Behin-behinean preso zegoen gizon bat hilik topatu dute bere ziegan, Basauriko espetxean (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak eman zuen gertatutakoaren berri, atzo, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian: azaldu zuenez, iragan ostiralean sartu zuten kartzelan. Herenegun, 19:30ean, gainerako presoekin afaldu zuen, baina, ordu erdi geroago, funtzionarioak ziegara botikak ematera joan zitzaizkionean, hilik topatu zuten.
Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako Sailak ohar bidez jakinarazi zuen presoak bere buruaz beste egin zuela. Medikuek suizidio arriskua neurtzeko proba egin ziotela ere azaldu zuen, baina presoak negatibo eman zuela. Horregatik, ez zioten tratamendu bereziturik eman, eta presondegiko ohiko ordutegiak bete zituen.
Eusko Jaurlaritzak iazko urrian espetxeen eskumena bere gain hartu zuenetik kartzelan hil den aurreneko presoa da, eta, horren ondorioz, antzeko gertakariak izan direnetan baino azkarrago jakin zuten gainerako talde parlamentarioek gertatutakoaren berri. Zupiriak azaldu zuen ikerketa bat abiatu dutela, zer gertatu den argitzeko: «Hori ikusita, protokoloa aktibatu zen, eta lehen pausoa da Guardiako Epaitegiari abisua ematea, epaileak eta auzitegi medikuntzako taldeak gorpua eraman dezan. Ondoren, familiari jakinarazi zitzaion, eta prozesu osoan lagundu; azkenik, Saileko Espetxe Ikuskaritzari eman zitzaion horren berri».
Atzo bertan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako Saileko ordezkaritza bat Basauriko presondegira joan zen, gertatutakoaren berri izateko: Ana Agirre sailburuordea, Eugenio Artetxe Justizia zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe arloko aholkularia joan ziren. Beatriz Artolazabal sailburua ez zen bertan izan, COVID-19an positibo emanda baitago.
Jaurlaritzak azaldu zuenez, Espetxe Ikuskaritza eta epaitegia nor bere txostena prestatzen ari da, gertatutakoa ikertzeko eta indarrean dagoen protokoloan zer hobetu aztertzeko: «Tamalez, suizidio arriskua etengabea da espetxe guztietan, bereziki behin-behineko espetxealdian dauden pertsonen artean. Horregatik, detekzio eta jarraipen protokolo bat dago konfiantzazko presoekin, suizidioak saihesteko». Halaber, ikerketa juridikoa abiatu dutela ere zehaztu zuen.
Preso bat hilik aurkitu dute bere ziegan, Basauriko espetxean
Ostiralean sartu zuten kartzelan, eta herenegun aurkitu zuten hilik. Jaurlaritzak espetxeetako eskumena duenetik hil den lehen presoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu