«Presio soziala» egiten segitzera deitu du Argentinako kereilako abokatuak

Bandiralik eskatu du frankismoaren krimenen aurkako salaketaren «sua pizturik mantentzeko»

Julieta Bandirali, atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
«Ezinbestekoa da sua pizturik mantentzea». Julieta Bandirali abokatua da, Buenos Airesko Abokatuen Elkargoko presidenteorde izandakoa, eta frankismoko krimenak ikertzeko Argentinan zabalik dagoen kereilaren sustatzaileetako bat. Haren esanetan, halako prozesu luzeek «gorabeherak» izaten dituzte, baina ezinbestekoa da «presio soziala egiten segitzea, justizia egin ahal izateko». Auzibidearen nondik norakoak aletu ditu Iruñean, Sanferminak 78 Gogoan taldeak, Ceaqua Argentinako kereilaren babeserako koordinakundeak eta Iruñeko Peñen Federazioak gonbidatuta.

Egunotan, hainbat ordezkari politikorekin batzartu da Bandirali: besteak beste, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollorekin, Nafarroako Legebiltzarreko presidente Unai Hualderekin eta Iruñeko Udalbatzako oposizioko taldeekin —EH Bildu, PSN eta Geroa Bairekin—.

Bileren ostean eginiko agerraldian, Argentinako kereilaren garrantzia azpimarratu du: «Frankismoko krimenak ikertzen dituen kereila bakarra da munduan, eta milaka delitu ikertzen ditu: fusilamenduak, hobi komunak, haurren lapurreta, hilketak, lan esklaboa, justifikaziorik gabeko kartzelatzeak, tortura...». Ganbera Kriminal Federaleko epaile Maria Servini ari da horiek guztiak ikertzen, eta, hasieran kereilak 1936tik 1977ra bitarteko epea soilik hartzen bazuen ere, ikerketa trantsizio garaira ere zabaltzea erabaki zuen epaileak, 1978tik aurrera gertatutakoak ere jasotze aldera. Horren harira inputatu zuten Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia. «2020an, deklarazioa hartu zion Servini epaileak Martin Villari, lau hilketatan ardurarik izan ote zuen argitzeko: 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutako hirurak, alde batetik, eta 1978ko sanferminetakoa, bestetik». Galdeketa hura «garrantzi handiko urratsa» izan zela uste du abokatu argentinarrak.

Aurtengo martxoan, berriz, Servini epaileak erreguzko hainbat eskaera egin dizkio Espainiako Estatuari. Epailearen asmoa da Martin Villak izan dezakeen erantzukizun penala indartzeko froga gehiago biltzea. Servini epailearen informazio eskaerak 1976tik 1978ra bitartean Espainiako Gobernuak hartutako erabakien ingurukoak dira. Besteak beste, «eskuin muturreko taldeen ekintzei eta ordena publikoko indarren ekintza errepresiboei» aurre egiteko ezarri ziren neurrien berri emateko eskatu du, baita garaiko agintariek, besteak beste Martin Villak, manifestazioak eta protestak sakabanatzeko eta armak erabiltzeko emandako zuzentarauen berri emateko ere.

Hamabi hilketagatik ikertua

Argentinako auzitegia 1976tik 1979ra bitartean eginiko krimenetan Martin Villak izan zuen erantzukizun posiblea ikertzen ari da. Denera, hamabi hilketetan izan zezakeen erantzukizunagatik inputatuta dago hura. Orain arte, ordea, Espainiako justiziak uko egin dio epailearen eskaerei erantzuteari, argudiatuta ministro ohiari egozten zaizkion delituak preskribatuta daudela, eta gizateriaren aurkako krimenen tipifikazioa gertaera haiek jazo ondoren txertatu zela Espainiako legedian; 2004an gehitu zuten Espainiako Zigor Kodera. Horren kontura, Bandirali abokatuak dei egin dio Espainiari «inpunitateari eusten dioten eskemak» apurtu ditzan: «Espainiako Estatuko herritarrek justizia merezi dute, eta noizbait helduko da justizia hori beren herrira».

Sanferminak 78 Gogoan elkarteak «balorazio oso positiboa» egin du Bandiraliren bisitaz: «Nafarroako erakundeek babesa adierazi diote Argentinako kereilari, eta orain arteko akordioak pisu handikoak izan dira Martin Villa auzipetzeko bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.