Presoak eta gaixoaldiak bildu ditu Garrok 'Tipularen sehaska kanta'-n

Lander Garrok zuzendutako dokumentala bihar estreinatuko da, Donostian, Antzoki Zaharrean

Dokumentalean behin eta berriz agertzen den irudia: tipula platerkada bat mahai baten gainean. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun

Presondegia eta gaixotasuna landu ditu euskal presoen eskubideen aldeko Sare herritar plataformak ekoitzi duen Tipularen sehaska kanta dokumentalak. Lander Garrok zuzendu du, eta bihar estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Ekitaldi berezia eginen dute, Euskal Herriko kultura eta politika arloko pertsona ezagunen parte hartzearekin. Ondoren, dokumentala Euskal Herrian barrena aurkeztu nahi dute.

Gaixo diren euskal presoen egoeratik abiatu bada ere, kartzela bera da dokumentalean auzitan jartzen dena, Garroren hitzetan. «Kartzela oso instrumentu elastikoa da, teorian gauza baterako erabiltzen dena, baina praktikan askoz ere erabilpen ankerragoa izaten du ia beti; ez euskal presoen kasuan bakarrik», esplikatu du. «Konkretuki, preso gaixoen gaia jorratzea oso interesgarria da, etengabe hor dagoen auzi bat delako. Kartzelan gaixotu egiten da beti, eta kartzelan gaixotuko da beti. Dokumentalak ongi kontatzen duen bezala, kartzelak berez dakar gaixotasuna».

[YouTube]https://youtu.be/3nERKm_sqdg[/YouTube]

Orain dela bi urte eta erdi hasi ziren dokumentalaren proiektuarekin, eta ordutik ari dira gaia lantzen. Sare plataformarekin adostu dituzte hizlariak-eta, eta Garroren esku gelditu da ikuspegi artistikoa. Elkarlan horrekin «oso gustura» aritu dela erran du: «Eskertzekoa da herri mugimendu batetik halako proposamenak heltzea. Sekulako lana egin du Sarek».

Irakurketa artistiko horren garrantzia azpimarratu du Garrok. «Presoen gaia gai politikoa da, mila modu ezberdinetan jorratu daitekeena. Eta zuk erabaki behar duzu nondik eta nola eginen duzun ekarpena. Zer da zuk ekarriko duzuna, esan ez dena, erakutsi ez den hori», adierazi du. «Niretzat, hasieratik erronka zailena hori izan da: ikuspegi, angelu ezberdin bat ematea, jendea zinema aretotik irtetean ez zedin irten dagoeneko kontatu zioten edo ikusia zeukan gauza bat ikusi izanaren sentsazioarekin. Historiak egin dezan lantxo bat emozioetan ere. Diskurtso politikoa oso diskurtso ahitua da, karga politiko handiz kutsatua; saiatu gara historia lokatz horretatik ateratzen, eta ikuspegi poetikoagoa eta samurragoa eskaintzen».

Ez baita Euskal Herrian kartzelaren eta presoen inguruan egiten den lehenengo lana, eta kartzela bera «paradoxikoa» baita, Garroren hitzetan: «Hor dago, eta ikusi dezakezu; joan zaitezke, eta pausatu dezakezu eskua murruan, eta sentitu zer den kartzela bat. Baina kanpotik erakusten duenak eta barrenetik denak ez daukate zerikusirik. Izugarri zaila da ulertaraztea edo sentiaraztea zer den barrenetik. Nik, zoritxarrez, ezagutzen dut, eta banuen obsesio puntu hori. Nola ulertarazi zer den itxitasuna, zer den gatibu egotea».

Kartzelaren eta gaixotasunaren errealitatea ezagutu duten pertsona bat baino gehiagoren lekukotzetan oinarritua da dokumentala. Bertan agertzen dira, besteak beste, Ainara Fresneda Etxebarri Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren bikotekidea, Peru del Hoyo Sanchez Kepa del Hoyo zenaren semea, Nahia Aia medikua, Onintza Ostolaza abokatua eta Kepa Etxebarria Sagarzazu euskal preso ohia. Etxebarrik zuzendari laguntzaile lanak ere egin ditu Garroren alboan.

Horrez gain, Gastibeltzak lan administratiboan lagundu du; Kanaldudek laguntza teknikoa eman du, eta BERRIA egunkaria ere babesle da. EiTBren eta Eusko Jaurlaritzaren ateak ere jo zituzten dokumentala diruz laguntzeko, baina ezezkoa eman zieten: «Politikoa tartean sartzen denean, irizpidea ez da artistikoa».

Miguel Hernandezen poema

Miguel Hernandezen olerki bat da dokumentalaren abiapuntua: Tipularen sehaska kanta. 36ko gerra bukatu zenean frankistek preso hartu, eta errepublikazalea izateagatik kondenatu zuten. Alacanteko (Herrialde Katalanak) kartzelan hil zen, 1943an, bronkitisak, tifusak eta tuberkulosiak jota.

«Miguel Hernandez kartzelan zegoela, haren emazteak gutun bat bidali zion. Kexu zen berak eta semeak tipulak eta ogia bakarrik zeuzkatelako», kontatu du Garrok. «Eta Hernandezek, poeta presoaren ezintasunetik, poema bat idatzi zuen: Tipularen sehaska kanta. Dokumentalean modu errekurrente batean agertzen da kontatzen ari garen guziaren erakusgarri gisa. Horrek balio digu baita ere denboraren metafora bat egiteko. Tipulak mahaian daude, usteltzen doaz... artefaktu narratibo sinbolikoa da, eta elementu hauek guziak daude».

Hernandezen kasuaren eta euskal presoen egoeraren arteko analogia bat ere egin nahi izan du dokumentalaren zuzendariak. «Miguel Hernandez figura literario bat da Espainiako poesiaren barruan: eskoletako testuliburuetan ikasten da. Haren heriotza saihestu beharreko tragedia bat bezala ikusten da gaur egun», azaldu du. «Beharbada, garai hartako politikariek erraten zuten hura hiltzea ondo eginda zegoela; ez zelako poeta bat, etsai bat baizik. Etsai gisa, heriotza merezi zuen».

Gaur egun gisa bereko diskurtsoa darabiltenak jarri ditu jomugan Garrok: «Distantziak eta denborak perspektiba ematen dute ulertzeko mendeku gupidagabe eta zentzugabea izan zela. Beraz, halako analogia bat egiten da, norbaiti bururatzen bazaio bidezkoa dela gaur egun presoei gaixotasuna sufriaraztea, eta horren ondorioz etor daitekeen heriotza, oso gaiztoak direlako, eta terroristak direlako, eta abar. Beharbada, denboraren perspektiban jarriko bagina, konturatuko lirateke ez daukala zentzurik, eta asko damutuko lirateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.