Preserbatiboak doan eskuratu ahalko dira Ipar Euskal Herrian, mediku errezetarekin

Arrisku zehatzik ez duten herritarrei ere emango dizkiete. Hiesaren aurkako neurritzat aurkeztu du Agnes Buzyn Frantziako Osasun ministroak. Gazteengan jarri du arreta

Preserbatiboak doan eskuratu ahalko dira Ipar Euskal Herrian, mediku errezetarekin.
Maite Asensio Lozano.
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
2015ean ohartarazi zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak, bere hiru agentziak —osasunari, hiesari eta politika demografikoei buruzkoek— elkarrekin argitaratutako ohar batean: «Preserbatiboak ezinbesteko rola du GIBa, sexu harreman bidez transmititzen diren infekzioak eta nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzeko. Kalitatezko preserbatiboek erraz eskuratzeko moduan egon behar dute, unibertsalki, doan edo merke». Ildo horri jarraitu dio Frantziako Gobernuak, kondoiak gizarte segurantzan sartuz. Abenduaren 10etik aurrera, Ipar Euskal Herriko medikuek preserbatiboetarako errezetak egin ahal izango dituzte; beraz, doan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek, edo ordaindu ostean dirua berreskuratu.

Agnes Buzyn Osasun ministroak eman zuen atzo goizean erabakiaren berri, France Inter irrati katean egindako elkarrizketa batean: «Hemendik aurrera, gazte bat, arrisku zehatzak izan edo ez, emakumea edo gizona izan, medikuarenera joaten ahalko da, eta preserbatiboak lortu medikuaren preskripzioarekin». Erantsi zuen «kostu txikiko» marka zehatz batekin ari direla lanean; ez zuen zehaztu zein, baina geroago jakin zen Majorelle Frantziako laborategiak ekoizten duen Eden marka izango dela. Osasun Agintaritza Nagusiaren oniritzia du neurriak, baita Majorelle etxeak ere.

Abenduaren 1ean izango da hiesaren aurkako nazioarteko eguna, eta eritasun horren aurkako neurri gisa aurkeztu du Buzynek preserbatiboen gaineko erabakia. Izan ere, kezka agertu du ministroak, urtero 6.000 infekzio berri daudelako estatu osoan, eta horietako mila inguru 25 urtez azpiko gazteak direlako: «Sarri, preserbatiboa erabiltzen dute euren lehen sexu harremanean, baina ez hurrengoetan». Adin tarte horretakoengan jarri nahi du arreta, baina herritar guztiei eragingo die neurriak.

Beste hainbat herrialdetako gobernuek ere hartu izan dituzte kondoien doakotasunaren inguruko neurriak. Erresuma Batuan, adibidez, 13 urtetik aurrerako nerabeekin ari dira lanean 2009tik: sexu heziketako ikastaroetan parte hartuz gero, txartel bat ematen diete, eta, hori aurkeztuta, preserbatiboak doan ematen dizkiete hainbat lekutan.

Hego Euskal Herrian, unean uneko hainbat kanpaina publiko izan dira, baina, batik bat, gobernuz kanpoko erakundeen bidez eskura daitezke doan kondoiak. Bide horiek, baina, ez dira aski ezagunak, Marco Imbert T4 elkarteko kidearen arabera: «Preserbatiboak ez daude masiboki eskuragarri; gazte askok ez dute horri buruzko informaziorik».

Sexualitatea, osagilearekin

Hiesaren aurkako borrokan dihardu T4 elkarteak 1992tik, eta preserbatiboen erabileraren inguruan aspaldi du kezka. Hain justu, iazko udan inkesta bat egin zieten 15 eta 20 urte bitarteko gazteei Bilboko jaietan zehar: %14k ez dute kondoia erabiltzen. «Euren justifikazio nagusia da sexu harremanak dituzten unean ez dutela preserbatiborik eskura». Garestiak direla ere aipatzen dute: «Gazte batentzat, arazoa ez da prezioa izango segur aski, baizik eta preserbatiboa ez duela lehentasun izango bere dirua gastatzean». Eta hiesaren aurkako tratamenduen bilakaerari erreparatu dio Imbertek, eta beste giltzarri bat eman du: «Gaixotasun kroniko bat da orain, eta horrek ekarri du transmititzearen inguruko kezka murriztea».

Hori dela eta, Imbertek uste du Frantziako Gobernuak asmatu egin duela preserbatiboak errezeta bidez banatzeko neurriarekin: «Arriskuen murrizketaren ikuspegitik, gazteen eta medikuaren arteko komunikazio bat eta lotura bat ezar daiteke, gazteek preserbatiboak eskura ditzaten modu jarraituan eta errutinaz».

Interesgarria iruditu zaio, halaber, lehen arretan prebentzioa txertatzeko aukera izatea. «Bakoitzak bere sexualitatea nola bizi duen, horren araberakoa ere izango da, baina ekar dezake pertsonen sexualitatea aitortzea. Medikuaren eta pazientearen arteko solasaldi horretan, prebentzioa landu ahalko du osagileak, adibidez, pazienteak kontatzen badio bikotekide sexual asko dituela; GIBaren proba egitera animatu ahalko du, edo azterketak maizago egitera... Medikuarekin sexualitateaz hitz egiteko aukera izate hutsa jada prebentzio neurri bat da».

Ardura ere landu beharra

Hala ere, Imbertek gogora ekarri du eskuragarritasuna ez dela oztopo bakarra, eta erantzukizuna ere gehiago landu behar dela. «Oraindik ere preserbatiboa ez erabiltzeko gizonek baliatzen duten argudio nagusia da sarketan sentsibilitatea galtzen dutela, ez dutela berdin gozatzen».

Alde horretatik, bikote heterosexualen jarduna aztertzean, genero ikuspegia kontuan hartu behar dela nabarmendu du: «Gizon gazteen argudio asko ez daude sexualitatearekin lotuta, baizik eta emakumeekiko harremanetan duten posizioari. Normalean, preserbatiboaren erabilera lotzen da nahi gabeko haurdunaldien prebentzioarekin, eritasunak saihestearekin baino gehiago. Eta gizonek uste dute hori andreen ardura dela». Maskulinitate eredua ikusi du horren atzean: «Gizonek ez diote uko egin nahi sarketan gehiago sentitzeari, eta ez dute hartu nahi emankortasunarekin lotutako ezeren ardurarik. Beraz, eritasunen transmisioaz baino gehiago, sexu harremanean parte hartzen duten pertsonen rolaz eta arduraz hitz egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.