Pradalesek lehendakari karguaren zina egin du, Espainiako Konstituzioari «leialtasuna» adierazi gabe

Agirre lehendakariaren formula erabiliz hartu du kargua Imanol Pradalesek, Gernikako juntetxean. Estatuaren ordezkari gisa hartu du kargua, baina Espainiako Konstituzioari eta koroari leial izatea espresuki aipatu gabe.

Imanol Pradales eta Bakartxo Tejeria Gernikako juntetxean, gaur eguerdian. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Pradales eta Bakartxo Tejeria Gernikako juntetxean, gaur eguerdian. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 22a
12:45
Entzun

Aurretik halakorik egin gabeko ahots batek egin du zina gaur Gernikako juntetxean, baina Imanol Pradalesek hitz zaharrak eta berriak nahastu ditu. Hura izango da Eusko Jaurlaritzako lehendakari hurrengo lau urteetan, baina, kargu bera izan zuten EAJko aurreko hautagaien bidetik jo, eta Jose Antoniok Agirrek 1936an eginiko formula baliatu du zin egiteko. «Jaungoikoaren eta euskal gizartearen aurrean apalik», bere agintea «zintzo» betetzea «zin» egin du. Kargua hartzean, ordea, gidoia hautsi du, «ordenamendu juridikoaren» arabera hartu baitu, Espainiako Konstituzioari leial izatea espresuki aipatu gabe.  

Duela lau urte, pandemiak eragindako murrizketek baldintzatu zuten Iñigo Urkulluren azken zinaren ekitaldia; gaur, aldiz, protokolo guztia zehatz bete ahal izan da. Hunkituta agertu da Pradales, haren neurrira eginiko ekitaldi batean. Juntetxera sartu diren gonbidatu guztiek arraunez, sardina saltzaileen saskiz eta arrantza sarez osaturiko pasabide batean barrena egin dute aurrera. Pradalesek, jaiotzez santurtziarra izanda, keinu bat egin nahi izan du, eta jaioterriko ikurrak gogora ekarri. 

Ekitaldi solemnea izan da, eta arazorik gabe egin du aurrera, baina juntetxean ozen entzun dira aurrean bildutako herritarren protestak. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak elkarretaratzera deitu du, eta haien oihuen burrunba agerikoa izan da. Hala ere, garbi entzun da Pradalesen zina: «Eusko lur gainean zutunik, jaungoikoaren eta euskal gizartearen aurrean apalik, Gernikako zuhaizpean, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo betetzea zin dagit». Euskara hutsean zin egin du, eta ikonografia erlijiosorik gabeko mahai batean.

Imanol Pradales
Imanol Pradales Gernikako arbola gaztearen azpian, karguaren zina egiten. LUIS TEJIDO / EFE

Zinaren ondoren juntetxera itzuli da Pradales, eta bertan hartu du kargua ofizialki. «Estatuaren ordezkari arrunt» gisa aurkeztu du bere burua, eta «ordenamendu juridikoaren arabera» hartu du kargua. Hori izan da ekitaldiko berritasunik handiena, ez baitio erreferentzia zuzenik egin ez Espainiako Konstituzioari ezta koroari ere. Haren aurretik kargua hartu zuten lehendakariek espresuki adierazi zuten haiekiko «leialtasuna», baina Pradalesek ez du halakorik egin. Kargu hartzea euskaraz eta gaztelaniaz egin du.   

Askatasunaren eta ongizatearen alde

Antzeko hitzak erabili ditu juntetxeko Ohorezko Liburuan idatzitako mezuan, eta euskara hutsean idatzi du. Hitzeman du «Euskadiren ongizatearen eta askatasunaren alde» bere «onena» emango duela, eta «euskal herritarren» bizitza hobetzeko lan egingo duela. Agur luzea idatzi du Pradalesek, eta lege zaharrak zaindu eta berriak defendatuko dituela zin eginez amaitu.

Kargua hartu ondoren, Iñigo Urkullu lehendakari ohiaren eskuetatik jaso du aginte makila, eta juntetxean bildutako gonbidatuen txalo artean altxatu. Hirurehun gonbidatutik gora izan dira ekitaldian, eta, herri ordezkarien artean, lehentasuneko tokia izan dute bizirik dauden lau lehendakari ohiek: Carlos Garaikoetxeak, Juan Jose Ibarretxek, Patxi Lopezek eta Iñigo Urkulluk. Haiekin atera ditu lehen argazkiak Gernikako arbola gaztearen aurrean. Jose Antonio Ardanza lehendakari hil berriaren senideak ere gonbidatu dituzte ekitaldira.

Txibite falta

Herri ordezkari ugari elkartu dira: bertan ziren, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko lehendakariordea. Hutsune nabarmena Maria Txibiterena izan da. Agenda arazoak zirela medio, Nafarroako Gobernuko lehendakaria ezin izan da Gernikan egon. Haren ordez, Felix Taberna lehendakariordea eta Unai Hualde parlamentuko presidentea izan dira ekitaldian.

Gainerako gonbidatuen zerrenda luzea zen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak bertan ziren, baita hiru herrialde horien hiriburuetako eta Gernikako alkateak ere. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariak ere izan dira. Eneko Andueza PSEko presidenteak gobernu programa goratu du, eta gobernu sendoa osatuko dutela aipatu. Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkideak, bestalde, Pradalesi adierazi dio prest dagoela akordioak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.