Pradalesek eta Roussetek gutun bat igorri dute Bruselara AHTaren atzerapena salatzeko

Lurraldeen elkarlanerako euroeskualdea «baliagarria» dela azaldu dute hiru agintariek. Euskadi, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean.

(ID_14805563) ESPAÑA ASAMBLEA EURORREGIÓN
Imanol Pradales, Maria Txibite eta Alain Rousset, irribarrez, Nafarroako Jauregian, batzar osteko agerraldian. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
Iruñea
2025eko martxoaren 25a
19:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Nazioarteko jokaleku politikoa erabat aldatu den honetan, Akitania Berriaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko lankidetza azpimarratu nahi izan dute hiru gobernuetako agintariek. Anfitrioi gisa, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak azpimarratu du «Europaren eraikuntzarako instrumentu baliagarria» dela. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, nabarmendu du «ezinbestekoa» dela hiru lurraldeetako ahotsa Bruselara eramateko. Alain Rousset Akitania Berriko Kontseiluko presidentearen irudiko, berriz, hiruen baturak «gutxi» irudi lezake, baina eskualde arloko elkarlan politikoa lagungarri da Europako Batasuneko finantzaketa erakartzeko.

Dena den, batzar ostean egindako agerraldian, abiadura handiko trena izan da protagonista. Pradalesek jakinarazi duenez, berriki berak eta Alain Roussetek gutun bat igorri diote Apostolos Tzitzikostas Europako Batzordeko Garraio Komisarioari AHTaren Atlantikoko ardatzeko atzerapen luzea dela eta. «Eskatu diogu bertatik bertara ezagut dezala errealitatea, galarazten ari baitzaigu garapen ekonomiko eta logistikoa», adierazi du Pradalesek. Roussetek, berriz, konpromiso politikoa agertu du Akitania Berriko ardatza Hego Euskal Herriko trenbidearekin lotu dadin: «Nire helburua eta obsesioa da». 

Txibitek adierazi du azpiegiturak «hogei urtez pilatutako atzerapena» ezin dela berehala konpondu, eta Nafarroako Gobernuaren konpromisoa dela Iruñea eta Zaragoza (Espainia) arteko trenbidea 2030erako amaitzea. Euskal Y-aren loturari buruz, ez dute ezer berririk esan Pradalesek eta Txibitek. Lehenengoak Espainiako Gobernua premiatu du txostenak eta azterketak aurkeztera. Aldi berean, gaineratu du hori bezain garrantzitsua dela Gasteiz eta Burgosen (Espainia) arteko lotura zehaztea. «Iparraldean ez dugu konexiorik abiadura handiko zerbitzuarekin, ezta hegoaldean ere. Premiazkoa da obrak eta konpondu gabeko tramiteak azkartzea».

Pradalesen lehen batzarra

Euroeskualdearen lehen batzarra izan du Pradalesek. Txibitek, berriz, duela urtebeteren aldean, giro lasaiagoan egin du. Izan ere, iaz, Erriberrin egin zen batzarra, eta lehen sektorearen protesten harira, laborari talde batek irain matxistak egin zizkion. Alain Rousset Akitania Berriko Kontseiluko presidenteak, berriz, bere mintzaldian azpimarratu du Nafarroa Garaia «bihotzean gertu» duela, mugaren bi aldeetan izan duen pisu historiko handiagatik.

Batzarrean, 900.000 euroko aurrekontua onartu dute. Bi ardatz izango ditu: lehena, 500.000 eurokoa, herritarrei zuzendua —kultura, hezkuntza, hizkuntza, gazteria, kirola...—; bigarrena, 400.000 eurokoa, hiru eremuetako sektore estrategikoak bultzatzeko pentsatua —osasuna, energia berriztagarriak, eraikuntza, eta kultur eta sormen industria—. Gainera, ikasleen mugikortasuna sustatzeko bekak banatzen segituko dute —60.000 euroko aurrekontua izango du—. 

Horri loturik, joan den astean Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteordeak jakinarazi zuen Europako Batasunaren Interreg Poctefa lankidetza programaren barnean sei proiektuk 14 milioi euroko finantzaketa jasoko dutela. Batzarren agintariek egitasmoetako hiru ezagutu dituzte: Transfermurgi, Mugaz gaindiko mugikortasun sare bat sortzeko proiektua; Hezhi, eleaniztasuna sustatzeko proiektua; eta Lanean, enplegu eremu integratu bat garatzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.