Preso gutxiago, behar handiagoa

Azkeneko 30 urteetan ez da hain euskal preso gutxi egon; ekaineko datuen arabera, 430 lagun daude kartzelan. Harrera elkarteari lana pilatzen ari zaio; baliabide gehiago behar ditu.

Harrera elkarteko kideak, joan den maiatzaren 23an, Oñatin, urteko batzar orokorrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Duela zazpi urteko azaroan jo zen goia: 762 euskal preso zeuden. Bake prozesua hautsi zen aurreko urtean, eta Espainiako Estatuak ezker abertzaleko eragile politikoen kontrako sarekadekin segitu zuen. 2006an, kasurako, ETAren su-eten garaian, 610 preso zeuden. Etxerat elkarteak BERRIAri emandako datuen arabera, berriz, aurtengo ekainean EPPK-ko 430 kide zeuden kartzelan —Langraiz bideko beste hamarren bat ere badira preso—, eta beste bost lagun etxean daude zigorra betetzen. Harrera elkarte asistentzialak, ondorioz, gero eta lan gehiago dauka; «gero eta behar handiagoa, beraz», diote arduradunek. 1985etik ezzeuden hain euskal preso gutxi; 369 zeuden orduan. Beste datu bat ematearren: 1999an, Lizarra-Garazi akordioaren aroan, 453.

2012ko ekainean sortu zuten Harrera, ETAk jarduera armatua betiko bukatu zuela iragarri eta zortzi hilabetera. «Helburu argi eta zehatz batekin» eratu zuten elkartea: «Euskal gizon eta emakumeei espetxetik edo erbestetik itzultzean ahalik eta laguntzarik handiena ematea gizartean egokitzeko eta haien bizitza berria duintasunez eraikitzeko». ETAk utzi zuenean, 703 preso zeuden; 2012an, Harreraren sorrera urtean, 607, orain baino 170 gehiago.

170 haien artean dira, esate batera, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina baliogabetu ostean libre ateratako 60 bat lagunak. Oso gogoan ditu haiek Harrerak, «gazteenak 52 urte baititu. 60 urteren bueltan dabiltza gehienak, eta ia inork ez du kotizatu». Erretiroaren adinera heltzear dira, eta «irtenbide bat behar dute», elkarteak kazeta honi azpimarratu dionez. «Gure kalkuluen arabera, hilero 400-500 euroko sarrerak izango dituzte orduan, baina duin bizitzeko beste 350en bat euro beharko lituzkete, eta lanean ari gara 350 euro horiek guk geuk jartzeko».

Egun 36 laguni hilero 500 euro ematen dizkie —urtean 200.000 euro pasa dira—. Diru sarrerarik ez duten lagunak dira denak, eta, gutxienez, Harrerak urtebetean bermatzen die laguntza. Gainera, beste 86 laguni lan finko bat topatu die. «Gure 500 euroko laguntza jasotzen duen bati lana aurkitzen badiogu, baina lan hori hartzeko moduan egonda ez badu nahi, laguntza kentzen diogu».

Preso eta erbesteratu ohien egoera aztertzen dute: zenbat urte dituen, zenbat urtean izan den kartzelan edo sasian, familiak zer diru iturri dituen, oinarrizko zer behar dauzkan —gaixotasunagatik edo bestelakoengatik-, etxe propiorik baduen, bikotekidea eta seme-alabak badituen... Galdetegi bat pasatzen diete, eta erantzunak batu ostean erabakitzen dute nork duen beharrik handiena laguntzetarako. «Batzuek erantzuten digute egongo dela jendea eurek baino premia handiagoa duena. Esaten dieguzeozergatik jo dugula beraiengana, eta onartzeko laguntza».

Bazkidetza

Hiru lagun dabiltza Harreran lanean: Jon Ugarte (koordinatzailea), Fernando Etxegarai (alor juridiko-administratiboa) eta Karlos Ioldi (lana eta harreman politikoak). Preso eta erbesteratu ohiei formakuntzan, osasun arloan, etxea topatzen, diru laguntza eskaerak kudeatzen edota gida baimena ateratzen ere laguntzen diete. Urtean 300.000 euroko aurrekontua du elkarteak, eta kasik erdia bazkideen bidez lortzen dute: 2.400 bazkide dauzkate, eta urtean 60 euro dira (harreraelkartea.wordpress.com). Bestelako ekarpen pribatuak eta udal batzuen laguntzak ere badituzte. Udal gobernu batzuetan aldaketak izan arren —Bildutik EAJra, adibidez—, Harrerarekiko ez da aldaketarik izan, eta hori «pozgarritzat» dute. Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza sailarekin badituzte harremanak, eta laguntzak jasoko dituzten itxaropena dute.

Azken batean, kartzelan eta erbestean egon direnei «gizarteratzen» laguntzea da Harreraren egitekoa. «Presoen kasuan, gure lana haiek kartzela uzten duten unetik hasten da, ez lehenago. Gu ez gara sartzen esparru politikoan, asistentziazkoan baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.