Prebentzioaren garrantziaz

Klima larrialdia eta ekologia krisia izan dituzte mintzagai zenbait adituk Martin Ugalde foroan. Iruditzen zaie aldaketak egin behar direla «itxaropenari» eusteko, eta inertziekin hautsi behar dela

Martin Ugalde kultur parkeko areto nagusian izan zen saioa. Argazkian, Petxarroman (ezkerrean), Rico eta Izagirrerekin solasean. JON URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
Andoain
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun

Klima larrialdiaren ondorioz, desastre ekologikoak geroz eta ohikoagoak dira munduan. Elisa Sainz de Murieta BC3 taldeko kidearen esanetan, gisa horretako desastre bat kudeatzen gastatzen den diruaren %80 «berreskuratze prozesuan» erabiltzen da. «Zeinen garrantzitsua den prebentzio neurriak hartzea muturreko gertakari bat gertatu baino lehen», nabarmendu zuen, atzo, kostaldeetako klima aldaketetako aditua den ikerlariak. Baina ez zen ari klima larrialdiak kostaldean eragin ditzakeen kalteei aurre egiteko hartu beharreko neurriez; klima eta ekologia krisia oro har zuen hizpide. Iñaki Antiguedadek ere bai. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hidrologia irakaslearen ustez, etorkizunera begira «gauzak» ezin dira egin orain arte bezala. «Iraganeko inertziek ez digute uzten beste etorkizun bat irudikatzen».

Klima eta ekologia krisia izenburupean atzo Martin Ugalde foroan egindako solasaldian aritu ziren, Naima El Bani Altuna paleozeanografoarekin, Unai Pascual BC3ko ekonomialariarekin, Ane Zabaleta EHUko Hidrologia irakaslearekin, eta Ibai Rico eta Eñaut Izagirre glaziologoekin batera. Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariak osatutako Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian liburuan parte hartu dute guztiek, eta, hain zuzen, Petxarromanek berak gidatu zuen saioa.

El Baniren esanetan, Lur planetak dituen 4.600 milioi urteetan beti egon dira «klima aldaketak». Oraingoak «berritasun bat» du, ordea: «Orain, gizakiak eragiten du naturan. Industria arotik eta 1950eko hamarkadatik hona gertatutako aldaketak erabat lotuta daude gizakiaren jarduerak eragindako gas isurketekin». Tromsoko Unibertsitateko (Norvegia) ikerlariak «amorrua» sentitzen du hori ikusita. «Gizarte egiturei erabat eragingo die, eta guk nozituko ditugu guk geuk bultzatutako aldaketak». Ez zuen igarle lanetan hasi nahi izan, baina mezu argi bat plazaratu zuen: «Itxaropena mantendu nahi badugu, asko aldatu behar dugu gure sistema».

Glaziarrei ere eragiten die klima larrialdiak, eta horien urtze progresiboak, itsasoaren mailaren igoerari. Hori da «inpaktuetako bat», Ricoren arabera. Beste bi zerrendatu zituen: «Paisaiaren eraldaketa eta arrisku naturalak». Horiek areagotu ditzake permafrosta desizozteak. Urte osoan urtzen ez den lur izoztua da permafrosta, eta ipar hemisferioaren %20 hartzen du. Berotzen ari da, eta, glaziologoaren esanetan, uste da permafrostaren barruan atmosferan dagoen karbono kantitatearen bikoitza dagoela gordeta: 1,5 bilioi tona. «Urtzen bada, berotegi gasak isur daitezke. Erloju bonba bat da».

Pirinioetan hemeretzi glaziar «txiki» daude egun —guztira 280.000 bat daude munduan, gehienak Antartikan eta Groenlandian—. 1980an 39 ziren. «Oso esanguratsua da. Geoadierazle oso ona da ikusteko zer ari den gertatzen», azaldu zuen Izagirrek. Oraingo «joerari» eutsiz gero, 2050ean ez da glaziarrik egongo Pirinioetan, eta Alpeetan gauza bera gertatuko da 2100. urtean.

Eta «etorkizunean» —Sainz de Murietak ez zuen zehaztu noiz—, itsasoak lurperatuko ditu, «noizbehinka edo modu egonkor batean», egun itsasoak bustitzen ez dituen gune batzuk. «Muturreko neurriak ezarri baino lehen, beste neurri asko har daitezke». Eta prebentzioaren ideiari heldu zion: «Gauza berriak sortu beharrean, dauzkagunak babestu behar ditugu». Iruditzen zaio, esaterako, hirigintza planek berebiziko garrantzia izango dutela.

«Larriagotu» egingo da

Ibaien emariak aztertzen ditu Zabaletak. «Gure ibaiak aztertuz, azken hamarkadetan ikusi dugu jaitsiera nabarmena gertatzen dela uda amaieran eta udazken hasieran». Eta proiekzioak egiten hasita, hori «larriagotu» egingo da. «Horren ondorioz, uraren kudeaketan orain arte planteatzen ez ziren arazoak planteatu daitezke». Egoerari aurre egiteko, «paisaia mosaikoaren» ideia defendatzen dute Antiguedadek eta Zabaletak; hau da, lur eremu bakoitzari ondoen datorkion erabilera ematea, dituen beharren arabera. «Paisaiaren toki bakoitzean, lehentasunek elkarren diferenteak izan beharko lukete», zehaztu zuen Zabaletak.

Pascual ekonomialariak «elektrifikazioaren iraultza» izan zuen hizpide. «Deskarbonizazioa lortzeko, elektrifikazioaren bidea egin behar da, halabeharrez». Pentsatzen du «erronka handi bat» izango dela kontsumitzaileek zer elektrizitate erabiliko duten etorkizunean, nola erabiliko den, eta nork kudeatuko duen. «Petrolioa eta gasa ekoizten duten enpresak esaten ari dira berriztagarrietarako jauzia egingo dutela, baina %1 bakarrik inbertitu dute energia garbietan. Petrolioaren azken tantak atera arte babestuko dituzte beren mozkinak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.