Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du biharko bilkuran Imanol Pradales lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak izango duten gai zerrendaren berri. Azaldu duenez, hauek izango dituzte hizpide: finantzaketa eredua, AHTak Iruñearen eta euskal Y-aren artean izango duen lotura eta bi erakundeen arteko elkarlanerako ituna. Bilera 12:00etan izango da, Iruñean.
Hain zuzen, AHTaren ingurukoa eztabaidagai bilakatu da azken asteetan. Pradalesek atzo hitz egin zuen gaiaz, eta hark esandakoen inguruan zenbait interpretazio egin dira. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak aspaldi ezarritako asmoa berretsi du lehendakariak: Nafarroaren eta euskal Y-aren arteko lotura Ezkion (Gipuzkoa) egitea.
Ubarretxenak, baina, bestelako interpretazio bat egin du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren ostean. Haren esanetan, «txosten eta informazio guztiak» mahai gainean izatea beharrezkoa da erabakia hartzean «huts ez egiteko». Beraz, Jaurlaritzak ez du gaiaren inguruko erabakirik hartuko Espainiako Garraio Ministerioak aferaren inguruko txostena osatu arte. Eta, horiek esku artean izanik, «Euskadirentzat onena den erabakia hartuko da».
Hala, kazetariek aferaz galdetu arren, Eusko Jaurlaritzako eledunak ez du zehaztu Pradalesek zer galdegingo dion Txibiteri gai horren harira. «Ez dakit», esan du. Ez du zehaztu «finantzaketa ereduari» eta bi gobernuek 2021ean sinatutako lankidetza hitzarmenari buruz zer hitz egingo duten ere. Azken horri dagokionez, baina, gogoratu du itunak arlo ugari jorratzen dituela: osasuna, enplegua, etxebizitza, hizkuntz politika, hezkuntza eta segurtasuna, besteak beste. Itun hori bi erkidegoen «harreman bereziaren» erakusle da, haren esanetan.
Lehentasuna, ezarrita
Ubarretxenak Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanei ere erreparatu die. Kasu horretan, Gernikako Estatutua osatzeko geratzen diren eskumenen transferentzia ardatz hartuta. Adierazi du gaur goizean hitz egin duela Espainiako Lurralde Politikarako estatu idazkari Arcadi Españarekin, mahai gainean dituzten sei eskumenen eskualdaketarako batzorde teknikoak hilabete honetan lanean hasteko helburuarekin. Bilera horien xedea da jada mahai gainean dituzten testuen gaineko «xehetasun teknikoak» adostea, ondoren aldebiko batzorde iraunkorraren bileran akordio politiko bat erdiesteko. Hura urrian egitea espero du Ubarretxenak.
Orain, bi aldeek sei eskumen dituzte eztabaidagai: kostaldearen kudeaketa, migratzaileen lan baimenak, itsas salbamendua, meteorologia, lan arloko osasuna eta segurtasuna, eta zinematografia babesteko funtsa. Horien artean, baina, «lehentasuna» kostaldearen kudeaketa da, Ubarretxenak zehaztu duenez: «Saiatuko gara azkar egiten; horri emango diogu lehentasuna». Izan ere, Ubarretxenak berak Donostiako Loiolako kuartelen inguruko eztabaidarekin lotu zuen eskumenaren garrantzia, abuztuan: «Itsasertzaren eskumena Euskadin balego, Loiolako kuartelen inguruko aferari konponbidea azkarrago eman ahal izango genioke».