Manifestazioa 17:00etan hasi da Bilboko Casilla plazatik, Presoak kalera. Bada garaia lelopean, eta bildu diren milaka herritarrek bete egin dute Autonomia kalea.
"Euskal presoak etxera" oihu artean egin dute Bilboko Udaletxerainoko bidea manifestariek.
Kalera Kalera-k Espainiaren espetxe politikaren salbuespenezko neurriak indargabetzeko eskatu du. Onartezintzat jo du euskal presoen urruntzeari eustea, gaixotasun larriak dituzten presoek espetxean jarraitzea eta lehen gradua ezartzen segitzea.
Horrez gain, EPPk-k, legediaren ohiko bideak erabiliz, haien espetxe onurak lortzeko hartu duen erabakia kontuan har dadila galdegin dute. Alkortak eta Lopezek nabarmendu dute EPPK-ko presoen %90ek egin dutela bat erabaki horrekin. "Bakerako eta elkarbizitzarako kolektiboan egindako ekarpena aintzat har dadila eskatzen dugu, eta abian jar daitezela bide hori egin ahal izateko neurriak. Bide horrek eragozpen nagusi bat du: lehen gradua".
Kalera Kalera-ko bozeramaile Urtza Alkortak eta Antton Lopezek euskal presoen izaera politikoa nabarmendu dute. "Politikoak dira presoak, gatazka politikoa delako". Alde horretatik, beharrezkotzat jo dute gatazka bera eragin duten arrazoiei erreparatzea. "Bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egiteak eskatzen du egikarien eta horiek eragin zituzten arrazoien errekonozimendua. Alde bakoitzak bere erantzukizunak har ditzala".
Zenbait sektoretatik gatazkaren gainean ezarri nahi den kontakizuna "errealitatetik urrun" dagoela ziurtatu du Alkortak. Gertatutakoaren "ardura osoa" ezker abertzaleari egotzi nahi diotela salatu du.
Gatazkaren ondorioz, oraindik ere "sufritzen" ari den talde bat dela adierazi dute bozeramaileek: euskal preso, deportatu eta errefuxiatuak. "Sufrimendu hori amaitzea nahi dugu eta bakearen eta berradiskidetzearen bidea egiten hastea".
Alkortak ohartarazi du Espainiako Gobernua presoen auziaren konponbidea trabatzen saiatuko dela. Egoera hori "herri gisa" gaiditu beharko da, haren esanetan.
Presoen auziari irtenbidea emateko manifestazioa abagune berezian egin da; herenegun, ETAk eragindako "samin handia" onartu eta "zinez sentitzen" duela aitortu baitzuen.