Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Kanaria uharteetako presidente Daniel Clavijok bilera egin dute gaur arratsaldean Gasteizen, immigrazioari lotutako gaiez hitz egiteko. Bihar, Espainiako autonomia erkidegoetako buruek konferentzia bat eginen dute Santanderren (Espainia), eta hartan gobernu bakoitzak zer eskatuko duen adostu nahi izan dute bi agintariek.
Uste dute immigrazioarena dela Euskal Autonomia Erkidegoari eta Kanariei, biei, eragiten dieten auzi nagusietako bat, eta erabaki dute estrategiak «koordinatuko» dituztela, biharko konferentziari begira. Seniderik gabe iritsitako migratzaile adingabeen auzian, zehazki, erkidego guztien artean «era justuan banatzeko» eskatuko diote Espainiako Gobernuari.
Bestalde, Nerea Melgosak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, iragarri du Jaurlaritzak Madrili eginen dion beste eskaera bat: migrazio kontuetan, Euskal Autonomia Erkidegoari «iparraldeko mugaren» izaera eman diezaiola, Kanaria uharteak, Ceuta eta Melilla «hegoaldeko muga» diren bezala. Finantzaketa handiagoa ere eskatuko du Jaurlaritzak, «Euskadik migrazio kontuetan egiten duen esfortzu ekonomikoarekin bat eginez».