Euskararen heriotza irudikatzeko Beskoitzen agertu hilkutxa dela eta, prefetak salaketa agiria bidali du

Pirinio Atlantikoetako prefetak eta auzapezen elkarteko buruak elkarrekin izenpetu agiri bat bidali diote prentsari, Beskoitzeko herriko etxearen aitzinean asteburuan euskararen heriotza irudikatzen zuen zurezko hilkutxa bategatik.

Fabienne Aiensa, Beskoitzeko auzapeza, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Fabienne Aientza Beskoitzeko auzapeza, urtarrilaren 13an agiantzak egin zituen egunean. Gibelean, Beskoitzeko ikastolakoen aldarrikapenak. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko martxoaren 13a
10:00
Entzun

«Martxoaren 9ko gauean, zurezko hil kutxa bat aurkitu da Beskoitzeko herriko etxearen aurrean, 'Euskara?: 2040' idazkia zekarrela», dio Julien Charles Paueko prefetak eta Alain Sanz auzapezen departamenduko elkarteko lehendakariak izenpetu agiriak. «Fermuki kondenatzen» dute «errepublikako hautetsi batzuen larderiatzeko ekintza hori».

Beskoitzeko ikastolaren eta herriko etxearen arteko gatazkarekin lotu dute ekintza, eta gehitu dute «tokiko demokrazia errespetatu behar dela», baina hori «errespetuzko eztabaida sano» batean eginez, «gehiegikeriarik, eraso apalgarririk edo difamatzailerik onartzen ez duen esparru errepublikano batean». Prefetak eta departamenduko auzapezen elkarteburuak agiria bukatu dute «sustengu guzia erakutsiz Beskoitzeko auzapezaren eta kontseiluko hautetsien aldera».

Hilkutxaren irudi sinbolikoa mobilizazio frankotan erabili da sail, egitura eta izate baten heriotza irudikatzeko. Adibidez, Baionan berean, 2016an, lan legearen kontra langile sindikatuek antolatu mobilizazioen karietara, hilkutxa bat ezarri zuten Baionako herriko etxearen aitzinean, «lan kodearen heriotza» irudikatzeko. Berrikiago, 2019an, Baionako Ospitaleko langileen greba eta mobilizazioen karietara, hango langileek hilkutxa bat ezarri zuten Baionako suprefeturaren aitzinean, ospitale publikoaren heriotza irudikatzeko. Ez zen orduan prefeturatik agiririk iritsi irudi sinbolikoaren salatzeko.

Azken adibidea Frantzian zehar izan diren laborarien mobilizazioetakoa izan da, non hilkutxa sinboliko anitz baliatu baitira ekintzetan.

Asteburu honetan, Beskoitzen, Non eta Mugan topaketa antolatu zuen Ikastolen Elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.