Pradalesek gogoratu dio Sanchezi «Euskadiren nazio aitortza» bere «konpromisoa» dela

Espainiako presidenteak Moncloan hartu du Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Pradalesek iragarri du transferentzien «lehen sorta bat» urtea amaitu aurretik iritsiko dela, besteak beste, itsasertzeko eta meteorologiako eskuduntzak.

Pedro Sanchez eta Imanol Pradales, Moncloan, joan den irailaren 20an. ZIPI / EFE
Pedro Sanchez eta Imanol Pradales, Moncloan, gaur. ZIPI / EFE
xabier martin
2024ko irailaren 20a
11:55
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales estreinakoz hartu du Moncloako jauregian Espainiako presidente Pedro Sanchezek, eta, Madrilen, bilkura osteko agerraldian, Pradalesek argi esan du EAJk eta PSOEk konpromisoak dituztela sinaturik, besteak beste, «Euskadiren nazio aitortza, aldebikotasun harremana zabaltzea, egungo eredua oinarri hartuta, eta berme sistema bat» ituntzean dena bete dadin. Estatus berriaren inguruan hitz egin ote duten galdetu diotenean gogorarazi ditu konpromiso horiek Jaurlaritzako lehendakariak.

«Gure akordioan jasoa dago hori guztia», esan du Pradalesek, «berritu, zabaldu eta eguneratu egin behar dela egungo estatutua». Erantsi du gauza asko aldatu direla hura onartu zenetik, «EBn gaude orain, adibidez».

Azaldu du, dena den, estatutu berriarekin loturiko konpromiso horien aurretik, Gernikako Estatutuaren «karpeta itxi» behar dela, eta iragarri du urri amaierako batzorde aldebikoa egingo dutela Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak; haren ondotik, transferentzien «lehen sorta bat» iritsiko da Euskal Herrira. Zein izango diren eskuduntza horiek? Lehendakariak aipatu ditu itsasertzeko eskuduntza, itsas salbamendua, meteorologia, atzerritarrek EAEn lan egiteko kudeaketa, kirol arrantza eta zinema alorrekoak.

Gernikako estatutuak beste zenbait eskuduntza ere jasotzen ditu, oraindik bete ez direnak —zailenak, alegia—, baina Pradalesen gobernuak «ez die uko egiten horiei», Madrilen ohartarazi duenez. Gizarte Segurantzaz aritu da lehendakaria; portuei eta aireportuei buruz ere bai. «Bigarren sorta» batean sartu ditu horiek. «Zaila da, bai, baina duela 45 urte adostu zena bete behar da, oraindik betetzeko baitago». 2025eko amaierarako transferentzia horiek guztiak eginda beharko luketela gogoratu du, PSOErekin egindako inbestidura akordioari jarraikiz.

AHTa eta Venezuela

Venezuelako Gobernuak Espainiako Estatuko espioitzat hartuta atxilotu dituen bi bilbotarrei buruz ere hitz egin dute Pradalesek eta Sanchezek. «Giza eskubideak bete daitezen» lan egiteko eskatu dio lehendakari euskaldunak Espainiako gobernuburuari, eta hark «informazioa etengabe partekatzeko» konpromisoa hartu du.

Espainiako Kongresuan, EAJk hautsi egin du berriki Sanchez Moncloara eraman zuen gehiengoa —hain justu ere, Venezuelako auziaren harira—, eta Sanchezen legealdia arriskuan ote dagoen galdetu diote Pradalesi. «Egonkortasunaren aldeko alderdia gara, beti estatu ikuspegiarekin», erantzun du Jaurlaritzako lehendakariak. Gogoratu du gastu sabaiari eta defizit mugari buruz ere aritu direla biak, Jaurlaritzako «aurrekontuak baldintzatuko» baititu aldagai horrek. Pradalesek akordio gehiago nahiko lituzke Espainiako gobernuarekin, legealdiak aurrera egin dezan, aurrekontuetan eta arau ekonomikoei dagokienez, eta esan du Sanchezek «legealdi luze bat osatzeko asmoa» duela.

«Ez diegu uko egiten Gizarte Segurantzaren, portuen eta aireportuen transferentziei. Zailak dira, baina duela 45 urte adostutakoa bete behar da»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

AHTa ere hizpide izan dute agintari biek. Pradalesek «lanak azkartzeko» eskatu dio Sanchezi, eta Nafarroa eta Gipuzkoako loturaren inguruko txostenak «lehenbailehen» egiteko. Ezkiotik ala Gasteiztik egingo da lotura hori, eta auzi horrek aurrez aurre jarri ditu EAJko agintariak foru erakundeetan, baita PSEkoak ere, foru gobernuetako bazkidearenak alegia.

Azkenik, Kataluniak eta Espainiako Gobernuak finantzaketaren inguruan adostua dutena «errespetatu besterik» ez duela egiten helarazi du Pradalesek, ez dela «besteen etxean» sartuko, eta «euskaldunen etxean» ez sartzeko exijitu du, Kontzertu ekonomikoari erreparatuz, «bidezko sistema» baita, eta, geroari begira, «eredu bat jarraitzeko». 

EH Bilduk «maila berean» nahiko lituzke

Mertxe Aizpuruak, EH Bilduko Espainiako Kongresuko bozeramaileak esan du Euskadi Irratian, ez dakiela Sanchez-Pradales bilerak zer ondorio izango dituen, baina azaldu du bilkura hori «beste era batera» egitea nahiago zuela, «berdinen harreman» batetik abiatuta. «Alde biak maila berean jartzea nahi dugu, eta enkontru hauek inolako menpekotasunik gabe egitea. Bitartean, horrela jarraituko dugu; ez dakit bilera horrek zer emango duen: estatus berriaren inguruan zerbait baliagarria mahairatzeko bada, hobeto».

Edonola ere, koalizio abertzalea aspaldian defendatzen ari den estrategiari heldu dio Aizpuruak, eta azpimarratu «planteamendu komuna» eraman beharko luketela alderdiek «Euskal Herritik Madrilera». Baina onartu du, estatu plurinazionalari begira, ezin dela egin hori «katalanik eta galiziarrik gabe». Baina estatu plurinazionala aitortzeko aukerak ikusten ditu Aizpuruak, «benetan horretan sinisten dugunok ahalegina egiten badugu». 

Inoiz estatu plurinazionalean urrats garrantzitsuak egiten badira, horiek Madrilen gobernu progresista bat dagoela egingo dira, eragile gehienen aburuz, eta Pedro Sanchezen egungo gobernuak aurrera egingo duenetz zalantzan jartzen ari dira asko, EAJri eta Juntsi esker zenbait bozketa irabazi baititu PPk Voxekin batera azken asteetan; Sanchez gobernura eraman zuen gehiengoa behin baino gehiagotan hautsi da, beraz.

Aizpuruak onartu du legealdia «korapilatsua izaten ari dela, eta, azken urtean, «Katalunian salbu gauza gutxi» egin direla. Baina EH Bilduren borondatea da «agintaldiak aurrera egitea». «Espero dugu nolabaiteko ibilbidea egitea, jarraitzea eta bukatzea», adierazi du.

Eta ez du uste aurrekontuak «ezinbestekoak» direnik legealdiak jarrai dezan, nahiz eta badakien garrantzitsuak direla. Aizpuruak gogora ekarri du gobernu askok egin dutela aurrera aurrekontuak atzeratu arren. Ez ditu «hil kanpaiak» entzuten, Sanchezen gobernuaz aritzean. «Baikor gaude, aukera egon badagoelako, eta dagoeneko hasi ditugu negoziazioak», aurreratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.