Prebentzioa izango da ardatz haurren aurkako indarkeriari aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzak 'Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia (2022-2025)' aurkeztu du. Tratu onaren kultura sustatuko dute hainbat saioren bidez

Atzo aurkeztu zuten estrategia berria, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Lau ardatz nagusi izango ditu Eusko Jaurlaritzak adin txikikoen aurkako indarkeriari aurre egiteko aurkeztutako planak: haur eta nerabeen kontrako indarkeria mota guztiak prebenitzea; gerta daitezkeenak azkarrago detektatzea; garaiz esku hartzea; haur eta nerabeei behar duten arreta eta babesa ematea, eta, ahal den neurrian, eragindako kalteak konpontzea. Haurren Kontrako Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna zen atzo, eta horren harira aurkeztu zuten Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia (2022-2025). Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Ainara Canto EDE fundazioko aholkularitza eta ikerketa sozialeko arduradunak aurkeztu zuten plana, Gasteizko Europa jauregian. Artolazabalek nabarmendu zuenez, estrategia «aitzindaria» da; izan ere, Europako «oso herrialde gutxik» dute antzeko estrategiarik.

Canto izan da estrategia prestatzeko prozesu parte hartzailearen koordinatzaile nagusia. Hala, hurrengo lau urteetarako plan estrategikoak biltzen dituen lan ildo nagusiak zehaztu zituen, eta aurrera begira izango dituen lau ardatz nagusiak xehatu.

Lehenengo ardatza gazteen eta nerabeen eskubideen sustapena eta prebentzioa izango da. Horretarako, Cantok nabarmendu zuenez, funtsezkoa da «tratu onaren kultura, erantzukidetasuna eta ingurune seguruak sustatzea», besteak beste. Bigarren ardatzaren helburua da indarkeria kasuak edo indarkeria arriskua garaiz atzematea, «haien eragina gutxitzeko», Cantok azaldu zuenez. Hirugarren ardatzak arreta integrala bermatzea du helburua, indarkeria jasaten duten adingabeak laguntzeko, babesteko eta horien erreparazio beharrei erantzuteko. Azken ardatz nagusia hainbat erakunde eta gizarte eragileren arteko lankidetza hobetzea izango da, hala «erantzunen eraginkortasuna hobea» izango dela zehaztu zuen Artolazabalek.

Esparru horretan Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak 44 ekintza aurreikusten ditu 2022rako, lau ardatz estrategikoetan jasotako jarduera ildoetatik 53ri erantzuteko. Artolazabalek esan zuenez, prestakuntza ikastaroak, profesionalen topaketak eta kirolean haurren eta nerabeen aurkako sexu jazarpena eta abusua prebenitzeko programak egingo dira, besteak beste.

Icebergaren punta

Ertzaintzaren datuen arabera, 18 urtetik beherako 1.459 pertsona izan ziren delitu baten biktima 2020an. Datu horrek barnean hartzen ditu familia barruko indarkeria, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria, eta familia eremutik kanpoko sexu askatasunaren aurkako delituak. Gainera, sexuaren arabera, neskek mutilek baino gehiago sufritzen dute indarkeria mota hori: biktimen erdiak baino apur bat gehiago izan ziren 2020an (%54), Jaurlaritzaren datuen arabera.

Artolazabalek esan zuen pentsatzekoa dela kopuru horiek gora egingo dutela aurkeztu berri duten estrategia abiatuta: «Horrela, orain arte ezkutuan egon diren kasu gehiago bistaratuko dira. Datu horiek icebergaren punta baino ez baitira». Gaineratu zuenez, plan berriak modua emango du erakundeak «koordinatuago» egoteko haurren aurkako indarkeriari erantzuteko garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.