Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak euskararentzako ofizialtasuna eskatu du Europan, Europako Parlamentura egiten ari den lehen bidaia ofizialean. Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteari eskatu dio «jauzi kualitatiboa» euskararentzat, «europar guztion ondarea da eta». Europako Parlamentuko osoko bilkuretan euskara erabiltzeko aukera izan dadila eskatu dio, EBko Ministro Kontseiluaren eta Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuraren adibideari jarraituz, 2005etik erabil baitaiteke euskara.
Hizkuntza gutxituen auziari, berriz, Europako Parlamentuak babestu beharreko deritzo. Uste du «aukera historikoa» dagoela, eta, ildo horretan, garrantzitsutzat jo du abenduan egingo den batzarra, euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasunaz jarduteko. «Gai hau oso serio hartzea nahi nuke, zeren, sinbolikoa izan arren, guretzat garrantzitsua da euskarak hazten segitzea, izan dezan euskaldun guztiak ordezkatuta sentituko garen etorkizun bat».
Metsolarekin batzartu aurretik hedabideei egin dizkien adierazpenetan aurreratu duenez, harekin hitz egin asmo du «politika berri baten beharraz, Europako berpizte industrial baterako, eta indarrean jartzen ari diren inbertsio funts berriei buruz». Besteak beste, Europako funtsak zuzenean kudeatzearen alde egingo du, eta, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, inbertsio publikoko proiektuak eta ardatz Atlantikoaren bultzada defendatuko ditu.
Pradalesentzat, berebiziko garrantzia du Bruselan egoteak, uste baitu une erabakigarria dela Europako Batasunaren etorkizunerako, eta han ari baitira erabakitzen EBn hurrengo hamarkada baldintzatuko duten erabakiak, eta horrek zuzenean eragingo du eduki politiko, ekonomiko, sozial eta industrialean.
Agenda estua du Pradalesek. Goizean hainbat eurodiputatu euskaldunekin batzartu da, hala nola Oihane Agirregoitiarekin (EAJ), Idoia Mendiarekin (PSE) eta Javier Zarzalejosekin (PP). EH Bilduko eurodiputatu Pernando Barrena ere gonbidatu zuten bilerara, baina uztailetik lotua zuen beste bidaia batean dago —migrazio krisiarekin lotuta, Kanarietara egiten ari diren bidaia batekin—. Hargatik, gonbidapena eskertu arren, ezin izan da egon batzarrean.
Metsolarekin bildu ostean, Europako eskualdeen batzordean parte hartu du.
Txibite ere Bruselan
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria ere izan da Bruselan, eskualdeen batzordean. Txibitek defendatuko du Europarako politika deszentralizatu bat, baina kohesionatua. Eskatuko du eskualdeak aintzat hartzea «gertutasuna eta eraginkortasuna irabazteko». Eskualdeen arteko elkarlana defendatu du «arrakastaz egiteko trantsizio digital, berde eta justua».
Uste du Europako proiektuak arrakasta izango duela «garapen ekonomiko eta soziala modu justuan batzen badira, lurralde kohesioa eta soziala zaintzen badira, modu demokratikoan, eta trantsizio ekologikoa eta digitala bideratzen badira». Aurrekontuak eskatu ditu horretarako, «ahaztu gabe azken helburu gorena pertsonen bizimodua hobetzea dela».