Pradalesek «zorroztasuna» eskatu die sailburuei, herritarren arazoei konponbideak emateko

Eusko Jaurlaritzako hamabost sailburu berriek kargua hartu dute, Ajuriaenean. Ele bitan egin dute zina denek, Alberto Martinez Osasun sailburuak izan ezik. Lehendakariak eskatu die anbizioz jarduteko, «huts egiteko beldurrik gabe».

Gobernu berriaren argazkia atera dute gaur goizean Ajuriaenea jauregiaren eskaileretan. ENDIKA PORTILLO /FOKU
aitor biain
2024ko ekainaren 25a
12:30
Entzun

Eusko Jaurlaritza eratu da, eta lanari ekiteko prest dago. Larunbatean Imanol Pradales lehendakariak egin zuen karguaren zina, eta gaur gobernua osatuko duten hamabost sailburuak jabetu dira karguaz. Ajuriaenean egin dute kargua hartzeko ekitaldia, protokoloari zehatz jarraituta. Jaurlaritzako kideez gain, bertan izan dira Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak ere, eta EAJko eta PSE-EEko buruzagiak: Andoni Ortuzar eta Eneko Andueza.

Pradalesek sailburuen izendapenen dekretuak irakurri ditu lehenengo, eta sailburuek banan-banan egin dute zina ondoren, eskua Gernikako Estatutuaren ale baten gainean zutela. Duela lau urteko moldea erabili dute sailburu berriek kargua hartzeko: «Hartzen dudan agintea, Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera, zintzo eta leialki erabiliko dudala hitzematen dut». Sailburu denek ele bitan egin dute zina, Alberto Martinez Osasun Sailburuak izan ezik: soilik gazteleraz egin du.

Lehendakariak sailburu guztiak agurtu ditu jarraian, eta eskerrak eman dizkie «Euskadiren alde lan egiteko konpromisoa hartzeagatik». Umiltasunez eta anbizioz lan egin dezatela eskatu die sailburuei Pradalesek: «Ausartzeko eskatzen dizuet, huts egiteko beldurrik ez izatea». Jardunean «zorrotzak» izateko ere galdegin die, eta «eredugarriak» izatea. 

Lehendakariak hitzeman du «atsedenik gabe» egingo dutela lan «Euskadi berria» eraikitzeko: «Apaltasunez eta ilusioz egingo dugu, jendearen arazoak gurak lehen egunetik eginez, eta horiei irtenbideak bilatuz». Hori izango baita Pradalesek gidatuko duen taldearen xedea hurrengo lau urteetan: ongizatez haztea, herritarren bizi kalitatea hobetzea. Eta, azaldu du horretarako agenda hirukoitza izango duela ardatz: ongizatearen Euskadi global eta humanista.

Lehendakariak estatutu berriari ere egin dio aipamena, eta adierazi du autogobernuan «sakontzea» izango duela xede Eusko Jaurlaritza berriak. Gobernuak bi eginkizun izango ditu bide horretan: Gernikako Estatutua osorik betetzea eta estatutu berri baterako «itun zabala» lortzea, EAJren eta PSEren arteko gobernu itunean jasota dagoen bezala.

Osasun ituna, berandu baino lehen

Ajuriaeneko eskaileretan talde argazkia atera ondoren, sailburuek euren asmoen berri eman dute, banaka kazetarien aurrean egindako agerraldi laburrean. Argi geratu da, beste behin, osasungintza izango dela Jaurlaritza berriaren lehentasun nagusietako bat. Alberto Martinez Osasun sailburuak iragarri baitu lehendakariak berandu baino lehen deituko diela unibertsitateei, osasun profesionalei, sindikatuei eta alderdi politikoetako ordezkariei Osakidetzaren aldeko herri itun bat izenpetzeko.

Euskararen erabilera areagotzea eta Europan euskararen ofizialtasuna lortzea izango du helburu Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultur eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta administrazioa digitalizatzea eta burokrazia arintzea, berriz, Maria Ubarretxena gobernuaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak. Ertzaintzako lan gatazka onbideratzea egokituko zaio Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari; bada, negoziaziorako borondatea agertu du, eta adierazi du «arrazoizkoak eta denboran sostengagarriak diren akordioak bilatzen» saiatuko dela. 

Ezberdinen arteko akordioak landuko dituela adierazi du Mikel Torres bigarren lehendakariordeak ere. Europako funtsen kudeaketa bere gain hartuko du Torresek, eta adierazi du haien adjudikazioa «arintzeko» eskatuko diola Madrili. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu gisa Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroari deituko diola aurreratu du.

Energia berriztagarriak ardatz hartuta, etorkizuneko industriaren aldeko apustua egingo du Mikel Jauregi Industriako, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasuneko sailburuak. Eta ekonomiaren hazkundea sendotzen lagunduko duten finantzaketa tresna «berri eta anbiziotsuak» iragarri ditu Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak. 

Hezkuntza komunitatearekin lankidetzan etorkizuneko eskola eraikitzeko beharra aldarrikatu du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Eta aurretik egindakoa aintzat hartuta «jauzi kualitatiboa» emateko beharraz ohartarazi du Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak. Nerea Melgosak, berriz, esan du erronka demografikoari aurre egiteko familientzako laguntzak handituko dituela, eta guraso baimenak luzatu. 

Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak adierazi du ezingo duela «miraririk» egin etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko, baina hitzeman du «borrokarako» jarrerari eutsiko diola etxebizitzarako eskubidea bermatzeko. Javier Hurtadok iragarri du turismoaren lege berri bat onartuko duela, eta tasa turistikoa ezartzeko nahia agertu du.

Mugikortasun jasangarriari dagokionez, bereziki tren azpiegiturak bultzatuko dituela esan du Susana Garciak: AHTa, aldiriko trena, Bilboko metroa edo Gasteizko tranbia aipatu ditu, besteak beste. Amaia Barredok, berriz, lankidetza eskaini dio lehen sektoreari, nekazaritza eta elikadura alorretan «lehiakortasuna indartzeko» neurriak onartzeko. Azkenik, giza eskubideen urraketen biktimei «babes publikoa» emateko asmoa eta justizia herritar guztien eskura jartzeko konpromisoa agertu du Maria Jesus San Jose Justiziaren eta Giza Eskubideen sailburuak. 

Aldaketak

Goizeko ekitaldiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak lehen gobernu bilera egin du Ajurianean bertan. Eta aurreneko erabakia ere hartu du: lehendakariaren kabinete burua izendatzea. Pradalesek Nekane Zeberio Ganzarain izendatu du haren kabinetearen zuzendari gisa. Miren Erezkanoren lekua hartuko du Zeberiok.

Ez da aldaketa da aldaketa bakarra izan, dena den. Sailburu kargua hartzearekin batera, legebiltzarkide izateari utzi baitiote Javier Hurtado, Denis Itxaso eta Maria Jesus San Jose sozialistek. Haien ordez, Eusko Legebiltzarreko sozialisten taldera batuko dira Estibaliz Canto, Adrian Fernandez eta Itxaso Asensio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.