Pradalesek Europako Inbertsio Bankuaren laguntza nahi du etxebizitza babestuak egiteko

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria EIBko lehendakari Nadia Calviñorekin elkartu da Europako Batasunera egiten ari den bidaiaren lehen egunean. Bihar, besteak beste, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearekin elkartuko da.

Nadia Calviño eta Imanol Pradales, gaurko bileran. IREKIA
Nadia Calviño eta Imanol Pradales, gaurko bileran. IREKIA
xabier martin
2024ko azaroaren 19a
17:55
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Europako Inbertsio Bankuaren laguntza nahiko luke etxebizitza babestuaren alorrean egitekoa daukan lan mardula aurrera ateratzeko. Imanol Pradales lehendakariak esan du «aukera ona» dagoela IEBrekin kolaborazioa garatzeko esparru horretan. «Etxebizitza publikoaren politika indartzeko» litzateke elkarlan hori.

Horrez gain, industriari begira «finantza bitarteko berriak diseinatzeko» ere nahiko luke EIBk parte hartzea. Pradalesek helburu hauek ditu: «Enpresa teknologikoen eta estrategikoen sustraitzea, dibertsifikazioa eta hazkundea, ekonomiaren motor direlako». Xede horretan, Nadia Calviño buru duen bankuak «ekarpen garrantzitsua» egin dezakeela uste du.

Horrela azaldu du Europako Batasunera egiten ari den bidaiaren lehen egunean, Europako Inbertsio Bankuaren presidente Calviñorekin elkartu ondoren. Etxebizitzari begira jarrita, Jaurlaritzako lehendakariak EIBren «rol ezinbestekoa» nabarmendu du, «etxebizitza publikoaren parkea handitzeko» eginbeharrean «gazteen beharrei erantzuteko». Pradalesek ziurtatu du etxebizitza «kohesio sozialaren habea» dela, eta uste du Calviñok zuzentzen duen erakundearen elkarlanaren bidez «erantzun berritzaileak eta eraginkorrak» ematen asmatuko dutela.

Bileraz bilera Bruselan

Biharko jardunean bileraz bilera ariko da Pradales, Bruselan. Makroeskualde Atlantikoa eta euskararen ofizialtasuna defendatuko ditu, oro har, agenda bete horren bidez. Goizean, besteak beste, Roberta Metsola Europako Parlamentuko Presidentearekin izango da, baina, aurretik, «Euskadiko eurodiputatuekin» batzartuko da, eta zerrenda horretan sartu dituzte Oihane Agirregoitia (EAJ), Idoia Mendia (PSOE) eta Javier Zarzalejos (PP). Lehendakaritzak igorritako agendan ez da ageri Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentari nafarra.

Arratsaldean, berriz, Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentearekin elkartuko da, bai eta Younous Omarjee Europako Parlamentuko presidenteordearekin eta Fernando Clavijo Kanaria uharteetako presidentearekin ere. Eguna bukatzeko, Pradalesek hitzaldia emango du Power Regions of European Summit foroan.

Pradales eta presidenteen konferentzia

Abenduaren 13an Espainiako erkidegoetako presidenteen konferentzia egingo dute, baina oso litekeena da Jaurlaritzako lehendakaria ez egotea han. Gasteizko gobernuko bozeramaile Maria Ubarretxenak esan du ez dutela erabaki Pradales batzar horretan izango den ala ez, baina argi utzi du erkidegoen finantzaketa dela bilkura horren eztabaidagai nagusia, eta eduki horretan Jaurlaritzak ez duela zerikusirik «eredu horrekin». Horrez gain, Valentziako uholdeak direla eta, Pradalesek Pedro Sanchezekin egin behar zuen bilera bertan behera geratu zen hil hasieran, eta Ubarretxenak esan du lanean ari direla beste hitzordu bat jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.