Euskal presoak

"Premiazko agenda" zehaztu dute presoen auzia konponbidean jartzeko

Foro Sozialak, Sarek eta Etxerat-ek uste dute beharrezkoa dela "eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialek denek elkarrekin bultzatzea" premiazko agenda hori.

jarraia152640.jpg
gotzon hermosilla
2018ko maiatzaren 29a
16:59
Entzun

ETA desagertu ostean, presoen auzia konponbidean jarri behar dela uste dute Foro Sozial Iraunkorrak, Sarek eta Etxerat-ek, eta hala adierazi dute elkarrekin egindako agerraldi batean. Lehentasunak ere ezarri dituzte: gaixo handi diren presoen egoera konpontzea, gerturatzea, gradu politika, zigorren pilaketa eta espetxe alorreko eskumenak euskal instituzioen esku uztea eta espetxe zaintzaren ardura epaitegi naturaletara itzultzea.

Lehentasunak ez ezik, horra iristeko bidea ere zedarritu dute hiru eragileok: "Gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta sozialak eratzeko unea da". Armagabetzearen kasuan bezala, "triangulazioan oinarritutako konponbide eskema" proposatzen dute: alde batetik, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; bestetik, EPPK, eta, hirugarrenik, gizarte zibila.

Foro Sozialeko Teresa Todak eta Nazario Oleagak esan dutenez, jakin badakite prozesuak luze joko duena: "Errealistak gara, eta ulertzen dugu, kartzela alorrean, agendak garapen bat izango duela. Ez dugu keinu ikusgarririk espero".

Biktimak ere ez dituzte ahazteko eskema horretan: "funtsezko garrantzia" dutela esan dute, gizarteak haiekin "zor handia" duelako. "Espetxe politika berriak ezartzean kontrasterako mekanismoak artikulatu beharko dira biktima guztiekin", adierazi dute. "Azaldu, kontrastatu, entzun, baina horrek guztiak ez ditu politika publikoak baldintzatu behar izango".

Etxerat-eko Patrizia Belez bat etorri da planteamendu horrekin, baina gogorarazi du presoen senitartekoek "presa" dutela: "Gure sufrimendua ez dago soilki iraganari lotuta, orainaldiari ere bai". Sareko Joseba Azkarragak, berriz, berretsi du erantzunak "plurala" izan behar duela, eta denek, instituzioek, eragileek eta gizarteak berak, indarra egin behar dutela horretan: "Eskubideez ari gara, ez hautu politikoez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.