PREBENTZIOA, GAKO

BERRIA.
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Militantzia eremuetan gertatzen diren eraso matxistak kudeatzeko prozesuetan giltzarri izaten da aurrez egindako lana. Prebentzioa «era apal batean» jorratzen ari da Joxemi Zumalabe Fundazioa; lan ildoen berri eman du Pili Alvarez Moles kideak:

Zertan datza prebentzioa?

Helburua. Indarkeria matxistaren ondorioak murriztea, erasoak saihestea edo gutxitzea, eta botere harremanak eraldatzea du xede erakundeotan egiten den prebentzio lanak. Finean eta funtsean, taldeen jardunean ikuspegi feminista txertatzean datza. Baina lan zabala dela azpimarratu du Alvarezek: «Kolektiboak osasuntsuagoak izatea da helburua: taldeak berak hobeto funtzionatzea, kideak gustura egotea eta, hala, proiektu politikoa indartzea».

Trebakuntza. Indarkeria matxistaren logika ulertzeko eta erasoak identifikatzeko formakuntza ematen da prebentzio prozesuan. «Erasoak nondik datozen, zergatik gertatzen diren barneratzen laguntzen du». Espazio ez-mistoak ere sor daitezke: emakumeentzako guneak (autodefentsa feminista eta ahalduntzea lantzeko, bizipenez hitz egiteko...), gizon taldeak (pribilegioak aztertzeko), LGTBI pertsonentzako espazioak...

Lan politikoa. Alvarezek berretsi du «kolektibo osoaren apustua» izan behar duela prebentzio lanak: «Garrantzi politikoa eman behar zaio, eta baliabideak ipini». Era berean, horrek dakar konturatzea militantzia eremuetan ere eraso matxistak gertatzen direla.

Tresnak. Prebentzioa lantzean, ohikoa izaten da protokolo bat egitea, baina erreminta bat izan behar du, ez helburu bat. Protokoloan adieraziko diren jarraibideak lagungarriak izango dira, baina protokoloa adosteko prozesua bera oso inportantea da, Alvarezek nabarmendu duenez: «Batzuetan, ematen du protokolorik ez badaukagu ez dugula ezer egin, baina baliabide kolektiboak izatea bezain garrantzitsua da gaiaren inguruko eztabaida eta gogoeta abiatzea. Prozesua bera da prebentzioa».

Protokoloa

Definizioa. Bortizkeria matxista zer den eta erasoak nolakoak izan daitezkeen jaso behar du protokoloak. Definizio itxi bat egitea baino gehiago, jarduera eremu bat ezartzea da helburua.

Neurriak. Hiru eremutan har daitezkeen neurriak ezartzen ditu: erasoa egin duenarekin, erasoa jasan duenarekin eta taldearekin.

Ardura. Erasoaren osteko prozesuak kudeatzeaz nor arduratuko den zehaztu behar du, hau da, kolektiboko zein talde edo batzorderen esku geratuko den lan hori.

Konfidentzialtasuna. Informazioa kudeatzeko estrategiak definitzen ditu: batik bat, erasoa jasan duen emakumearen intimitatea nola babestu.

Erresistentziak

Oztopoak. Beti ez da erraza prebentzioa lantzea; kolektibo batzuetan «gatazkatsua» izan daitekeela ohartarazi du Alvarezek: «Jende batek ez du horrelako lanketarik egin nahi, beste lehentasun batzuk ditu, edo ez dago prest gauzak aldatzeko edo norbere burua auzitan jartzeko. Horiekin nola lan egin, erronka bat dago hor». Parte hartzean ere hutsuneak sumatu ditu: «Herri mugimendu askotan ikastaro, hitzaldi edo lantegi bat planteatzen denean, nortzuek hatzen dute parte? Nortzuek ez?»

Desadostasunak. Erasoak gertatzen direnean ere ager daitezke erresistentzia horiek: «Prebentzioa lantzean, batzuetan, mahai azpian geratzen dira desadostasunak, eta gerora azaleratzen dira, teorian adostutakoa praktikara eraman behar denean. Min handia egiten du horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.