Oihana Goiriena Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekideak lehenengo aldiz ikusi ahal izan du bere bikotekidea otsailaren 28an Przemyslen (Polonia) atxilotu zutenetik. Goirienak berak eman du bisitaren berri, ohar bidez. Azaldu duenez, bi orduko bisita izan da, Randomeko espetxe agintaritzak baimendua, eta Gonzalo Boye abokatuarekin batera egin du. Une oro bertan izan da Poloniako zerbitzu sekretuetako kide bat. Goirienak jakinarazi du bi arrazoirengatik ez zutela aurrez iragarri bisita egingo zutela: egoera «intimo» batean egiteko, batetik, eta bisita ez egitea eragin zezakeen egoerarik ez sortzeko, bestetik.
«Pablo fisikoki eta animo aldetik ondo dago. Asko animatu du bisitak, intimitate falta izan arren. Hilabete hauetan guztietan bere haurrei eta senideei gertatutako guztiaren berri eman ahal izan diot, bai Espainiakoei eta baita Errusiakoei ere —ez baita ahaztu behar haren egungo egoera eragin duena, hein handi batean, nazionalitate bikoitza izatea eta haren ofizioa direla—», azaldu du Goirienak.
Kazetariaren alde jasotako babesak helarazi dizkio Goirienak, oharrean dioenez, baita Free Pablo plataforma osatzen duten pertsonek egindako «ahaleginen» berri eman ere. «Espresuki eskatu dit eskerrak emateko bere egoerarengatik kezkatuta dauden guztiei, eta jakin ezazue horrek energiaz betetzen duela borroka honetan irmo jarraitzeko, zeina ez baita ez motza ez erraza izango. Hala ere, denok batera egingo dugu borroka, askatzea lortu arte, etxera itzuli eta bere bizitzarekin jarraitzeko aukera izan dezan», azpimarratu du.
Behin bisita amaituta, Gonzalezen abokatuekin elkartu da Goiriena. Zehaztu duenez, haiek ahalbidetu dute bisita, eta esan du espero duela luze gabe beste bat egin ahal izatea. Halaber, Espainiak Polonian duen kontsularekin ere elkartu direla azaldu du: «Bisitaren, hortik sortutako berritasunen eta Pabloren defentsan izandako aldaketen berri eman diogu».
Atxilotu zutenetik, zortzi hilabetez inkomunikatuta eduki dute Gonzalez. Errusiak Ukrainari egindako erasoak sortutako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela atxilotu zuten. Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea leporatzen diote, eta hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete horregatik.