Ezustekoa gertatu da EAJk Barakaldon antolatutako hauteskunde ekitaldian. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar izan da parte hartu duen azkena, eta, hitzaldiaren hasieran iragarri duenez, Imanol Pradales lehendakarigaiari piperbeltz esprai batekin eraso diote aipatutako ekitaldian parte hartu ondoren.
Ohi ez bezala, Pradales izan da Barakaldoko ekitaldiko lehen hizlaria, ETB2ko eztabaida prestatu behar baitzuen. Pradalesen ostean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu dute, eta, gero, Ortuzar oholtzara igo denean, esan du «albiste txar bat» eman behar zuela. Orduan adierazi du Pradalesi eraso egin diotela. Esan duenez, hautagai jeltzalea Gurutzetako ospitalera eraman dute, begiak garbitzeko. «Ez larritzeko» aholkatu die bertaratutakoei, eta gertatutakoa gaitzetsi du.
«Ez dakigu zertara datorren hau», esan du Ortuzarrek, «baina honen moduko gertaerek gizarte gisa gogoeta egitera eraman behar gaituzte: tentsioa eragitea, banaketa eta amorrua sorraraztea, bidea ote den gurea bezalako gizarte batentzat. EAJren iritziz, hau ez da bidea; ez da gure bidea».
EAJk jakinarazi du pertsona bat atxilotu dutela erasoaren harira.
Erasoaren berri izan eta berehala iritsi dira gainerako hautagaien erreakzioak sare sozialetan. EH Bilduko Pello Otxandianok «elkartasuna» adierazi dio Pradalesi, eta Sumarreko Alba Garciak esan du demokrazian erasoak ez direla «onargarriak», PSE-EEko Eneko Anduezak adierazi du «edozein indarkeria ekintza gaitzesteak arau» izan beharko lukeela demokrazian, eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik erasoa salatu du.