«Badakit, saiatuta ere, gaur originala izatea ez dudala lortuko». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak horrela hasi du kargua hartu zuenetik eman duen urte berriko lehen mezua. Lehendakariak zenbait keinu egin dizkie aurten gertatutako kontuei, koiuntura gaiak hizpide izan ditu —autoritarismoaren gorakada eta autogobernua—, eta gazteei mintzatu zaie nagusiki, itxaropen mezua helarazteko.
2024an hil zen Jose Antonio Ardanza lehendakaria, eta hura oroituz ekin dio hitzaldiari, eta lanagatik «jaiak beranduago ospatu beharko dituztenei» eskerrak eman dizkie jarraian: erizainei, ertzainei, zaintzaileei, ostalariei, okinei, kazetariei... Gogoan izan ditu «sufritzen ari diren pertsona zaurgarriak» ere, hala nola «gurera bizimodu hobe baten bila iritsi berri direnak, euren etxea atzean utzita».
Euskal herritar guztiei osasuna, zoriontasuna eta oparotasuna opatu ostean hasi du gazteentzako atala. Gaztaroa nahi duten modura bizitzeko esan die: «Azken finean, horixe egin genuen guk, hain justu, zuen adinean. Baina, hori bai, askatasuna ez doa arduraren kontra».
Jose Antonio Agirre lehendakariak 1947ko mezuan erbestetik esandako hitzak errepikatu ditu: gaztaroa dela etorkizuna eta haren gainean oinarritzen direla herrien itxaropenak. «Kezka bizia sentitu behar dute gure herriaren etorkizunagatik. Gure askatasun tradizio guztia, gure praktika demokratikoa, ahuldu egingo da, gazteen artean oihartzunik ez badu», jarraitu du Agirreren hitzak baliatuz.
Gazteei mezua
Orduan ekin die koiuntura kontuei. Gazteak gogoan, adierazi du hazten ari direla europeismoaren kontrako diskurtsoa, demagogia eta estremismoa. Horrez gainera, intrantsigentziaren eta autoritarismoaren olatuak indarra hartzen ari direla, eta askatasuna, demokrazia eta etorkizuna ez daudela ziurtatuta. «Eta, etxeko nagusiek erakutsi diguten bezala, beste edozein aukera okerragoa da».
Pradalesek esan du badakiela askok zailtasunak dituztela lan on bat aurkitzeko edo etxetik joateko, eta kezkaz begiratzen diotela etorkizunari, baina, hala ere, eskatu die kontakizun manipulatuak ez sinesteko, eta mezu populistei aurre egiteko. «Konplexuak dira ditugun arazoak; ez dira erantzun sinpleekin konpontzen. Horregatik eskatzen dizuet pazientzia, itxaropena eta konfiantza izan dezazuela Euskadirengan. Gure herriak beti jakin izan du egoera berrietara egokitzen, eta oraingoan ere egingo du», jarraitu du lehendakariak.
«Konplexuak dira ditugun arazoak; ez dira erantzun sinpleekin konpontzen. Horregatik eskatzen dizuet pazientzia, itxaropena eta konfiantza izan dezazuela Euskadirengan»
«Egin dezagun elkarrekin Euskadi Berria eraikitzeko bidea. Zuen bizi proiektuak garatzeko aukerak sortuko dituena. Nahi duzuen erritmo eta doinuan dantza egingo duena. Zuen ahaleginarekin, kristoren martxa izango duena!», egin dio keinua aurten zeresana eman duen Kortaturen Sarri, sarri abestiari.
Hitzaldiaren amaiera partean aipatu ditu autogobernua eta Europa, eta komunitatearen garrantzia azpimarratu du. Benito Lertxundik kantatzen duen Joxean Artzeren Zure askatasunagatik olerkia baliatu du horretarako: «Zoriontsu, libre behar zaitut; zure askatasunean, zure zorionean, nerea ikusten dudalako».
«Itxaropenez eta konfiantzaz, 2025. urte hasieran, lehendakari gisa, nire desiorik onenak opa dizkizuet: Zorionak eta urte berri on!», amaitu du.