Nazioarteko abagunea aintzat hartuta etorkizunerako prestatzeko, Euskadi Global izeneko estrategia aurkeztu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Pasaiako Albaola itsas kultur faktoria (Gipuzkoa) hautatu du aurkezpenerako, Gipuzkoan. Aurkeztutako nazioarterako estrategia horrekin «itsaso eta mundu berriak» zeharkatzera deitu du, behinola arbasoek egin zuten moduan Ternuara. Gizarteko hainbat esparrutako eragileek hartu dute parte aurkezpenean.
Estrategia horren funtsa bideratuta dago nazioarteko sareak eraikitzera eta indartzera, abiapuntua Euskal Herrian izanda. Sei neurri zehatz proposatu ditu: balio ekonomiko, politiko, kultural eta zientifiko-teknologikoa gehituko duten nazioarteko sare berriak ehuntzea; interes amankomunak dituztenekin aliantza berriak jostea; euskal herritarrei zuzenean eragiten dieten gaietan ahots propioa izatea Europan; talentua erakartzeko guneak sortzea; ekosistema enpresarial bat sustatzea nazioartean ondo konektatua; eta euskal diasporarekin ekimen berriak sustatzea, aukera berriak arakatzen laguntzeko.
XVI. mendera egin du jauzi, orduko hartan ontzigintzan egin zen lana oroitzeko. «Baleak Ternuaraino jarraitzen genituen, arrantzarako, haren tratamendurako eta garraiorako puntako industria garatuta». Besteak beste, basoak landatu zirela esan du, ontziak egiteko gero. Eta burdina ustiatu, eta landu. Hainbat ikasgai atera ditu hartatik: «Bizitzaren zentzu praktikoa eta fabrikatzeko gaitasuna zuten, garatzeko gure ekonomiaren oinarria den industria bat, gaur egun gure ekonomiaren oinarria dena. Mundura atera ziren, ez bakarrik bizi irauteko, baizik eta hemen hobeto bizi ahal izateko; jakinmina eta ausardia izan zuten, ezezaguna ezagutzeko».
Jauzi globala
Bost menderen ostean, halako jauzi bat behar delakoan dago. «Zergatik? Mundu globalaren aukerak baliatzeko izpiritua, determinazioa eta anbizioa daukagulako».
«Berriz kokatzea tokatzen da. Gaitasun propioengatik, dagokigun espazioa berriz eskatzea dagokigu. Inork ez du gure ordez egingo»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzaren lehendakaria
Hainbat krisi batera gertatzen ari direla azaldu du: klimatikoa, zientifiko-teknologikoa, demografikoa, ordena mundialaren eta botereguneen berrantolaketa, sistema demokratikoak auzitan jartzea, gerrak... Uste du horrek guztiak erakusten duela aro berri baten jaiotzean gaudela, «konplexuagoa eta ziurgabeagoa».
Testuinguru horretan toki bat izatea da estrategia berri horren helburua, oinarrizko kanpamentua Europa izanda. «Berriz kokatzea tokatzen da. Gaitasun propioengatik, dagokigun espazioa berriz eskatzea dagokigu. Inork ez du gure ordez egingo. Lehen pertsonan egitea dagokigun zerbait da».