
Eskerrak eman dizkiete mobilizatutako herritarrei: «Ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari esker, antolatu garen herri eta auzo bakoitzean sortutako dinamikei esker, aldaketaren motorra garela erakusten ari gara; elkarbizitzan aurrera egin eta bakea ipar duen motorra».