«Praxi txarrak» antzeman dituzte Osasunbideko esklusibotasunean

Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ikerketa abiatu du LABek egindako salaketa ontzat emanda

Imanol Karrera LABeko kidea, atzoko agerraldian. ION ORZAIZ.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Sare publikoan soilik jarduteagatik osagarria kobratu, eta klinika pribatuan aritu. Osasunbidean, halakoak «praktika orokortuak» direla salatu zuen LAB sindikatuak iragan otsailean, etahamar kasuren berri eman zion Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoari. Orain, erakunde horrek ebatzi du «egiazkotasun zantzuak» daudela sindikatuak eginiko salaketan, eta espediente bat ireki du, ustezko irregulartasunak argitzeko. Salatutakoa egia dela frogatuz gero, isunak jartzeko eta prozedura zigortzaileak abiatzeko gaitasuna du Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak.

LABeko Imanol Karrerak salatu du ez direla kasu bakanak, eta Osasunbideak «ingeniaritza» erabiltzen duela kontratazioetan, «izendapen formalik gabe ere», sendagile batzuei zerbitzuburu funtzioak —eta horiei dagozkien soldata osagarriak— emateko, «sektore pribatuan lan egiten duten bitartean». Horregatik, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ikerketa bat abiatu izana «lorpen handia» da, Karreraren irudiko: «Lehen urrats hau funtsezkoa da argitzeko ea diru eta zerbitzu publikoaren kontura eginiko praxi txarra ote den, MSN Nafarroako Sindikatu Medikoak ordezkatutako profesional batzuek urteetan garatua eta Nafarroako Gobernuak onartua».

Sindikatuak otsailean eginiko agerraldian salatu zuen «egitura osoan» atzeman zituztela esklusibotasunaren urraketak. Zalaparta mediatikorik handiena eragin zuen kasua izan zen Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologia zerbitzuko buruarena. Fakultatibo horrek esklusibotasun osagarria kobratzen zuen (800-1.100 euro inguruko gehigarria), baina, LABek Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoan salatu zuenez, klinika pribatu batean egiten zuen lan. Nafarroako Gobernuak iragarri zuen espediente bat zabalduko zuela, kasua argitzeko.

Gobernuak uko egin zion Osasunbidean ikerketa orokor bat egiteari, halakoak «kasu bakanak» zirelakoan. Orain, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren ebazpena jaso ostean, LABek esan du txosten horrek kolokan jartzen duela Nafarroako Gobernuaren bertsioa: «Bai Santos Indurain kontseilariak, bai Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak aipatu zuten bi kasutan bakarrik atzeman zituztela esklusibotasuna bidegabeki kobratu izanaren zantzuak, eta LABen salaketa kritikatu zuten. Orain, ustelkeriaren aurkako erakundeak ohartarazi du zantzuak daudela esateko ez dela kasu bakar bat, ez bi, baizik eta kasu gehiago daudela».

Osagarria, 1992tik

Nafarroan, 1992. urtean erabaki zuten Osasunbideko sendagileei esklusibotasun klausula bat ezartzea eta, horren truke, soldata osagarri bat ematea. Medikuen oinarrizko soldataren %45-55 artekoa izan daiteke, kasuan-kasuan. Ordutik, sistema publikoan bakarrik egin dezakete lan, edo soldata osagarri horri uko egin—oso gutxi dira aukera hori hobetsi duten profesionalak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.