Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo amaitu zuen alderdiekin egin duen bilera sorta, gobernu programa ezagutarazteko eta gai nagusietan adostasunak lortzeko helburuz egindakoa, eta gaur egin du horien gaineko lehen analisia jendaurrean. Jakinarazi duenez, bilera horietan bi izan dira hizpide nagusiak: legealdian lehentasun izango dituen gaiak, eta osasun sistemaren gaineko herri ituna. Azken hori lortzeko «zumeak» badaudela uste du, alderdietako ordezkariei entzundakoaren arabera, eta, beraz, sei hilabeteko epea finkatu du ituna sinatzeko: datorren urteko martxorako nahi du.
Lehendakariak bide orri bat zehaztu du horretarako, eta iragarri du irailean mahai bat eratuko duela hori lantzeko. Lehen hamabost egunetan, Alberto Martinez Osasun sailburuak lan egutegia eta metodologia zein izango diren jakinaraziko du. «Lehenbailehen lanean hastea da helburua». Eusko Jaurlaritzak alderdiekin, sindikatuekin, medikuen elkargoekin, unibertsitateekin eta «pazienteekin» josi nahi du ituna. «Euskadik merezi du osasunaren aldeko itun handi hau: egin dezagun», esan du Pradalesek.
Itunak lau ardatz izango ditu: Osakidetzaren arazoen «diagnostiko bat» osatu nahi da, eta horiei aurre egiteko «printzipioak eta estrategia» zedarritu eta «ebaluaziorako eta gobernantzarako neurri nagusiak» zehaztu. Lehendakariak esan du indar politiko guztien hauteskunde programak aztertu dituztela, Osakidetzaren inguruan zer planteamendu egin dituzten jakiteko, eta azpimarratu du guztiak aintzat hartuko dituztela: «Badago aukera hobetzeko».
Izan ere, akordiora batzeko borondatea ikusi du gainerako alderdietan. «Alderdiak prest agertu dira prozesuan parte hartzeko, eta ziur naiz gainerako parte hartzaileak ere prest egongo direla». Hori bai, ohartarazi du aldeko jarrera erakustea ez dela nahikoa, eta «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin die denei. «Ikusiko dugu nor batzen den akordiora eta nor ez».
«Alderdiak prest agertu dira prozesuan parte hartzeko, eta ziur naiz gainerako parte hartzaileak ere prest egongo direla. Euskadik merezi du osasunaren aldeko itun handi hau: egin dezagun»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Lehendakariak, edonola ere, ez du zehaztu zein diren Eusko Jaurlaritzaren helburuak osasun arloari dagokionez. Hauteskunde kanpainan, Pradalesek «konpromisoa» hartu zuen lehen arreta behar dutenei gehienez ere 48 orduan medikuaren arta bermatzeko, eta zerrenda kirurgikoetan itxaron zerrenda 60 egunetik jaitsi eta 50 egunera gerturatzeko. Eta kargua hartu ondoren, agindu zuen urtebeteko epean lortu nahi zituela helburu horiek.
Esan du, dena den, lehen arreta «indartu» egingo duela, eta «hobetu» egingo dituela itxaron zerrendei eta profesionalei lotutako arazoak. Horren adibide moduan jarri du, hain justu, joan den astean Basurtuko bihotz kirurgiako unitatea ez lekualdatzeko hartutako erabakia; Iñigo Urkulluren gobernuak bi urte zeramatzan gatazka horri aurre egin ezinik. Pradalesek, baina, ukatu egin du hori aurreko gobernua zuzentzea dela. «Arazoak konpontzea da hori», zehaztu du.
Ituna lortzeko bidean, gaur hasi da eragileekin biltzen. Sendagileen Elkargoko eta SATSE erizainen sindikatuko ordezkariei aurrez aurre aurkeztu dizkie esku artean duen plana eta osasunaren arlorako dituen asmoak. Osasun sailburua ere egongo da bilera horretan.
Etika ituna
Osasunaren aldekoa ez da alderdiei mahai gainean jarri dien itun bakarra. Izan ere, Pradalesek jakinarazi du politikan aritzeko etikarako ituna ere proposatu diela egunotan Ajuriaenean hartu dituen ordezkariei. Lehendakariak azaldu duenez, «munduko leku askotatik datorren olatu antidemokratikoari» aurre egin nahi diote hitzarmen horren bidez, eta «demokrazia biziberritzen» lagundu. «Demokraziak asko du jokoan hurrengo urteetan», esan duenez.
Proposamenak, ordea, ez du zerikusirik Pedro Sanchez Espainiako presidenteak «demokrazia biziberritzeko» aurkeztutako neurriekin. Bereizi beharreko bi kontu dira, biek demokraziari balioa ematea helburu badute ere. Pradalesek esan du bere proposamenak ez duela loturarik hedabideen finantzaketa publikoa mugatu edo murriztearekin; aitzitik, «gutxieneko batzuk» finkatzea du xede, «desberdinak errespetatzea, jardun politikoaren erantzukizuna, hurkoaren aitortza eta beste guztiaren gainetik guztien ongia lortzea» oinarri hartuta.
Pradalesek esan du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikan «beste giro bat» dagoela, Espainiarekin edo Europako Batasuneko beste herrialde batzuekin konparatuta. «Garrantzitsua da horri eustea, beste alderdiekiko errespetua mantentzea, eta eztabaida politikoetan ad hominem salaketetan eta mehatxuetan ez sartzea. Hori ez da gertatzen beste herrialdeetan», azpimarratu du.
«Garrantzitsua da hemen dugun giroari eustea, beste alderdiekiko errespetua mantentzea, eta eztabaida politikoetan ad hominem salaketetan eta mehatxuetan ez sartzea. Hori ez da gertatzen beste herrialdeetan»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Lehendakariak adierazi du Ajuriaenean izan diren ordezkariek begi onez hartu dutela proposamena, baina ez du zehaztasun gehiago eman itun horri dagokionez. Irailean aurkeztuko dituela esan du. Edonola ere, alderdiekin izandako bilerekin pozik azaldu da lehendakaria, eta giro onean eta modu «eraikitzailean» egin direla azpimarratu. Esan du «gehienak» bat etorri direla bileran mintzagai izan dituzten gaiekin, eta nabarmendu «elkarlanerako oinarri sendoa» dagoela. «Eusko Jaurlaritzan, dugun onena emango dugu hori bideratzen saiatzeko».
Hain zuzen ere, Pradalesek adierazi du hurrengo hilabeteetan ahaleginak egingo dituela «alderdi guztiekin konfiantza esparruak sortzeko» eta beste estatutu bat osatzeari buruz hitz egiteko; kazetariek Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak egindako proposamenari buruz galdetu diotenean esan ditu hitz horiek. Zehaztu du, halere, Gernikako Estatutua betetzeko falta diren eskumenen transferentziaz arduratzea izango dela haren egitekoa. Gogorarazi du, dena den, estatutua berritzeko proposamena gobernu itunean ez ezik EAJk Sanchezekin egindako hitzarmenean ere jasota dagoela.
satse: «Osakidetzaren egoera latza da»
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bilera sorta bat hasi du osasun arloko eragileekin. Gaur, Euskadiko Sendagileen Sindikatuko eta SATSE erizaintza sindikatuko ordezkariekin batu da, Alberto Martinez Osasun sailburuarekin batera. SATSEko idazkari nagusi Amaia Mayorrek adierazpenak egin ditu bilkura amaitu berritan. Osakidetzari buruzko balorazioa egin du: «Osakidetzaren egoera latza da». Horri buelta eman asmoz, lehendakariari txosten bat eman diote, lanerako lau lerro jasotzen dituena: lehen arretako beste eredu bat ontzea, lan baldintzak eguneratzea, lanpostuak egonkortzea eta langile kopurua «birdimentsionatzea». Halaber, negoziazio kolektiboaren alde ere egin du. Sindikatuko ordezkaria pozik mintzatu da lehendakariarekin biltzeko aukera izateagatik, eta egindako «keinua» eskertu du. Halaber, azaldu du bat egin dutela Pradalesek Osakidetzari buruz egin duen diagnostikoarekin, eta prest daudela osasun itunaren parte izateko. Gainera, iragarri dute beste bilera bat eskatu dutela, eta lehendakariak baiezkoa eman die.
Euskadiko Sendagileen Sindikatuak ere berretsi du aldaketa bat eman dela Eusko Jaurlaritzaren jokabidean, baina zail ikusten du hainbeste eragileren artean akordio bat ixtea. Halere, itun bat eskuratzeko prozesuan parte hartzeko prest azaldu da.