Galiziako kostan agertu diren milioika plastiko bolatxoak aski ezagunak zaizkio Xavier Curtori (Amposta, Herrialde Katalanak, 1989). Askotan ikusi ditu bere herrialdeko kostaldean, Tarragonako (Herrialde Katalanak) petrokimika industriari lotuta «sarri» agertzen baitira han. Curto Surfrider Foundation Europe-n koordinatzailea da Espainian, eta urteak daramatza mikroplastikoen kutsaduraren kontra borrokan. Haren esanetan, hondartzetara iritsitakoa «izozmendiaren punta besterik ez» da, gehiena itsasoan barreiatuta geldituko baita. Arazoari aurre egiteko, ezinbestekotzat dauka itsas garraioa erregulatzea, gai kutsagarrien joan-etorria segurua izan dadin.
Zein da isuri horien arrazoia?
Isurien arazoa da ez dagoela inolako erregulaziorik plastikoaren balio katea osatzen duten enpresen gainean. Ez daude behartuta inolako neurri prebentiborik hartzera, ezta zenbat plastiko galtzen duten deklaratzera ere, edo eragindako kalteengatik ordaintzera. Enpresek berek proposatzen dituzten neurriak hartzen dituzte soilik. Badakigu bolatxoak balio kate osoan galtzen direla: ekoizpenean, garraioan, horiek eraldatzeko prozesuetan.
Plastiko bolatxo itsasoratzea beste arazo handiago baten parte da: mikroplastikoen kutsadura. Zer pisu dute auzi horretan?
Mikroplastikoen iturri nagusia ehunak dira. Jantziek askotan izaten dituzte plastikoak ehunetan, eta garbigailuetan askatzen dira. Kutsadura handia eragiten dute ibilgailuen pneumatikoek ere. Autoetako gurpilen errodamenduaren ondorioz, mikroplastikoak askatzen dituzte. Azken horien maila bertsuan, bolatxoak dira mikroplastikoen kutsadura iturririk handiena, ehunen atzetik.
Galiziako Gobernuaren arabera, 25 tona inguru plastiko bolatxo erori dira itsasora Portugal iparraldeko uretan. Zer tamainatakoa da isuri hori, beste batzuekin alderatuta?
Guk lan handia egin dugu Tarragonan (Herrialde Katalanak). Han askoz ere isuri txikiagoak izaten dira, baina sarri. Izan ere, estatuko plastikoen parte handi bat han ekoizten da, %60 inguru. Guk ez dakigu Galizian zehazki zenbat edukiontzi galdu diren, baina milaka milioi bolatxo izango dira ziurrenik, eta, zakukada batzuk bildu diren arren, 60 eta 100 artean, batzuk kostaldera iristen direnerako beste asko eta asko uretan sakabanatu dira. Mikroplastikoak direnez, zaila da berreskuratzea. Kutsaduraren inpaktua, beraz, oso handia da. Plastiko hori ez da desagertuko itsasoan. Txikiagoa egingo da, baina ingurumenean jarraituko du. Isuri denaren zatirik handiena ezin izango da berreskuratu.
Adibidez, uste dugu Tarragonan isurtzen ari ziren bolatxoak Mediterraneoan zabaldu direla. Espedizio bat egin genuen Balear Uharteetara, eta, hango elkarteen laguntzarekin, aurkitu ditugu eremu batzuk metro koadroko 6.000 bolatxoko dentsitatea zutenak. Eta Balearretan ez dago petrokimika industriarik. Beraz, bolatxo horiek beste nonbaitetik iritsi dira. Hori da arazo nagusia: berehala hedatzen direla.
«Mikroplastikoen iturri nagusia ehunak dira. Kutsadura handia eragiten dute ibilgailuen pneumatikoek ere»
Erori diren plastiko pinporten materiala oso kutsagarria da?
Galdera horri hobeto erantzungo liokete kargamentuari buruzko informazio zehatza daukatenek. Jakina zera da: plastikoa osasun arazo bat dela, hura jaten ari garela. Plastikoa aurkitu dute giza gernuan, odolean, ama esnean... Ageriko arazo bat da. Bestalde, badakigu faunak bolatxo horiek irents ditzakeela. Baina, gainera, bolatxoak esponja toxiko baten portaera du: ingurumenean dauden elementu toxikoak xurgatzen ditu, eta hori arazo bat bihur daiteke luzera begira. Kontuan hartu behar da, era berean, Galiziako kargamentuak elementu kimiko kutsagarriak dituela. Ez da gutxietsi behar kontu hori.
Isuri horiena ez da kontu berria, eta Surfriderrekook jarraipena egin diozue. Zer lan egin duzue?
Surfriderren hamar urtetik gora daramatzagu lanean, erregulazio bat lortzeko, batez ere Europa mailan. Gu eragiten saiatu gara. Administrazioarekin eta enpresekin eseri gara, itsasoko garraioan neurri prebentiboak ezar daitezen. Prebentziorik eta zigorrik ezartzen ez bada, isurien arazoa ez da sekula ere desagertuko.
«Administrazioak gidatu egin behar ditu hondakinak erretiratzen parte hartu nahi duten herritarrak»
Europako Batzordeak proposamen bat egin zuen joan de urrian, mikroplastikoen kutsadurari aurre egiteko. Zer iruditzen zaizu?
Gazi-gozoa, salbuespen asko jasotzen dituelako. Salbuespen larriena itsas garraioarena da. Sektorea erregulaziotik kanpo geldituko litzateke lehen proposamen horretan. Neurriak aurtengo martxoan dira bozkatzekoak. Espero dugu Galizian gertatu den ingurumen hondamendia aintzat hartzea, eta balio izatea ohartzeko itsas garraioa ere erregulatu behar dela. Jakin behar dugu noiz galtzen diren edukiontziak, zigorrak ezarri behar dira, eta derrigorrezko neurriak behar dira edukiontziak nola garraiatuko diren kontrolatzeko.
Estatu mailan, pentsatzen dugu 2022ko hondakinen legea momentu ona zela gaiari heltzeko, baina ez zuen jaso mikroplastikoei buruzko inolako aipamenik. Bestalde, kontuan izanik estatuko plastiko gehiena Katalunian produzitzen dela, Kataluniako hondakinen legea ere aukera on bat iruditzen zaigu arazoari aurre egiteko. Oraindik ez da zirriborrorik aurkeztu, eta, beraz, ez dakigu halako erregulaziorik jasoko duen ala ez. Baina, oraintxe, Espainian ez dago mikroplastikoen eta, zehazki, bolatxoen gaineko erregulaziorik; ez estatuan, ezta autonomia erkidegoetan ere.
Isuri bat gertatzen denean, zer neurri har daitezke kutsadura ahalik eta gehien murrizteko?
Lehenik eta behin, administrazioak jakin behar du zer hondartzatan gerta daitekeen kalte gehien, eta gidatu egin behar ditu hondartza horietatik hondakinak erretiratzen parte hartu nahi duten herritarrak. Gu Euskal Herriko zenbait elkarterekin gaude harremanetan. Pentsatzen ari gara nola antolatuko garen bolatxoak kostaldera iritsiz gero. Horrez gain, mapa bat ari gara osatzen elkarlanean, bolatxoak agertu diren hondartzak identifikatzeko. Lehenagotik ere badaude bolatxoak, hondartzetan oso ohikoa baita. Baina bolatxo asko agertzen badira, edo ireki gabeko bolatxo zakuak agertzen badira, horrek esan nahiko luke Galiziatik iristen hasiak direla. Mapa hori eskuragarri dago gure sare sozialetan, eta edonork parte har dezake haren lanketan.