Preso bat hil da Basauriko espetxean

Ostiralean topatu zuten gorpua, eta autopsia egiten ari dira. Informaziorik eman ez izana txarretsi du Salhaketak. Eusko Jaurlaritzak argudiatu du ez duela heriotzen berri ematen, baina talde parlamentarioei ostiralean bertan jakinarazi ziela.

Salhaketa Elkartearen elkarretaratze bat, artxiboko irudia. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Salhaketa Elkartearen elkarretaratze bat, artxiboko irudia. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko maiatzaren 7a
10:15
Entzun

Iragan ostiralean, preso bat hilik topatu zuten Basauriko espetxean. Naiz.eus atariaren arabera, presoa espetxeko erizaindegian zegoen, eta suizidioaren aurkako protokoloa ezarria zioten, bere buruaz beste egiten saiatu baitzen behin baino gehiagotan. 08:00etan topatu zuten hilotz, «gaindosi baten» zantzuekin.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak BERRIAri adierazi dio orain autopsia egiten ari zaizkiola gorpuari, baina ez dutela atzeman indarkeria zantzurik. Hala ere, orain arte ez dute auziaren gaineko informaziorik argitaratu, «ez baititugu publiko egiten halako gertakari deitoragarriak». «Hildakoaren eta haren hurbilekoen intimitatea gordetzeko beharra» ere aipatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak.

Jokabide «ilun eta opaku» hori txarretsi du Salhaketa elkarteak: «Auzia oso larria da», adierazi du elkarteko kide den Cesar Manzanosek. «Sinestezina iruditzen zaigu halako kasu baten gaineko informazio publikorik ez ematea, eta, are, gertatutakoa estaltzen saiatzea». Eusko Jaurlaritzak, berriz, argudiatu du «ostiralean bertan» eman ziela heriotzaren berri bai presoaren senideei, bai Eusko Legebiltzarreko talde politikoei, «honen moduko gertaera larri batean beti egiten dugun bezala».

Salhaketak elkarretaratzea antolatuko du datozen egunetarako, eta elkartasuna adierazi die hildako presoaren senideei eta lagunei: «Saiatuko gara ahal den neurrian laguntzen, gurekin harremanetan jartzen badira, baina, oraingoz, apenas dugun gertatuaren gaineko informaziorik».

Duela bi urte Eusko Jaurlaritzak espetxe politikaren eskuduntza bere gain hartu zuenetik sei preso hil dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.