Preso bat hil da Zaballako espetxean

Arabako Salhaketa elkarteak eman du ezbeharraren berri. Heriotza salatzeko kontzentraziora deitu dute; datorren asteazkenean elkartuko dira, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan.

Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko martxoaren 14a
21:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Zaballako espetxean preso bat hil dela jakinarazi du Arabako Salhaketa elkarteak. Adierazi dutenez, 35 urte zituen, eta Gasteizen zuen ohiko bizilekua. Heriotza salatzeko, elkarretaratzera deitu du elkarteak. Datorren asteazkenean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko dira, 13:00etan, Beste hildako bat kartzelan, espetxeak apurtu! lelopean. 

Hasieran kontrakoa zabaldu bazen ere, hildakoaren senitartekoek Salhaketaren bidez zehaztu dute gizonezkoak ez zuela tratamendu psikiatrikorik hartzen. Zantzuen arabera, suizidioaren aurkako protokolorik ere ez zegoen aktibatuta. Garbitokian lan egiten zuen eta berarekin ziega partekatzen zuen beste presoari laguntza eskaintzen zion, euskarri lanak eginez. Seme bat ere bazuen.

Gaur gertatutako ezbeharra ez dela kasu bakana salatu du Salhaketak. Izan ere, euren datuen arabera, 2021eko urrian Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena jaso zuenetik, denera bederatzi preso hil dira guztira Basaurin (Bizkaia), Martutenen (Gipuzkoa) eta Zaballan (Araba). Horrez gain, aurtengo urtarrilean, preso bat hilda aurkitu zuten Iruñeko kartzelan.

Heriotzaren berri emateko igorritako oharrean, Salhaketak salatu du espetxeetako asistentzia sanitarioa ez dela nahikoa. Are, gogoratu dute espetxeak eragin negatiboa duela bertan daudenen osasunean. «Osasun mentalean eta fisikoan ondorio suntsitzaileak eragiten dituzten egiturak dira kartzelak». Besteak beste, «bakartzea, harreman dinamika zailek eta elikadura txarrak» eragina dute presoengan. 

Espetxeko arduradunei heriotzak «ezkutatu» nahi izatea leporatu diete. Eta Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiari eta Espainiako Gobernuari ere eskaera batzuk egin dizkiete. Batetik, heriotza horiek ez gertatzeko «presazko neurriak» har ditzatela exijitu diete. Eta, bestetik, heriotzak iker ditzatela, horiek eragin dituzten arrazoiak argitze aldera. Senideentzako informazioa eta laguntza legala ere eskatu dute, baita laguntza psikosoziala ere. «Osasun fisiko, mental eta patologia dualeko arazoak dituzten presoak berehala kartzelatik ateratzeko eskatzen dugu, kasu askotan suizidioa eragiten baitute», erantsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.