Pradalesen ustez, EH Bilduren proposamena «ez da errealista», eta «taktika politikoari» erantzuten dio

Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, koalizioak aurrekontuak adosteko egindako eskaintzak 1.500 milioi euroko inbertsio gehigarri bat eskatzen du. Anduezak EH Bilduri ohartarazi dio negoziatzeko lema Jaurlaritzak eta foru aldundiek dutela.

Imanol Pradales lehendakaria Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian. L.RICO / EFE
Imanol Pradales lehendakaria Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. L.RICO / EFE
edurne begiristain
2024ko urriaren 17a
11:38
Entzun

Joan den astean aurkeztu zien EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu publikoak batera negoziatzeko proposamena, eta, atzo, ekinbidea aletu zuen Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. Eskaintzari erantzun dio gaur goizean Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, esanez «zalantzak» dituela proposamenaren bideragarritasunarekin, uste duelako ez dela ez «zintzoa», ez «errealista». Izan ere, Pradalesen arabera, EH Bilduren eskaintzak 1.500 milioi euroko inbertsio gehigarri bat eskatzen du, hain justu aurtengo zerga bilketan iragarri baino 700 milioi gutxiago bilduko direnean, mutualistei egin beharreko itzulpenak direla eta.

Eusko Legebiltzarraren atarian egin ditu adierazpenok Pradalesek, osoko bilkura hasi aurretik, eta kazetarien galderei erantzunez azpimarratu du Jaurlaritza «irekia» dagoela «eraikitzaileak» diren akordiorako proposamenak aztertzeko, baina betiere horiek «zintzoak» baldin badira. Haatik, Otxandianok egindako eskaintzak «taktika politikoari» erantzuten diola uste du. «Proposamen errealista bat da, ala taktika politikoari argi eta garbi erantzuten dion proposamen bat?», galdetu du.

Lehendakariak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak komunikabideen bitartez izan du EH Bilduren eskaintzaren berri, eta ez du oraindik modu formalean jaso. Edozein modutan, koalizio subiranistari gogoratu dio aurrekontuen tramitazioan ekarpen zehatzak egiteko parada izango duela, eta hori dela markoa negoziatzeko.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere ahotan izan du EH Bilduren akordiorako eskaintza. Anduezak koalizioari ohartarazi dio Eusko Jaurlaritzari eta hiru foru gobernuei dagokiela aurrekontuen negoziazioaren gidaritza hartzea, eta elkarrizketak egiteko «modua eta esparrua» ezartzea.

Anduezaren esanetan, Jaurlaritzaren bide orria «oso argia» da, eta negoziazio esparru horretan «alderdi guztiekin» hitz egiteko arazorik ez du, baina mesfidati agertu da koalizioaren asmoen inguruan. Hala, ohartarazi du EH Bilduren akordiorako borondatea «egiazkoa» den ala «bestelako asmoei» erantzuten dien ikusi beharko dela.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.