Ereduen arteko lehiak azaleratu dituzte alderdiek

Ardanza gogoan egin du eguneko ekitaldi nagusia EAJk; EH Bilduk aldaketarako hautagaitza gisa aurkeztu du berea; eta PSE-EEk politika sozialen beharra nabarmendu du, «eraikuntza nazionalaren» aurrean.

Imanol Pradales gaur, Bilboko ekitaldian. EAJ
Imanol Pradales, gaur, Bilboko ekitaldian. EAJ
Xabier Martin - Isabel Jaurena - Gurutze Izagirre Intxauspe - Iosu Alberdi
2024ko apirilaren 9a
20:25
Entzun

EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko hautagaiak Araban izan dira gaur arratsaldean, Eusko Legebiltzarrerako botoa eskatzen. Ez dute bat egin, ordea, udalerria aukeratzerako garaian: jeltzaleak Gasteizen egin dute eguneko ekitaldi nagusia; koalizio subiranistako kideek, Agurainen; eta PSE-EEk Iruña Oka hautatu du. Ondorengoak dira egunak eman dituenak:

EAJ Gasteizen, hirugarrenez

Hirugarren aldiz egin du arratsaldeko mitin nagusia EAJk Gasteizen. Han hasi zuen kanpaina iragan ostegunean, Andra Maria Zuriaren plazan. Larunbatean arratsaldean ekitaldia izan zuen alderdi bakarra izan zen, Gasteizen. Eta gaur arratsaldean Arka plazan elkartu dira dozenaka lagun, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia buru.

Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiaren omenezko minutu bateko isilunea egin ostean, Joseba Diez Antxustegik eta Nerea Melgosak hartu dute hitza, EAJren Arabako lehenak eta bigarrenak zerrendan, hurrenez hurren. Pradalesek hartu du hitza gero, eta batez ere Gasteizerako propio jasota dauzkaten hamar neurri zehatz aletu ditu, aurretik iragarriak zituenak. Besteak beste, Alde Zaharrean osasun etxe berri bat eraikitzea, Forondako aireportuaren eskumena Madrilgo gobernuari eskatzea, tranbia Zabalgana auzoraino eramatea, ardogintzarekin lotutako proiektu bat eta Miñanoko Teknologia Parkean ikerketarako campus berri bat eraikitzea. Trenez Altsasurainoko lotura aztertzeko konpromisoa ere hartu du.

Ardanza ere aipatu du, harekin otsailaren 21ean izandako topaketan esandakoak gogoan hartuz. Ardanza hamalau urtez bizi izan zen Gasteizen. Lurraldeen arteko oreka zaintzeko aholkatu ziola esan du; hark osatutako gobernuetan herrialde guztietako ordezkariak izan zituela adierazi zion, «baita nafarrak ere». Hitz horiek ondo gogoan izango dituela adierazi zuen Pradalesek.

Goizean, berriz, EITBn lau elkarrizketa izan ostean, segurtasunari buruzko EAJren proposamenak aletu ditu Pradalesek. Azaldu du prebentzioa dela gakoa: «EAJk babestu duen Zigor Kodearen erreformaren emaitzak ebaluatuko ditugu ebasketen eta delitu txikien intzidentzia handiko kasuetan. Eta horrekin nahikoa ez bada, ezarritako zigorrak gogortzea bultzatuko dugu. Ez dugu zalantzarik izango. Segurtasunarekin ez da jolasten».

Bilbon egin dute agerraldia jeltzaleek, eta hitzeman dute herritarrek «lasai bizitzeko duten eskubidea babestu» egingo dutela. Segurtasun arlorako dituzten proposamenak azaldu ditu Pradalesek; besteak beste, segurtasun plan berria sortzea eta Polizia koordinatzeko sistema bat ezartzea, informazio trukea «optimizatzeko»; ikerketa unitateak indartzea, «delinkuentzia antolatuari» aurre egiteko; lege aldaketak sustatzea Poliziaren «lege babesa bermatzeko»; eta batzordeak aktibatzea, ekipamendua hobetzeko.

Defendatzen duten polizia ereduaz ere mintzatu da hautagaia: «Hurbila, profesionala, baldintza eta baliabide onenak dituena, gure ondasunik preziatuena bermatzen eta zaintzen jarrai dezan: gure segurtasuna».

«Betikotzea» edo aldatzea proposatu du EH Bilduk

Udal eta foru hauteskundeen atarian, EAJren Espainiako Kongresuko eledun Aitor Estebanek «hausnartzeko» eskea egin zien Aguraingo (Araba) PSOEren eta PPren hautesleei: «Pentsatu serio, nork nahiago duzue zuzentzea udala, Bilduk edo EAJk? Batzuentzat edo denentzat gobernatuko duen udal bat nahi duzue? Ez alferrik galdu zuen botoa, gero ez dago damutzeko tarterik».

Ia urtebete geroago, han izan dira koalizio subiranistako koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta Arabako zerrendakide Mikel Otero, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako botoa eskatzen, eta jeltzaleen mezu hura gogoratu dute, baita boz haietan EH Bildu gailendu zela ere.

Boz hauetan ere antzeko zerbait gertatzen dela uste du Otegik, eta gainerako alderdiei eskatu die EH Bilduz hitz egin beharrean, euren proposamenak aurkezteko. Izan ere, EH Bilduko koordinatzaileak uste du, siglen arteko lehiatik haratago, «ereduak» aztertu behar direla: «Ereduen arteko konfrontazio bat dago. Euren ereduan daude EAJ eta furgonetakoa [PSEko Eneko Andueza], eta beharrezkoa bada, Gipuzkoan, Durangon eta Gasteizen bezala, PP». Hala, «gobernuan betikotu» nahi dutenen eta «aldaketaren» artean hautatu behar dela azaldu du.

Oterok, berriz, EH Bilduren «gertuko politikaren» ondoriotzat jo du koalizioa azken urteetan izaten ari den gorakada: «Eguneroko lanak egiten du EH Bildu erakargarri». Hala, uste du azken urteetan udalerrietan egin den lan hori baliatu behar dela apirilaren 21eko hauteskundeak irabazteko. Eta indar berezia egin du Arabak horretarako izan dezakeen pisuan. «Aldarrikatzen ari garen ziklo politiko aldaketa jada lautadan eman da», zehaztu du.

Goizean Etxebizitza izan dute hizpide. Xabier Luke Gipuzkoako EH Bilduko hautagaiak gaur azpimarratu du erakundeek «etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko obligazioa» dutela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2015ean onartutako «Etxebizitza Legean jasota dagoelako» eskubide hori, besteak beste. Salatu du eskubide hori ez dela bermatzen eta «jende gehiegi» dagoela «etxebizitza duin bat» eskuratu ezinda.

Hori dela eta, hautagaiak esan du «etxebizitza eskubidearekin eta gazteen bizitza proiektuekin Monopolyan jokatzen duten gobernuak ez direla onargarriak», eta EH Bilduren konpromisoa berretsi du «etxebizitza eskubidea eta gizarte kohesioa bermatuko dituzten politika publikoak bultzatzeko eta etxebizitzarekin negozioa egitea eragozteko». Lukek Galdakaon (Bizkaia) egin ditu adierazpen horiek, bertako alkate Iñigo Hernandorekin batera.

(ID_13769930) (/EZEZAGUNA) (;)

EH Bilduko hautagaiak eta kargudunak, Barakaldoko ekitaldian, gaur. BERRIA

Koalizioko hautagaiak ohartarazi duenez, «etxebizitza eskubidea negozio iturri bilakatu duten honetan, gizarte kohesioa bermatzeko politikak» behar dira, eta Lukek bi eremutan eragiteko neurriak planteatu ditu: batetik, etxebizitzen «prezioa murrizteko»; eta, bestetik, «eskaintza areagotzeko». Salneurria eta alokairuen prezioa merkatzeko, proposatu du tentsio handiko eremuak izendatu eta erreferentziazko prezio indizeen sistema bat ezartzea, «espekulazioa eta putre funtsak geldiaraztea, pisu turistikoak mugatzea, zerga politika baliatzea eta prestazioen sistema gainditzea».

Etxebizitza eskaintza areagotzeko, berriz, «eraikita dauden etxebizitzak eraberritu» daitezen nahi du EH Bilduk; baita «hutsik dauden etxeak merkaturatzea, etxebizitza merkeak lehentasunez erosteko eskubidea ezartzea; hirigintzako neurrien bidez alokairua sustatzea, eta sektore pribatuaren eta publikoaren arteko harreman orekatuago bat sortzea» ere.

PSE, «desparekotasunari» aurre egiteko neurriekin

PSE-EErena da Iruña Okako alkatetza (Araba), eta abagune hori baliatu dute sozialistek eguneko ekitaldi nagusia egiteko. Han izan da Arabako zerrendaburu Aroa Jilete, eta, harekin batera, Adrian Fernandez zerrendakidea eta Michel Montes alkatea.

Jiletek PSE-EEren proiektu «aurrerakoi, sozial eta eraldatzailea» defendatu du, eta gehitu sozialistak «gauzak aldatzeko» daudela politikagintzan: «berdintasuna zabaltzeko», «etxebizitzarako eskubidea bermatzen segitzeko», «osasun sistema indartzeko segitzeko», «guztiok aukera berdinak izan ditzagun hezkuntzan eta enpleguan»... Halere, indar berezia egin du etxebizitza politiketan: «Sozialistok etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortu dugu; eta ongizate estatuaren bosgarren zutabe bilakatu nahi dugu». Era berean, mugikortasuna ere izan du hizpide: aurrez EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egin bezala, hark ere Miranda de Ebro (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) lotuko dituen tren zerbitzu baten alde egin du.

Adrian Fernandezek, berriz, aurrez aurre jarri ditu «desparekotasun sozialei aurre egiteko» asmodun eredu bat, PSE-EErena litzatekeena, eta «eraikuntza nazionalari» erreparatzen diona, EAJrena eta EH Bildurena. Hala, ukatu egin du lehia bi alderdi abertzaleen artekoa izatea: «Non geratzen gara espainiar zein euskal herritar sentitzen garen milaka pertsonak?». Hala, eurena, besteak beste, gazteak «politiken erdigunean» kokatzen dituen eredu bat dela azaldu du; nagusiki, enpleguari eta etxebizitzari dagokionez.

Bestalde, goizean, PSE-EEko hautagai Eneko Anduezak bere alderdiak enpleguaren edukian dituen proposamenak aletu ditu gaur, eta iragarri du Elkarrizketa Sozialerako Mahaia arautzeko lege bat bultzatuko duela Eusko Jaurlaritzara iristen denean: «Nire lehen deia, lehendakari gisa, eragile sozialei egingo diet, haien inplikazioa eskatzeko enplegu hobearen aldeko azken jauzian». Anduezak «ezinbestekotzat» jotzen du CCOO eta UGT sindikatuak eta Confebask patronala elkartzen diren foroa; ELAk eta LABek uko egin zioten aspaldian elkargune horri, eta, beraz, ez dago gehiengo sindikalik mahai horretan.

Batera edo bestera, Anduezak ziurtatu du sindikatuen eta patronalaren «bidaide» izan nahi duela «Lanbide Arteko Akordioa gaurkotzeko». 2017tik ez da berritu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan itunei lehentasuna ematen dien akordioa. Haren bidez, PSEko hautagaiak nahiko luke gutxieneko soldata bat ezarri «Euskadirentzat», erreferentzia gisa eta «egungo errealitate ekonomikora egokitua».

Andueza eta Mendia gaur, Bilboko ekitaldian. AMAYA DIAZ-ENPARANZA
Andueza eta Mendia gaur, Bilboko ekitaldian. AMAYA DIAZ-ENPARANZA

Idoia Mendia jarduneko Lan sailbururekin batera aritu da Andueza, Bilbon, eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak «sozialistentzat» zenbateko garrantzia duen esplikatu du: «Duela bi legealdi jarri genuen martxan; oinarrizko rola eman diogu ziurgabetasun garaietan, eta orain beste zeregin bat izango du, erakundeetan parte hartzeko lege bat defendatuko baitut, eragile sozialek merezi duten estatusa eduki dezaten». Hitz horiekin, PSEko lehendakarigaiak garbi utzi du bere alderdiak zer-nolako lotura estua duen CCOO eta UGT sindikatuekin, eta zein urrun dagoen ELA eta LAB sindikatuetatik.

Berritasun bat ere eman du Anduezak, Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzari buruz aritu baita. Hautagaiak Espainiako Gobernuarekin transferentzia bat negoziatuko duela jakinarazi du, eta eskuduntza berri hori Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzarena da. EAJk sarritan eskatu du Gizarte Segurantzaren transferentzia egiteko, Gernikako Estatutuak jasotzen baitu, baina Madrilek eta PSEk berak beti egin diote uko eskuduntza hori Gasteizera eramateari, besteak beste pentsioen kutxa bakarrari eragin diezaiokeela adierazi dutelako. 

Anduezak lantaldea handitu nahi du Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzan, «11.000 langileko ikuskatzaile talde bat egon dadin». PSEko hautagaiak erantsi du sozialistek ez dutela konpromisorik hartzen transferentziak eskatzeko bakarrik, «baizik eta transferentzia horiek herritarrentzat erabilgarriak izateko».

 

Etxebizitza «ongizate estatuaren bosgarren zutabea» bihurtu nahi du Elkarrekin Podemosek

 

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak esan du «Euskadin arazo oso larria» dagoela etxebizitzarekin, etxebizitza garestienak dituzten «erkidegoetan hirugarrena» dela, Balear Uharteen eta Madrilen atzetik, eta galdetu du Eusko Jaurlaritzak zer egiten duen «bermatu gabeko eskubide baten inguruan».

Haren etxebizitza politika da «Etxebizitza Legearen aurka errekurtso bat jartzea», Gorrotxategiren hitzetan. «Lege horrek alokairua arautzeko gaitasuna ematen dio Euskadiri», esan du Elkarrekin Podemos koalizioko hautagaiak, eta deitoratu du Gasteizko gobernuak «eskumenak aitzakiatzat» jartzea eduki hori ez arautzeko.

Eskumenak ezin dira «eskubideen hobetzea geldiarazteko oztopo» izan, Gorrotxategiren arabera. Autogobernuak arazoak konpontzeko balio beharko luke, haren ustez, «eta ez bankuen, putre funtsen eta espekulatzaile handien intereserako».

Elkarrekin Podemos Gorrotxategi
Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategi, gaur. BERRIA

Hala, ziurtatu du Elkarrekin Podemosentzat etxebizitzak «Euskadiko ongizate estatuaren bosgarren zutabea» bihurtu behar duela, eta premiazko neurri batzuk hartu behar direla zehaztu du: «Jenderik gabeko etxebizitza guztiak merkaturatzea, tentsio handiko eremuak aitortzea alokairuaren prezioak topatzeko; alokairuko etxebizitza publikoa eraikitzea, Europako batez bestekora iritsi arte, gutxienez; eta espekulatzeko metro koadroak pilatzen dituztenei etxebizitza masiboki erosteko ahalmena kentzea».

Sumarrek ere tren sozial bat nahi du

Sumar koalizioaren Arabako zerrendaburu Jon Hernandezek garraioa izan du hizpide gaur eguerdian Gasteizen eginiko agerraldian; zehazki, Miranda de Ebro (Gaztela eta Leon, Espainia), Gasteiz eta Altsasu (Nafarroa) lotuko lituzkeen «tren sozial» bat martxan jartzea proposatu du, «lan zentroen eta eskolen sarrera eta irteera ordutegiak» kontuan hartuta herritarren beharrak asetzeko helburuz. Atzo, antzera mintzatu zen EH Bilduko hautagai Mikel Otero ere. Bi koalizioek ere indar egin dute aldiriko trenen gaineko eskumena horretarako baliatzeko beharrean; hain justu, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak otsailean adostu zuten hura bigarrenaren esku uztea.

Sumarrek, baina, ez du soilik «tren sozialaren» beharra adierazi bere proposamenean. Hernandezek adierazi du Sumarrek garraio publiko kolektiboaren aldeko «apustu sendoa» egin nahi duela, autoen «gehiegizko erabilera» murrizteko asmoz. Hala, urratsak egin nahi ditu garraio publikoaren doakotasunaren alde: «Beharrezkoa jendearen egoera ekonomikoa arintzeko».

AHT abiadura handiko trena hizpide, berriz, Hernandezek azaldu du Sumarrek ez duela bat egiten instituzioek Gasteizko sarbidea egiteko aurkeztutako proiektuarekin. Hirigunea lurpetik igaroko dela baieztatu zuten martxoan; Sumarreko kidearen arabera, ordea, proiektu hark ez dio «konponbide integral bat» eskaintzen hiriari, ez baititu kontuan hartzen Zabalgana eta Salburua auzoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.