Iruñeko kartzelan preso bat hil dela jakinarazi du Nafarroako Salhaketa elkarteak. Heriotza zergatik gertatu den ikertzen ari dira, baina adierazi dute balitekeela gaindosi batek eragin izana. Elkarteak gertatutakoa gaitzetsi du, eta elkartasuna helarazi die hildakoaren senideei. Era berean, «ikerketa gardena» izan dadila eskatu die erakundeei, eta prebentzio neurriak ezar ditzatela, ez dadin berriro horrelakorik gertatu.
«Gertaera hau ez da kasu bakana», salatu du elkarteak. Zehaztu duenez, 2012tik 2024ra bitarte hamar pertsona hil dira Iruñeko kartzelan. «Heriotzak gaixotasun kardiobaskularren, suizidioen, zehaztu gabeko kausen eta drogen kontsumoarekin lotutako kausa naturalen ondorio izan dira», erantsi dute.
Salhaketak gogoratu du Espainiako Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren erantzukizuna eta betebeharra dela «presoen bizitza eta osasuna» zaintzea. Alabaina: «Erakundeak zigor ikuspegitik heltzen die errealitate horiei. Horrek arrisku egoerak betikotzen ditu, zigorrari eta kontrolari lehentasuna ematen baitzaio, eta ez pertsonen osasunari eta duintasunari». Premiazkotzat jo dute «kalteen murrizketan, arreta integralean eta giza eskubideak errespetatzean» oinarritutako eredu baterantz aurrera egitea, «horrelako tragediak prebenitzeko».
Baliabideak jartzeko eskaera
Elkarteak jakinarazi du espetxeetako osasun arloa Nafarroako Gobernuaren eskumenekoa dela 2021etik. Gaur egun, kartzelan daudenen erdiek baino gehiagok mendekotasun arazoak dituzte. «Datuek eta heriotza horrek agerian uzten dute beharrezkoa dela gobernuak espetxeko osasun arloko prebentziorako eta arretarako baliabideak indartzea». Azpimarratu dute beharrezkoa dela buru osasunaren sarea baliabidez hornitzea bai espetxean bertan eta bai kanpoan.
Iruñeko espetxean ez ezik, Euskal Herriko beste kartzeletan ere hil izan dira presoak. Hain zuzen 2021eko urrian Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena jaso zuenetik iazko uztailera arte, denera zazpi preso hil dira Basaurin (Bizkaia), Martutenen (Gipuzkoa) eta Zaballan (Araba).
Iazko uztailean, preso bat hilda aurkitu zuten bere ziegan, eta, orduan, Salhaketak bilera bat eskatu zion Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu berriari. Elkarteak jakinarazi zuen presoen hiru laurdenek buruko gaitzak dituztela eta presoen, funtzionarioen eta hirugarren sektoreko elkarteen arteko elkarlana bultzatu behar dela buruko osasunaren arazoari aurre egiteko.