Pirinio Atlantikoetako Departamenduan prefet berria izanen da aurki. Hala erabaki zuten atzo Frantziako Ministroen Kontseiluan. Jean Marie Girierek hartuko du Julien Charles gaur egungo prefetaren lekua. Ondoko asteetan eginen dute kargu aldaketa.
Girierek 40 urte ditu, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hurbilekoa da. PS alderdi sozialistan ibili ondotik, Errepublika Martxan alderdiaren sorreran parte hartu zuen 2017an, eta Macron presidentetzara eraman zuen kanpaina gidatu.
Gerard Collomb Frantziako Barne ministro zela, haren kabinetetan ibili zen Girier, eta Frantziako Asanbleako presidentearen kabineteburu ere izan zen ondotik.
Duela lau urte, prefet izendatu zuten Vienne departamenduan. Laborantza intentsiborako ur biltegi erraldoien afera kudeatu zuen han, eta hainbat tirabira izan zituen, besteak beste, Poitierseko Herriko Etxearekin. 2022ko irailean, helegitea jarri zuen Alternatiba mugimenduari alternatiben herrixka antolatzeko emandako 15.000 euroko diru laguntzaren kontra.