Hiesaren aurkako borroka da Miguel Angel Ruizen lanaren oinarria. Hamar urte dira Arabako Hiesaren Aurkako Batzordean lanean hasi zela, eta ordutik milaka istorio ezagutu ditu. Hogeita bost urte bete berri ditu taldeak.
1980ko hamarkadan, drogek hartu zuten Euskal Herria, eta horrek ekarri bide zuen hiesa.
Zoritxarrez, bai. Garai hartan, heroina droga zabaldua zen inguruotan, eta gazte askok menpekotasun arazo handiak izan zituzten. Baina, larriena, zalantzarik gabe, GIBaren [giza immuno-eskasiaren birusaren] transmisioa izan zen; azkarra eta geldiezina. 1985ean dokumentatu zen Euskal Herriko lehen infektatua; handik urte gutxira, ia infektatu gehien zuen herrialdea zen Europan.
GIBaren ustekabeko gorakadak ekarri zuen elkartearen sorrera, beraz.
Gaixotasun berri hark hildako asko eragin zituen, euskal gazteen artean batez ere. Gaitz ezezaguna eta gaizki ikusia zen, gaixo asko sozialki baztertzeraino. Horregatik sortu zen elkartea. Sostengu psikologikoa lehenetsi zen, tratamendurik gabeko eritasun baten aurrean zeuden haientzat. Baina, horrez gain, heziketa landu zen bereziki, herritarrak informatzeko eta prebentzioaren inguruan hezteko. Prebentzioa da giltza.
Eta orduz geroztik, zer?
Batzordearen historia gaixotasunaren garapenaren araberakoa izan da beti. Gaur egun, gauzak oso bestelakoak dira. Bizitzeko aukerak itxaropena zabaldu du.
Zein da egungo egoera?
1996. urtean, iraultza gertatu zen tratamenduei dagokienez. Farmako batzuk agertu ziren gaixoei bizitzeko aukera eman zietenak, eta baita bizi-kalitate onaz gozatzekoa ere. Bizitzeko aukerak itxaropena zabaldu du. Hala ere, oraindik birusa gure artean dago, eta prebentzioaren garrantziaz jabetzea beharrezkoa da oso.
2011. urtean, 400 test azkar baino gehiago egin zenituzten. Ontzat jotzen duzu hori?
Nola ez. Test azkarrak egiteko eskakizun asko daude. Egunero egiten ditugu, hemen bertan, eta urtero antzeko kopurua mantentzen dela esango nuke. Guztiz anonimoak dira, fidagarritasun handikoak eta doakoak. Test azkarra egitera datozen gehienek, birusa ez dutela jakiteaz gain, aukera izaten dute prebentziorako teknikari batekin hitz egiteko. Solasaldi horiek mugarri bihurtzen dira askorentzat, eta hori positiboa da, noski.
Laurehun horietatik bost izan ziren positiboak. Aurten okerrera egin du zifrak...
Aurten, bi hilabetean, bost positibo diagnostikatu ditugu. Hala ere, kontu handiz ibili behar da gorakadez hitz egiten dugunean. Izan ere, aurten kanpaina indartsua jarri dugu martxan. Babesik gabeko sexu harremanak dituztenei bideratutako mezua zabaldu nahi izan dugu. Ondorioz, test azkarren eskaerak ugaritu dira. Hala ere, ezin dezakegu ondoriorik atera abenduaren 31ra arte.
Sifili kasuak itzuli dira, ezta?
Erabat ahaztuta zeuzkan gizarteak sifilia eta antzeko gaixotasunak. Azkenaldian, baina, infekzioak ugaritu egin dira, eta, erraz senda daitezkeen arren, garrantzitsua da lehenbailehen detektatzea. Horregatik, sifiliarentzat test azkarrak ere eskaintzen ditugu.
Nafarroan, anonimotasunari uko egin eta proba egin nahi dutenak identifikatzera behartu ditu gobernuak. Erakunde batzuek gogor kritikatu dute neurria. Zer iritzi duzu?
GIB birusaren testek anonimoak eta isilpekoak izan behar dute. XIX. mendean, isilpekotasuna bermatzen zen sexu bidezko gaixotasunak detektatzeko orduan. Beraz, atera kontuak. Hiesaren normalizazioaren aldeko apustua egin dugu erakunde eta instituzioek. Isilpekotasunaz mintzatu da Europako Parlamentua, eta baita Nazio Batuen Erakundea ere. Beraz, zer espero du Nafarroako Gobernuak?
Hiesak sortu zuen elkartea, baina egun lan ildo asko jorratzen dituzue.
Hala da. Hastapenetan, hiesa gizarteko sektore jakin batzuekin lotu izan zen Europako leku askotan: prostitutekin eta drogazaleekin, besteak beste. Beraz, elkartea sortu zenean, horiekin jarduten ginen lanean. Egun, egoera beste bat da, baina iruditzen zaigu bide horretan jarraitu behar dugula, sozialki baztertuta daudenei gure laguntza eskaintzen, nahiz eta hiesarekin zerikusirik ez izan.
Zein da zuen xedea?
Prostituzioaren alorrean, helbururik behinena gizarteari errealitatea agerian jartzea da. Lanbidearen erregularizazioaren aldekoak gara, eta argi daukagu behartuta aritzen diren emakumeei alternatibak eskaini behar zaizkiela. Presoen kasuan, gizarteratzea defendatzen dugu. Eta, horretarako, ezinbestekoa da espetxetik kanpo baliabideak eskaintzea. Bestelako zigor eredu bat behar da, zalantzarik gabe.
Eta seropositiboak, murrizketen zurrunbiloan...
Elkartea sortu zenetik aldarrikapenak zeharo aldatu direla esango nuke. Zer esanik ez, azkenaldian jasaten ari garen murrizketekin... Osasun sistema publikoari eutsi eta guztiontzat bideragarri izatea eskatzen dugu. Zer gertatuko da etorkin seropositiboekin irailaren 1etik aurrera? Borrokan segituko dugu.
Miguel Angel Ruiz. Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeko bozeramailea
«Prebentzioaren inguruko heziketa da hiesari aurre egiteko giltza»
Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeko bozeramailea da Miguel Angel Ruiz. Elkarte horrek 25 urte egin ditu hiesaren aurka borrokan. Egun oinazea txikiagoa den arren, «asko» dago oraindik egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu