Pradalesek legebiltzarrari proposatu dio lantalde bat eratzea «demokraziaren kalitatea hobetzeko»

Lehendakariaren helburua da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «marko normatibo zabal, berri eta abangoardiako bat» izatea. Iragarri du gardentasun legea «laster» eramango duela legebiltzarrera.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
aitor biain
2025eko martxoaren 21a
10:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Munduan zabaltzen ari den «olatu antidemokratikoari» aurre egiteko neurriak hartu beharraz ohartarazi zuen Imanol Pradalesek Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuenean, eta iragarri zuen bere agintaldian eztabaida horri heldu nahi ziola. Eusko Legebiltzarrera eraman du asmo hori gaur, eta proposatu du «demokraziaren kalitatea hobetzeko» lantalde bat eratzea. Esan duenez, helburua da «marko normatibo zabal, berri eta abangoardiako bat» izatea, demokrazia «indartzeko» eta «erasoak» jasanez gero haiei aurre egiteko.

«Europaren balioak zalantzan daude, eta pauso bat aurrera eman behar dugu horiek defendatzeko», adierazi du Pradalesek kontrolerako osoko bilkuran, EAJren galdera bati erantzunez. «Dagokigun erantzukizuna gure gain hartu behar dugu». Eta nabarmendu du bera buru duen Jaurlaritza hasiera-hasieratik ari dela helburu hori lortzeko lanean, Europako Batasunaren estrategia ildotzat hartuta betiere. Lehendakariak plan batean jaso nahi ditu asmo eta ekinaldi guztiak aurrerantzean, eta bertan zehaztuko ditu aurrera eraman nahi dituen «proiektuak eta herri politikak».

Adierazi du orain lau lan lerro dituela martxan. Horietan lehena politikan «gizalegez» aritzeko ituna da. Donostiako Miramar jauregian iragarri zuen Pradalesek, urte politikoaren hasierako ekitaldian. Jardun politikoan «gutxienekoak» izan beharko liratekeenak jasotzen dituen dekalogoa da. Eusko Legebiltzarrera eraman nahi zuen, baina tiraderan gordeta dago oraindik asmo hori, alderdiek ez zutelako lortu ados jartzea.

Bigarrena lankidetzazko gobernantza eta deliberazio prozesuak sustatzeko markoa da. Lehendakariak hor kokatu ditu, besteak beste, trantsizio energetikoari lotuta egin asmo dituen herritarren arteko batzarrak, Urdaibaiko Guggenheimen inguruko entzute prozesua eta gazteekin egingo duten «lanketa berezia».

Berrikuntza demokratikorako proiektuak sartu ditu hirugarren lan ildoan, eta gardentasun legea laugarrenean. Hain zuzen ere, Pradalesek iragarri du gardentasunaren legea «laster» eramango dutela Eusko Legebiltzarrera, talde politikoek eztabaidatu eta onartu dezaten. Legea onartzeko laugarren saiakera izango da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du gardentasun legerik, behin baino gehiagotasun saiatu arren Iñigo Urkulluren hiru agintaldietan ez baitzen onartu.

Adostasun zabalagoa

Dena den, Pradalesek esan du lan ildo horietatik «harago» egin behar dela, totalitarismoa, autoritarismoa eta desinformazioa gero eta zabalduago daudelako. Horregatik egin dio lantalde bat sortzeko proposamena Eusko Legebiltzarrari. «Europaren eredua eta sorrerako balioak jokoan daude: bakea, askatasuna, berdintasuna eta justizia soziala. Inork ez ditu defendatuko guk defendatzen ez baditugu».

«Europaren eredua eta sorrerako balioak jokoan daude: bakea, askatasuna, berdintasuna eta justizia soziala. Inork ez ditu defendatuko guk defendatzen ez baditugu»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Ez du datarik iragarri oraindik, eta ikusteko dago zertan geratuko den asmo hori. Baina legebiltzarreko lantalde horrek aukera emango luke talde politikoetako ordezkarien hitzak ez ezik bestelako adituenak ere jasotzeko, eta horrek gizalegez aritzeko dekalogoarekin lortu ez zuen adostasun zabalago bat lortzeko aukera emango lioke lehendakariari, hura bezala asmo hutsean gera ez dadin. «Demokraziak, gaur inoiz baino gehiago, atxikimendua eta konpromisoa eskatzen ditu. Beraz, dei egiten dut bide hori elkarrekin egiteko, euskal gizartearen onerako izango baita», esan du Pradalesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.