Ionan Marigomez (Erandio, Bizkaia, 1961) Plentziako Itsas Estazioko zuzendaria da gaur egun. Orain hogei urte, martxan jarri gabea zen oraindik erakunde hori, baina ingurumen zientzietan izena bazuen ordurako. Prestige-ren hondamendiaren inguruan hartu ziren hainbat erabakiren inguruan hitza izan zuen, eta solaskide egokia da horregatik krisi hura gogora ekartzeko, eta zer lezio atera daitezkeen aztertzeko.
Ikusi gehiago:Orban beltz askok hartua
Estrategia bat lehenetsi zen: fuel olioa, ahal zela, itsasoan bertan jasotzea, eta arrantzaleek jardun zuten horretan. Hori zen helburu behinena, ezta?
Bai. Gerta zitekeen hona ez iristea, baina iritsi zen. Aldez aurretik, datuak Aztikoek izaten zituzten, itsas korronteenak-eta, buiak-eta era bazituzten jarrita; horien helburua izaten zen aurreikustea nondik nora joango zen fuel olioa. Eta, bai, itsasoan hartuta esposizio denbora txikitzen da, ez da iristen kostaldera, ez da sedimentatzen, eta, ondorioz, eragina txikitu egiten da. Eta txikitu egin zen.
Orbanak kostara iritsi ahala, halaber, erretiratzera egin zen. Irudi ohiko bat izan zen bolada batean: jendea hondartzak garbitzen. Lehorreko erretiratze lan hori azkar egiteak ere garrantzia du halako prozesuetan?
Hori beti. Gertatzen dena da zenbaitetan garbitzeak ekarri zituela ez garbitzea baino ondorio larriagoak. Galizian, adibidez, oso nabarmena izan zen; gero eta jende gehiago joan, inpaktua handiagoa zen. Hori ikasi dugu; gauza horiek kontuz egin behar dira. Euskal kostaldean, arrantzaleekin egin zen lanaz aparte, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak antolatu zuen programa bat kostaldean behaketa egiteko; zer iristen zen, nola iristen zen. Ni izan nintzen programa horren arduraduna. 30etik gora ikasle genituen, praktiketako kontratuarekin; bikoteka, kostaldean zebiltzan egunero. Identifikatzen zuten zenbat petrolio iristen zen, non zeuden puntu beroak, horrelako datuak. Oso egokiak izan ziren esku hartzeak erabakitzeko.
Zer irizpide jarraitu zen?
Non dago osasun publikoko arazoa? Bada, horixe garbitu behar da. Erabaki zen arroketan ez interbenitzea. Hori izan zen estrategia. Asmatu edo ez asmatu, baina horixe izan zen; kostaldean garbitu ziren hondartzak eta gizakientzat eragina zuten inguruak, baina beste guztia utzi egin zen.
Galizian presio bidezko urarekin-eta garbitu zituzten labarrak. Baztertu egin zenuten zuek hori, kaltegarria izan zitekeela argudiatuta. Galizian, bereziki, boluntarioak-eta erruz ibili ziren garbiketa lanetan. Halakoak, neurriz kanpo, kaltegarriak ere izan daitezkeela azaldu duzu...
Ez badira ondo egiten, kaltegarriak izan daitezke. Oso ondo antolatuta egon behar du denak, eta jendeak, entrenatuta; bestela, badoa jendea, eta hasten da likena kentzen, petrolioa delakoan. Horrelakoak nik entzun ditut, eta nik ikusi ditut. Kontzientziazio aldetik, garrantzitsuak dira halakoak, bere alde pedagogikoa ere badute, baina gauzak egiten direnean ondo pentsatu behar dira.
Zuen hautua izan zen labarretan-eta uztea fuel olio arrastoak. Ikertu dira horren ondorioak?
Alderaketa bat eginda, gertatu diren gainerako antzeko istripuen artean, Prestige dago hoberenen artean; ikerketa asko egin dira, asko. Ehunka artikulu argitaratu dira. Ondo ordezkatuta dago. Zer gertatzen da? Dena bukatu zen, nolabait ere, gaia prentsatik desagertu zenean. Lau-bost urtean desagertu zen propio Espainiako Gobernuak ikerketarako martxan zuen programa estrategikoa; uste dut 2007ra arte aritu ginela. Jaurlaritzan ere programa bat bazen, hor ere parte hartu nuen, baina egon ginen 2006ra arte. Prentsatik gaia desagertu zen, eta ia ikerketa dena desagertu zen. Hortik aurrera, beti B plan baten arabera jardun behar izan dugu.
Alegia, zeuen ekimenez, egin dituzue aurrerapausoak...
Bai, orain beste Prestige bat gertatuko balitz, guk eta beste zientzialari batzuk baditugu laginak zeintzuen bidez esan dezakegun nolakoa izan den azken urteotako bilakaera, nola gauden orain, eta zer espero daitekeen etorkizunean. Hori egin dugu.
Zer dio zientziak? Zer ondorio klase izan ditzake era honetako hondamendi batek? Eta, hori aintzat hartuta, zer gertatu da urteotan euskal kostan?
Ondorioak mota askotakoak izan dira. Kontua da ez dakigula zer neurri izan duten eta zenbat luzatu diren. Adibidez, hartzen baditugu Exxon Valdez ontziaren istripua edota Erika-rena, horien ondoren hamarraldiak pasatu dituzte ondorioak aztertzen. Hala ere, faktore asko daude ondorioak aztertzeko; klima aldaketa edo aldaketa globalaren eraginez badaude, adibidez, joera batzuk, eta horiek Prestige-k izan ditzakeen inpaktuaren zentzu berekoak dira. Noraino ezberdindu bat edo bestea? Gurean eragina zenbatekoa izan da? Zientifikoki, ezin dugu esan: daturik ez daukagu. Badakigu eragina dagoela, badakigu beste esperientzia batzuetatik efektuak bi-hiru-lau hamarkadatan luzatzen direla... Beraz, eraginak daude? Bai. Zenbat? Ezin dizut bermatu halakorik zientzialari gisara: daturik ez dut.
Eta antzeko beste hondamendietan zer ondorio klase ikusi izan dira? Zer ebidentzia daude ikerketa horietan oinarrituta?
Exxon Valdez itsasontziaren kasuan, adibidez, hamazazpi-hogei urtera ikusi da sedimentuetan geratu dela harrapatuta petrolioa, eta hori gero pixkanaka joaten dela ateratzen. Edo kate trofikoen gainean ere eragina dauka petrolioak, eta horrek ekosistema osoan ditu ondorioak. Beraz, horrelako eraginak? Bai, asko. Exxon Valdez-en eta Erika-ren kasuan, adibidez, ikusi izan dira. Gurean? Ez daukagu jarraipenik.