Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «pausoa bizkortu» nahi du 2025. urtean. Hala adierazi du urteko azken gobernu kontseiluaren ostean, Ajuriaenean. Gobernuan egindako lehen sei hilabeteen balantze positiboa egin duen arren, abiadura areagotu nahi du «zerbitzu publikoak indartzeko», «eraldaketa estrategikoak» garatzeko eta «komunitatearen zentzua indartzeko», eta baita autogobernuaren arloan jauzi bat emateko ere. Izan ere, adierazi du 2025. urtea «giltzarria» izango dela arlo horretan: Gernikako Estatutua osorik bete beharko litzateke, eta autogobernu «hobea eta zabalagoa» izateko akordio bat egin.
Pradalesen esanetan, autogobernuaren arloan aurrerapen nabarmenak egin dira bera Jaurlaritzara heldu denetik. Esaterako, nabarmendu du Kontzertu Ekonomikorako Bitariko Batzordean 29 akordio sinatu dituztela Gasteizek eta Madrilek. Azkena, gaur: euskal erakundeen 2027ra arteko defizitari eta zorpetze mugari dagokiona.
Era berean, gogoratu du azken hilabeteetan bi gobernuek Gernikako Estatutuan jasotako zenbait transferentzia adostu dituztela, eta martxan direla, besteak beste, meteorologia eta atzerritarren lan baimenei dagozkienak; lehenaren inguruko batzorde teknikoa gaur da biltzekoa, eta asteazkenean bigarrenari dagokiona. Era berean, hasiak dira itsas salbamendu eta Barakaldoko (Bizkaia) Makineria Egiaztatzeko Zentroaren eskumenen inguruko negoziazioak ere.
Hala, Pradalesek azaldu du martxan dela Bitariko Batzordean adostu zuten egutegia, eta, 2025. urtea amaitzerako, Gernikako Estatutuan jasotako eskumen guztiek Jaurlaritzaren esku beharko luketela, baita portuen eta aireportuen kudeaketari eta gizarte segurantzaren erregimen ekonomikoari dagozkienak ere: «Gai batzuk konplexuagoak dira, baina adostu genuen egutegi hori betetzea. Espainiako Gobernuak betetzea espero dut».
Ez da hori, baina, autogobernuaren arloan jarri duen helburu bakarra. Haren esanetan, azken lau hamarkadek utzitako ikasgaietako bat da autogobernua «zabaltzearen eta bermatzearen garrantzia». Hala, adierazi du estatutu berri baterako oinarriak jartzeko garaia dela.
«Hori da gure desioa», esan du, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioari erreferentzia eginda. Era berean, baina, PSE-EErekin duten akordiotik harago, gehitu du testu berriak harreman eredu bilateral bat, berme sistema bat eta aitortza nazional bat jaso beharko lituzkeela. Eta erabakitzeko eskubideak izan beharreko lekuaz galdetuta, erantzun du alderdien arteko negoziazioek eman dezaketenari itxaron beharko zaiola, baina borondate kontua dela: «Nork esango zuen Espainiako Kongresuan amnistia lege bat onartuko zela?».
Hain zuzen, Pradalesek gogoratu du abian direla alderdien arteko elkarrizketa «diskretuak», eta espero du horiek forma hartzea datozen hilabeteetan: «Aurrera egiteko beharrezko giro politikoa sortzeko». Horretarako, «egonkortasuna» behar da, haren esanetan. Eta Madrilen halakorik ba ote den galdetuta, erantzun du urtarrilean Pedro Sanchez gobernuburuak Mariano Rajoyk agintean egindako epea gaindituko duela, gorabeherak gorabehera aurrera egiteko izan duen gaitasunari erreferentzia eginda.
Ekintzen %27, martxan
Orain arteko bideari dagokionez, Pradalesek azaldu du EAJk eta PSE-EEk gobernu programan adostutako ekintzen laurdenak baino gehiago (%27) martxan direla jada: besteak beste, osasun ituna, lan eskaintza publiko berriak, Osakidetzako itxaron zerrendak murrizteko plana eta Hezkuntzan soldata berdintasuna sustatzeko neurriak.
Halere, aurrera begirakoan egin nahi izan du indar. Izan ere, lehendakariaren esanetan, behin oinarriak eta norabidea ezarrita, «abiadura bizkortzeko» eta «jauzi bat» emateko garaia da. Adierazi du horretarako baldintzak onak direla, EAEko erakunde nagusiek aurrera atera dituztelako euren aurrekontuak eta gizartearen «bizi kalitate eta kohesio maila handiak» direlako.
Zerbitzu publikoen egoerari dagokionez, Pradalesek osasun, etxebizitza, hezkuntza eta segurtasun arloak izan ditu hizpide. Hala, urratsak egin nahi ditu Osakidetza «aurrerantzean ere erreferente izateko», eta zehaztu du osasun itunean diagnostikoa adostu ondoren udaberrian herri itun bat onartzeko bidea jorratzeko garaia dela. Etxebizitza arloan, berriz, etxebizitza babestuak egiteko lur publiko gehiago lortzeko araudi aldaketa bat sustatu nahi du, besteak beste. Eta Hezkuntzan, xede ditu emaitzak hobetzea eta segregazioari aurre egitea.
Pradalesek azaldu du ez dutela «beste alde batera begiratuko» segurtasunaren esparruan ere. Eta zenbait neurri hartzeko asmoa azaldu du: larrialdi sistema hobetzea, ertzainen lan baldintzen inguruko akordio bat ontzea eta 8.000 ertzain ere izatea.
Jaurlaritzaren bigarren zutabea ekonomia sendotzeko beharrezko baliabideak jartzea eta «Euskadiren etorkizuna prestatzeko» inbertsioak egitea izango da. Nola? Europako berrindustrializazioan «aktiboki» parte hartuz, berrikuntza sustatuz eta funtsezko sektoreak sendotuz. «Herri industriala gara; balio ukaezina da hori».
Komunitate izaera, berriz, «elkar babestearekin, zaintzearekin eta errespetatzearekin» lotu du Pradalesek, baina baita euskal «nortasun, kultura, hizkuntza eta balioekin» ere. Horregatik, euskararen erabilera sozialean «jauzi kualitatibo bat» emateko helburua jarri du, baita belaunaldien arteko elkartasuna sustatzekoa ere.
Lehendakariaren esanetan, orain arte Jaurlaritzak «jarrera eraikitzailea» izan du erronka horiei aurre egiteko, eta asmo bera izango du aurrerantzean ere: «Elkarlanerako prestasun osoa erakutsiko dugu beti». Horregatik, gauza bera eskatu die alderdi politiko, sindikatu eta bestelako eragileei. Zehazki, «taktizismoak» eta «epe laburreko ikuspegiak» alde batera uzteko eta akordioak egiten saiatzeko.