Pradalesek EH Bilduri eskatu dio Nafarroan duen jarrera edukitzeko Jaurlaritzaren aurrekontuei begira

«Aurrekontu kiloak prezio bera al du Nafarroan eta Gasteizen?», galdetu du Jaularitzako lehendakariak. Gaur elkartuko dira EH Bilduko ordezkariak Ogasun Sailarekin, eta akordio bat egon ote daitekeen argitzen hasiko da.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2024ko azaroaren 12a
11:45
Entzun

EAJren eta EH Bilduren artean «mesfidantza» dago. Horrela onartu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Gasteizko gobernuak 2025erako egin duen aurrekontu proiektuaren inguruan mintzatu da modu horretan, EH Bilduk aurrekontu horiek babesteko akordio bat lortzeko aukera hizpide izan duela. Pradalesek azaldu du «kultur politika desberdinetan» dutela oinarria jeltzaleek eta bilkideek, baina, hala ere, ez du baztertu akordio bat bien artean, EH Bilduk «Nafarroan bezala» jokatzen badu.

Hori dela eta, Pradalesek esan du nahiko lukeela «EH Bildu darabilen erretorikatik harago» joatea, osasunaren edota segurtasunaren esparruetan herritarrek dituzten «eguneroko beharrei» aurre egiteko; «ekinbide zehatzak» nahi ditu Jaurlaritzako lehendakariak. Alderdi politiko bien arteko mesfidantza gainditzeko, berriz, «denbora» eskatu du Pradalesek, eta beharrezkotzat jo du «gauza txikietan» akordioak egitea. «Aurrekontuak aukera ona» dira horretarako, haren arabera.

«Nahiko nukeena da EH Bildu Euskadin ikusi Nafarroan duen rol bera jokatzen, jarrerari eta edukiei begira. Esana zuen Legebiltzarrean: «Iruñeko azokan eta Gasteizko azokan aurrekontu kiloak balio bera al du? Pareko jarrera baldin badute, uste dut badagoela aukerarik EH Bildurekin akordioa egiteko».  

Gehiengo nahikoa

Noel D'Anjou Ogasun sailburua bilera sorta bat egiten ari da atzo eta gaur, oposizioko alderdiekin, 2025eko aurrekontuen inguruan babesak lortzeko aukerarik badagoen argitzen hasteko. Atzo, PPko eta Sumarreko ordezkariak hartu zituen, eta, gaur, berriz, EAJren pare Eusko Legebiltzarreko ordezkari gehien dituen taldea hartuko du: EH Bildu. Edonola ere, Pradalesek gogoratu du Jaurlaritzak gehiengo osoa duela ganberan, EAJko eta PSE-EEko ordezkarien batasunari esker, 2025eko aurrekontuak onartzeko. Hala ere, oposizioaren «ekarpenak» aztertzeko prest dago, baldin eta kontuak «hobetzeko eta aberasteko» badira. 

«Gazteei etxebizitza erosteko erraztasunei ezetz, trantsizio energetikorako pizgarriei ezetz, enpresen kenkariei ezetz, kontziliazioari ezetz... Ez dute hain erraza izango ezetza justifikatzea»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Ekarpen horiei, «zintzotasunez eta seriotasunez» egindako proposamenarekin erantzuteko prest dago Jaurlaritza, betiere aurrekontuen inguruan akordioa egon dadin. Batera edo bestera, Pradalesek EH Bilduren gainean jarri du EAJren eta koalizio subiranistaren arteko mesfidantza gainditzeko ardura. «Erretorika» alde batera utzi eta «proposamen zehatzak» egiteko eskatu dio: «Esan beharrik ez dago: eraldaketa sakonak behar ditugu», EH Bilduk esaten duen moduan, «baina ekinbide zehatza ere bai». Horiek horrela, esan du 2025eko aurrekontuak «egunerokoari erantzuteko» direla, baina baita «etorkizunari begira» jartzeko ere.

Zerga erreforma

Zerga erreformaz ere aritu da Jaurlaritzako lehendakaria. Uste du «neurri oso positiboak» dituztela Jaurlaritza osatzen duten bazkide biek, EAJk eta PSE-EEk, egindako itunak eta horiei «ezetz esatea zaila» dela. Baina, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek oposizioko talderen baten babesa beharko dute zerga erreforma hori Batzar Nagusietan onartzeko, bietan ere gobernua gutxiengoan baitago. PPri esker lortu zituzten EAJk eta PSE-EEk foru gobernu horiek biak.

«Gazteei etxebizitza erosteko erraztasunei ezetz, trantsizio energetikorako pizgarriei ezetz, enpresen kenkariei ezetz, kontziliazioari ezetz... Ez dute hain erraza izango ezetza justifikatzea», erantsi du Pradalesek, bi lurraldeotan oposizioan dauden alderdiei erreparatuz.

EAJk eta PSEk, gobernuetan bazkide izan arren, ez daude hain gertu estatutu berriaren gaiari dagokionez, baina Pradalesek garrantzia kendu dio azken hilabeteotan PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak estatus berriaren inguruan ezarri duen ezezko gogorrari. «Badakigu nolakoa den Andueza, beti bilatu behar du kanpotik ezberdintasun puntu bat. Bide orria argi jasoa dago akordioan, eta hori da joko zelaia», gehitu du lehendakariak. Fase historiko honetan, nazio eraikuntzan aurrera egiteko «aukera» ikusten duela ere erantsi du, «hiru alderdien arteko oinarrizko adostasun bat lortzeko»; alegia, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren artekoa.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.