Praktikaldian diren funtzionarioen prestakuntza euskaraz izatea eskatu diote Nafarroako Hezkuntza Departamentuari

Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek egin dute eskabidea, ohar bateratu batean: «Irakasleok prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea dugu, are gehiago kontuan hartuta gure jardun profesionala euskaraz dela».

Irakasleak eskola umeen aurrean, Zigako eskolan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Irakasleak eskola umeen aurrean, Zigako eskolan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 4a
12:50
Entzun

2021etik salatzen ari diren egoera bat dela gogorarazita, gaur berriz ozendu nahi izan dute ahotsa Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduari eskatu diote praktikaldian diren funtzionarioen prestakuntza euskaraz izan dadila bermatzeko. «Irakasleok prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea dugu, are gehiago kontuan hartuta gure jardun profesionala euskaraz dela», nabarmendu dute.

«Praktiketako funtzionarioen artean badaude beren jarduna euskaraz egiten duten irakasleak, D ereduko postuak eskuratu dituztenak hain zuzen ere», azaldu dute. Maisu-maistren kidegoan %28,7 direla zehaztu dute. «Hori horrela izan arren, Hezkuntza Departamenduak irakasle hauei ez die euskaraz bermatzen prestakuntza osoa», salatu dute.

Aurrez egindako salaketen ondorioz «hobekuntza txikiak» izan zirela onartu dute, baina esan dute egoera bideratu gabe dagoela eta irakasleek «gaztelania hutsean» egin behar dituztela egun praktikak, administrazioa argudiatzen ari baita euskaraz emateko pertsonarik ez dagoela.

Bide batez, irakasleentzat eskaintzen den euskarazko prestakuntza handitzeko eskatu dute sindikatuek. «Egun, prestakuntzaren %17 soilik da euskaraz, eta horrek ez ditu inondik inora ere euskaldunen beharrak asetzen». Alderaketa bat egin dute atzerriko hizkuntzekin, ehuneko hori zeinen apala den nabarmentzeko: «Ingeleseko, alemaneko eta frantseseko prestakuntzek %10,3 osatzen dute». Gaztelerazkoa da prestakuntzaren %80.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.