Praktika onak, sexu aniztasunean hezteko

Rainbow Has aurkeztu du EAEko Arartekoak, eskola eremuetan homofobia saihesteko eginiko egitasmoa.Europako Batzordeak sustatu du; bost herrialdetako 22 jardunbide on zerrendatu dituzte

arantxa iraola
Donostia
2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Haur eta nerabe homosexualak, genero identitatea ohikoaz aparteko era batean sentitzen duten neska-mutilak eta familia homoparentaletako seme-alaba adingabeak. EAEko Arartekoak aurkeztu duen Rainbow Has egitasmoan, adingabe horiei guztiei erreparatu diete, datu eta ikerketa askok erakutsi baitute egoera zailean egoten direla sarri homofobiaren eraginez. «Haien giza eskubideak ez daude behar bezala bermatuta», esan zuen atzo Iñigo Lamarca arartekoak, egitasmoa aurkezteko Donostian egindako agerraldian. «Eta orain arte ez da ia ezertxo ere egin». Hutsune horri aurre egiteko prestatu dute txostena; Europako Batzordeak sustatuta egin dute, eta EAEko Arartekoak koordinatuta; edukiak lantzeko bilerak egin dituzte Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan, eta kontuan hartu dituzte, orobat, Italian, Erresuma Batuan, Bulgarian eta Polonian proiektuari egindako ekarpenak. «Izan ere, Europako aniztasuna erakutsi nahi zen egitasmo honekin, eta garrantzitsua zen Europa ekialdeko herrialdeak ere sartzea». Emaitza izan da gida bat 22 praktika on biltzen dituena —horietako bost, EAEn jasoak—. «Eta lana egitean egin diren aliantzak ere oso garrantzitsuak dira».

Gidan jaso dituzte, besteak beste, Berdinduk, Gipuzkoako gurasoen elkarte Baikara-k, Ingurugela-CEIDAk eta Gasteizko Nuestra Señora de las Mercedes ikastetxeak homofobia eta transfobia saiheste aldera landutako hainbat jardunbide eta Sexumusu egitasmoa, EHUren abaroan landua. «Azken urteotan, asko aurreratu da», onartu du Lamarcak. «Baina lan handia dago egiteko».

Curriculumean txertatzeko

Izan ere, egin diren aurrerapauso asko profesional eta ikastetxe jakin batzuen borondateari esker egin direla argi du Lamarcak, baina ez da aski: azken jomugak izan beharko luke «hezkuntzako curriculumetan» jasotzea homofobia saihesten lagun dezaketen ezagutza eta kontzientziazio bideak. «Hartara, ikastetxe guztiek landuko lukete gaia». Espainiatik, ordea, gobernuak sustatutako LOMCE erreformarekin, horretan lagundu beharrean galga jartzen ari direla pentsatzen du: «Herritartasunerako Hezkuntza ere kentzera egin dute, eta han bazen, azaletik bazen ere, gai horiek pixka bat lantzeko aukera». Argi du, ordea, eskolari bakarrik ezin zaiola eman egitekoaren ardura: zamatsua baita. «Ezin da gehiegi bete zakua eskolaren bizkar. Hezkuntza komunitate osoari erreparatu behar zaio, eta familiei ere bai; familiak giltzarri dira neska-mutilen bizitzan».

Ikerketa kualitatiboa da aurkeztu berri dutena, eta datu berririk ez du azaleratu. «Esaten denaz gain, egiten dena neurtzera joan gara orain», azaldu du Begoña Petxarromanek, zeinak lan egiten baitu ikerketan parte hartu duen aholkularitza enpresa batean, Farapin. Hortik jo dute jardunbide onei erreparatu eta horiek eredu gisara jartzera. Adingabeen arteko harremanak maiz homofobiak ozpinduta daudela erakusten dute datuek, eta ezagunak dira lehendik: Arartekoaren 2009ko ikerketa batek erakutsi zuen EAEko adingabeen %10-15ek jarrera homofoboak dituztela, eta Eusko Jaurlaritzaren azterlan batek azaleratu zuen bigarren hezkuntzako ikasleen %23k gertuan ikusi dituztela eskolan homofobiak eragindako jazarpenak. Eta badakite sarri kasu asko isilean geratzen direla, lotsaren eta izuaren mende: «Zaila izaten da atzematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.