Preso bat hil da Basauriko espetxean

Oraindik autopsiarik egin ez duten arren, Eusko Jaurlaritzako iturriek BERRIAri adierazi diote «dauden zantzuen arabera» balitekeela heriotzaren arrazoia suizidioa izatea. Salhaketa elkarteak gardentasuna eskatu dio Jaurlaritzari.

Basauriko espetxea, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Basauriko espetxea, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jon Ordoñez Garmendia - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2024ko uztailaren 5a
07:13
Entzun

Preso bat hil da Basauriko espetxean (Bizkaia). Atzo aurkitu zuten bere ziegan hilda. Salhaketa elkarteak atzo eman zuen heriotzaren berri, eta Eusko Jaurlaritzak gaur baieztatu dio BERRIAri. Oraindik autopsiarik egin ez duten arren, Jaurlaritzako iturriek adierazi dute «dauden zantzuen arabera» balitekeela heriotzaren arrazoia suizidioa izatea. Hil den presoaren nortasunaren inguruko daturik ez dute eman, baina nabarmendu dute ikerketa judiziala zabalik dagoela eta protokolo guztiak martxan daudela.

Salhaketak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio azalpenak eman ditzala eta heriotza iker dezala. Gardentasuna eskatu dio elkarteak Jaurlaritzari: «Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena jaso berritan, informazioa ematen zuten, datuen babesa errespetatuta. Azkenaldian ikusten dugu Jaurlaritzak ez duela inolako informaziorik ematen, ezta baloraziorik egiten ere. Horrek kezkatzen gaitu».

2021eko urrian Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena jaso zuenetik, zazpi preso hil dira guztira Basaurin, Martutenen eta Zaballan. Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu berriarekin bilera bat egiteko eskatu du Salhaketak.

Gaineratu du presoen hiru laurdenek buruko gaitzak dituztela, eta presoen, funtzionarioen eta hirugarren sektoreko elkarteen arteko elkarlana bultzatu behar dela buruko osasunaren arazoari aurre egiteko. Jaurlaritzari eskatu dio suizidioen aurkako protokoloak «azkarrago» martxan jartzeko, zalantza baitu behar bezain laster egiten ote den gaur egun.

«Jaurlaritzari eskatzen diogu hildakoaren senideei eta gertukoei informazioa eman diezaiela martxan jar litezkeen ekintza judizialetan parte hartzeko dituzten aukerei buruz, datuak argitzeko», erantsi du Salhaketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.