Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak jakinarazi du Imanol Pradales lehendakariak gaur zortzi hasiko duela alderdi politikoekin egitekoa den bilera sorta. Batzar horien helburua izango da «gobernu programaren berri ematea» eta «herri lehentasun eta erronkei buruzko hausnarketa partekatu bati ekitea eta lan metodologia bat ezartzea». Edukiei dagokienez, Jaurlaritzak lehentasun gisa jarri du «euskal osasun sistemari buruzko herri itun zabal bat lortzea».
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza txikiena lortu duen taldetik handienera, ordena horretan egingo ditu bilerak Pradalesek, Vox salbuetsita. Beraz, datorren ostegunean, hilak 11, Sumarrekin batzartuko da; hilaren 12an, ostiralarekin, PPrekin eta PSE-EErekin. Uztailaren 15ean, berriz, EH Bildurekin batzartuko da, eta biharamunean, asteartean, EAJrekin.
Alderdi politikoekin bildu ondoren batzartuko da eragile sozialekin, sindikatuekin eta patronalarekin.