Preso bat hilik topatu dute Zaballako espetxean

Salhaketak zabaldu duenez, bere ziegan urkatuta aurkitu dute 47 urteko gizonezkoa.

(ID_12716319) ESPETXEA
Zaballako espetxearen artxiboko irudi bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Arantxa Elizegi Egilegor - Ion Orzaiz Galarza
2023ko azaroaren 27a
07:30
Entzun

Joan den larunbat iluntzean aurkitu zuten 47 urteko presoa urkatuta, Zaballako bere ziegan. Salhaketa elkarteak jakinarazi duenez, gizonak hainbat egun zeramatzan gaizki, eta bere buruaz beste egin zuen azkenean. Julen Guaresti elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, iragan ostegunean aplikatu zioten suizidioen aurkako protokoloa, «eta proba gainditu zuen, antza», baina hurrengo egunetan okerrera egin zuen. «Badakigu presoa ziegan bakarrik zegoela bere buruaz beste egin zuenean». Hori dela eta, elkarteak jakin nahi izan du ea presoa bakartuta ote zegoen, baina espetxeko arduradunek ez dute argitu: «Opakutasun izugarria dago, eta oso zaila da informazioa jasotzea; ez digute ia ezer esan», esan du Guarestik. Salhaketako kideek batzarra eginen dute gaur auzia aztertzeko, baina Guarestik iragarri du protestara deituko dutela datozen egunetan.

Hildako presoari aplikatutako protokoloa berria zela gaineratu du Salhaketako kideak: «Otsailean preso bat hil zen Martuteneko espetxean, eta beste bat Zaballan, eta orduan erabaki zuten suizidioen aurkako protokoloa berritzea». Protokoloa «Katalunian indarrean denaren kopia» dela uste du Guarestik, eta aplikazio esparrua zabaltzea galdegin du: «Kartzelan, buru osasuneko gaitzak dituzte presoen %65ek; hortaz, protokoloa aplikatu beharko litzaieke denei, badaezpadako neurri gisa, eta ez soilik muturreko kasuetan».

Bakartze egoerak, gainera, presoen buru osasunean «eragin oso kaltegarria» duela nabarmendu du. «Euskal Herriko kartzeletan erregistratutako azken bi suizidio kasuetan, presoak bakartuta zeuden, eta ez dakigu honako hau ere hala ote zen. Buruko gaitz bati gehitzen badiozu kartzelan bakartuta egon beharra, ia ezinezkoa da egoerari buelta ematea». Halakoetan suizidioak prebenitzea «oso-oso zaila» dela azaldu du Guarestik: «Presoak itxura ona izan dezake, eta handik bi egunera bere buruaz beste egin». Horregatik uste du arreta «jarraitua» behar dutela presoek. «Kartzelan direnak ez dira bizi ohiko baldintzetan, eta hori aintzat hartu beharrekoa da, protokoloak era orokorrean aplikatzen hasteko».

Arreta falta horren adibidetzat jo du kartzela barruko botika trafikoa: «Botikak banatzeko garaian, legez, osasun langile batek ziurtatu behar du preso bakoitzak dagokion dosia hartzen duela, eta momentu horretan bertan hartzen duela. Tamalez, ez dakigu hori betetzen den ala ez, baina susmoa dugu ezetz, pilulen merkatu beltz bat baitago espetxeetan».

Espetxe eredua, «betikoa»

Elkarteak salatu duenez, espetxeetako eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zenetik bi urte pasatu diren honetan, espetxe ereduak «huts egiten» du oraindik ere: «Espetxeek buruko gaitzak jasateko baldintzak sortu eta areagotzen dituzte. Kartzela eta gizarteratzea elkarren aurkako kontzeptuak dira, eta presoak, biktimario izateari utzi, eta biktima bihurtzen dira». Hori dela eta, protokoloak eguneratzeaz eta baliabide gehiago jartzeaz harago, «eredu osoari buelta ematera» premiatu dute Jaurlaritza: «Eskumena erakunde batetik bestera igaro izanak ez du deus aldatu, eredua berbera delako kasu batean zein bestean. Jaurlaritzak ez du eskumenik Espainiako Estatuaren espetxe araudia aldatzeko, eta, hori errotik aldatzen ez den bitartean, arazoak ez du benetako konponbiderik izango».

Espetxe eredu propio bat garatzeko bidea «mantsoegi» urratzea egotzi dio Guarestik Jaurlaritzari. «Espetxe politiketan Jaurlaritzaren aholkulari den Jaime Tapiak behin esan zuen kostako dela euskal espetxe eredu bat ezartzea, eta argi dago baietz, oso mantso doala kontua. Dena den, niretzat kezkagarria da ez dakigula Jaurlaritzak ongi aztertu duen zein eredurantz jo nahi duen edo bide horretan urratsik egin duen». Konparaziorako, esan du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak «ikerketa oso ona» ondu zuela espetxe eredu propio baten inguruan, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, baina duela 46 urte izan zela hori: «Carlos Garaikoetxea lehendakari zen garaikoa da lan hura, eta, ordutik, ez dute ezer berririk egin. Ziurrenik, Justizia Sailean txostena izango dute oraindik».

Hori dela eta, «lanean hasteko» eskatu dio administrazioari. Oro har, «gogoeta eta eztabaida» falta direla uste du Salhaketako ordezkariak: «Espetxe ereduari buruz hitz egin behar da luze eta zabal. Justizia Sailak batzar bat antolatu beharko luke sektoreko elkarte eta eragile sozialekin, eta lehentasunak adostu. Kontua ez da espetxe handiagoak eta modernoagoak eraikitzea edo azpiegiturak berritzea. Presoak gizarteratzea bada helburua, azpimarra jarri beharko genuke pertsonen eskubideetan eta ongizatean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.